Galtza eta tirante gorriak atonduta, jaiak abiarazteko prest da Txantxiku
Urtebete armairuan ondo gordeta egon dira, soilik egun handian janztekoak direlako. Pozaren eta urduritasunaren artean dago Txantxiku, baina dagoeneko prest du guztia, baita galtza gorriak ere. Dotore jantziko da gaur, 20.00etan Oñatiko Unibertsitate plazara irten behar baitu San Migel jaiei ongietorria emateko. Iragarritakoaren arabera, gainera, eguraldia lagun izango da, udara luzatzen duten jaiez aitzakiarik gabe gozatzeko, beraz.
GARA | OÑATI
Ez da zori makala. Euskal Herriko hiri eta herri gehienetan uda -eta udako oporrak- aspaldi amaitu direnean, hilabete osoko «prorroga» dute oñatiarrek San Migel eta Errosaixoko jaiei esker. Iraileko asteburu guztietan izan da festa eta ospatzekoa Gipuzkoako herri «independentean». Eta gaurtik aurrera, bost egunetako -seikoa, Errosaixo bixamonaren bixamona kontuan hartzen badugu- zubi luzea.
Badira, bai, egun hauek herritik alde egiteko aprobetxatzea erabaki dutenak. Bidaiatzeko edozer aitzakia aurkitzen dute batzuek, baita krisialdi larrian egonda ere.
Eguneko hitzordu garrantzitsuenetako bat 20.00etakoa izango da, Txantxiku plazara aterako baita festei ongietorria ematera. Zeregin horretan eskarmentua izan arren, igel ospetsuari ezinezkoa zaio urduritasuna ekiditea, baina Gasteizeko Zeledoni, Bergarako Bitorianatxori edota Bilboko Marijaiari beste hainbeste gertatzen zaiela jakiteak lasaitu egiten du! Hain justu atzo atera zituen armairutik galtza gorriak, urtean zehar ondo baino hobeto gordeta daudenak. Baita tirante gorriak ere!
Horren aurretik, ordea, egun asko eta plan ugari daude. Hain zuzen, Mikel Biain alkateak esan duen moduan, «herritar bakoitzak jaiak bere erara gozatuko ditu: batzuek kultur ekitaldira joko dute, beste batzuk folklore zaleagoak izango dira, eta beste batzuek berriz, kirolekoekin gozatuko dute». Bere ustez, sanmigelak aukera aparta dira urtean zehar «pilaketan joan garen atsekabe, ardura, haserre eta abar alde batera uzteko».
«Bakoitzak bere erara»
Festak ofizialki eztanda egin aurretik ordea, umeek izango dute Azkona taldeko pailazoen eskutik «Sustrai bizi-biziak» izeneko ikuskizunarekin entretenitzeko aukera. Mari, Anbotoko dama, oso kezkaturik dago, izan ere Armonia garai batean nagusi zen lurralde haietan egun batetik bestera desagertu egin da. Bueltatuko al da? «Gure Sustrai Biziak gogoratuz lortuko dugu Armonia itzul dadin», diote pailazoek, baina horretarako umeek lagundu egin beharko diote Mariri. Nola jakin nahi duenak bertaratu egin beharko du... Ikuskizuna plazan izango da, eta euria egingo balu Santa Ana antzokira aldatuko lukete.
19.00etan triki-txaranga batek hartuko ditu herriko kaleak, eta musikaren doinuan jendea dantzan jarrita, Unibertsitateko plazarako bidea egingo dute elkarrekin. Txosnaguneko txupinaren ostean sabelak betetzen hasteko garaia izango denez, jarraian izango den pintxo jatea primeran etorriko zaio bati baino gehiagori.
Eta pintxoek ondoren egin beharko diren dantza saioei aurre egiteko balioko dute. 20.15ean, plazan bertan, DJON DJren txanda izango da eta 20.30ean txosnak dauden gunean «Zero Zabor» bertso saio musikatua egingo dute. Bitartean, danborrada nagusia aterako da, eta Oñatiko Musika Bandak lagundurik herriko kaleetan zehar ibiliko da, eta plazan egingo dute amaierako joaldia.
Garai batean jaien hasiera adierazten zuen danborrada nagusia amaitzean, gauerdian, euskal presoak oroituko dituen manifestazioa abiatuko da plazatik, «Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira eskubide guztien jabe. Gaixotasun larriak dituzten presoak etxera. Kondenak beteta dituzten presoak etxera» lelopean. Jarraian, The Sparteens Ipar Euskal Herriko taldea arituko da oholtza gainean kontzertuan.
Bista apur bat gehiago luzatuz San Migel eguna ikus daiteke, zehazki bihar ospatuko dena. Goiztiarren eta gozozaleena izango da festa egun handiaren lehen hitzordua, 07.00etan txokolatada egingo baitute txosnagunean. Gaupasa egin dutenentzat oheratu aurretik sabela goxatzeko aproposa, eta, jaiki berri direnentzat berriz, gosari paregabea.
Hortik aurrera, festetan murgildu nahi duen orok ez du lan makala izango egiteko, San Migel eguna bata bestearen atzetik doazen ekintzez josita datorrelako. 12.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara esaterako, Etxaluzen haur parkea zabalduko dute. Eguraldi txarra egingo balu, Zubikoa kiroldegian izango dira jolasak.
18.00etan «Anexiñua» herri antzerkia izango da plazan, antolatzaileek azaldu dutenez, «Oñatiko euskara dotorean taularatua».
Programa antolatuta, parte hartzea da falta den bakarra, hori baita ezinbesteko osagaia. Alkateak, hain zuzen ere, horretarako gonbita egin du, eta bide batez «emakume eta gizonen artean errespetuz jokatzea» eskatu du: «Bakoitzak gozatu dagiala bere erara eta batez ere giro onean. Jaiak herrikoiak izango badira parekideak izan behar dira-eta».
Dantza eta dantza aritu ostean egunsentira arte festan jarraitzeko indarrak aurkitzea batzuetan ez da lan makala izaten. Horregatik, Gaupasa Egunean helburua betetzen dutenekin argazki erraldoia egingo dute, bihar, 08.30ean, txosnagunean.
San Migel jaiak iraun bitartean, herriko plazako arkupeetan ikusgai egongo dira Ilunpetan taldekoek egindako argazkiak, zehazki, hilaren 28tik urriaren 3ra arte, «Oñati begi bistan» izeneko erakusketan.
Oñatin ez da musikarik faltako. Bihar, 22.00etatik aurrera, Reaccion 912, Ez!, The Kate's maniacs eta El trio calavera izango dira txosnetan. 23.00etan, berriz, Maniapercutoria taldeak argi eta perkusio ikuskizuna eskainiko du plazan.
Txosnak gune garrantzitsuenetako bat izaten dira festetan: biziak, jendetsuak, lagunez inguratuta gozatzeko.
Oñatin, sanmigeletan txosnagunea ekintzez josita egoten da, horren erakusle da, esaterako, gaur bertako iragarri duten «Gaupasa eguna». Izenagatik helburua zein den argi gelditzen da, beraz aldez aurretik indarrak hartzea ezinbestekoa izango da egunsentira arte behintzat ez etxeratzeko.
Gune honetan egingo diren triki-txaranga, Txantxikuren jaitsiera eta presoen aldeko manifestazioaz gain, 01.30ean hitzordu garrantzitsua izango dute gautxoriek Caipirinha Festan. Alde batera utzi beharko dira, beraz, kalimotxoa eta garagardoa bezalako edari «klasikoak».
Cachaça -Brasilgo alkoholdun edaria-, lima, azukrea eta izotza nahastuta egiten da edari freskagarri hau. Eztarriak ondo bustitakoan, ausartenek euren trebetasunak erakutsi ahal izango dituzte 02.30ean egingo den karaokean. GARA