Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Mural zaharra errepide bazterrean
Bukatzear den astean hamaika gauza gertatu dira gurean. Ezkerreko koalizio abertzale berriak bere lehen urratsak egin ditu; nazioarteko egiaztatzaileen taldeak bere burua aurkeztu du; gerorik antzematen ez zaion Geroa Bai ezagutu dugu; aro politiko berriaren mesedetan pauso berriak eman dira; eta Aintzane Ezenarrok hizketaldi gogoangarria egin du Legebiltzarrean. Notizia faltan ez gara egon. Eta, hala ere, aurreko asteko irudi bat burutik kendu ezinik nabil.
Ikusiko zenuten: Iñigo Urkullu, Forondako oholtzan, bere jendearen aurrean, berezkoa duen ahots urratu horrekin haserre plantak egiten. Plantak egiten diot, kilometro batera ikusten baitzitzaion antzezpena. Baten batek aholkatuko zion haserre itxura eman behar duela indarra adierazteko, eta horrela ibili zen, bere alderdiaren jai egun handian muturtuta.
Proiektuen iraungitzeaz edo halako zerbaitetaz ari zela iruditu zitzaidan, baina berak ematen zuen garaiz kanpo.
Duela zenbait urte, Arrankudiagatik Aretarako bidean, edo Aretatik Arrankudiagarako bueltan, errepide bazterrean, mural antzeko bat zegoen, nahiko zaharkitua ordurako. Txapela zeraman gazte bat agertzen zen, eta gazteleraz hauxe esaten zuen: «Yo, como mi aita, PNV». Ez dakit mural zaharrak hor jarraitzen duen, baina badakit maiatzeko hauteskundeetan Arrankudiagan Bilduk irabazi zuela, eta Pablo «lehendakaria» gogoan duen Laudion, ere bai.
Duela gutxi, asko estimatu eta aspaldi ikusi ez ditudan bi lagunen berri izan dut. Aurrelaria bata, atezaina bestea. Barricadaren abestiak taldean abestuta hobeto entzuten direla erakutsi zidan batek. Besteak, kafea hartzeko modu asko dagoela. Eta biek, konpromisoa ez dela hiztegiko hitz merke bat, bizitza aldrebestuko dizun tasuna baizik.
Biekin igarotako une goxoak gogoratzen egon naizelako, burutik kendu ezinik nabil Urkullu haserretuaren eta Forondako bere «ehun mila» alderdikideen irudia. Iruditzen baitzait haiek inoiz egin duten konpromiso erakustaldi handiena mural hura margotzea izan dela. Eta esango nuke bere aita bezala EAJkoa zen hormako gazte txapeldun horrek ez gaituela askatasunera eramango.
Niretzat, nire bi lagunak eta beraiek bezalako beste asko dira hona ekarri gaituzten benetako txapeldunak. Eta Forondakoa, berriz, bide bazterreko murala.