GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ekinozioan solstiziorik ez

Gurean gauzak aldatzen hasi dira, edo. Ez dakit ekinozioa ote den, baina aldatzen edo. Ez dakit ere kausalitatezko aldaketak diren ala kasualitatezkoak, baina hasi dira edo. Egun gutxitan dira errenkan gertatuak. Ertzainak gaztetxe batera sartu dira, eskuzabal, interesatuak, eurek ikastaroak eskaintzeko aukeraz galdezka eta teilatuan eguzki-pla- kak ipintzeko asmo onean, itxura batean. Berdezko txapelokerrek, bestalde, elkarretaratzeak deitu dituzte Bilduren udaletxeen aurreko plazetan, suminduak direlakoan, demokrazia atoan! pankartaren atzean. Adinekoen baserriak burtsan kotizatzen hasi dira; diru- dienez, kristoren burbuila dago, baserritar askok adina puztuta omen baitute mailegu-agirietan, eta, jakina!, horren ondorioz ezin letra txikerra irakurri. Athletic askoz hobeto ari da berdegunean Europako Ligan Espainiakoan baino; biak Ligak izanda, atera kontuak!

Halako batean Euskadiko lehendakari bihurtu zenak, non eta osoko bilkuran, zer eta merkatuaren tirania salatu du!. Ezin ukatu horrena kolpea izan denik!. Atzora arte behin eta berriz merkatuak lasaitu behar zirela, eta konfiantza eman, eta horra! gaur tiranoak!. Baina Jaungoikoak Getsemaniko ortu okupatuan, arto transgenikoz inguratua zela, esan zuenez, ez dezatela zure eskuko artaziek jakin zure burutik pasatzen ari dena; burukoak eskukoa bortxatu ez dezan, edo. Bai, osoko bilkura berean bota omen zuen konkordiarako bere plana; Concorde hura gogoan, lurrean bego! matxurek lurreratua. Eta dekalogo bat aurkeztu ere, hamar puntukoa, doinu ezezagun batean, baina betegarri asko eta poto gehiagorekin; eskola gutxi eta plaza bat ere ez, antza.

Bai, bertsozko bertsolariak bota zuenez mundua aldatzen hasi da. Jeltzaleek nazio eraikuntza izan dute hizpide Forondan; hori bai, meza nagusia eta gero, badaezpadan ere. Berriz ere Concorde gogoan!. Aldaketen zurrunbiloan hasi ezkero batek daki noraino ailegatzeko gai diren horiek!. Momentuz sigla jarri dute ezbaian, erdarazkoa. N batek joko asko eman dezake, are gehiago Nafarroan. Ondoren pentsatu beharko dute zergatik Hegoaldean V eta Iparraldean B, alderdi nazionala bada. Eta gero, baina orain bai denboraz, euskarazko siglari eutsi beharko liokete jelkideek, XXI mendean direnez gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo