GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Felix Iriarte 2011/9/30

Garai berriak?

Aukera ederra zuen atzo lehendakariak behingoz bere ikuspuntuak inolako hipotekarik gabe jendaurrean azaltzeko. Duela bi urte, bere agintaldiko lehen Politika Orokorreko eztabaidan, Basagoitiren galbahea gainditu behar zuen, egun batzuk lehenago gogoratu baitzion bera zela lehendakaria jarri eta kentzen zuena. Iaz, egoera are zailagoan zegoen Patxi Lopez. Zapatero zen bere amesgaiztoa. Alderdikidea baino gehiago etsaia ematen zuen Espainiako gobernuburuak. Osoko bilkuraren bezperan hainbat transferentzia hitzartu zituen EAJrekin. Ez du inoiz ahaztuko Lopezek. Atzo ez, atzo nahi zuena esateko aukera paregabea zuen.

(...) bakegintzan garai berriak antzematen ditu, Justiziari, Zuzenbidezko Estatuari eta demokraziari esker ETAk amore eman behar izan duelako eta, ondorioz, ezker abertzeak demokraziaren baitan jokatu behar duela onartu duelako. Eta hori geratuko da historiarako, proposatu duen kontakizunak onak eta txarrak, hiltzaileak eta hildakoak, garaileak eta garaituak bereiziko baititu.

Baina nago Lopezek ez duela asmatu. Gizarteak, herritarrek agintzen dute demokrazian, eta euskal gizarteak esan zion ETAri baietz eta gero ezetz, eta hor hasi zen gainbehera. Indarkeria politikoa, hemen eta edozein tokitan, erabili da helburu politikoak lehenbailehen lortzeko, demokraziari kasu egin gabe, bidezidorra balitz bezala. Baina helburu horiek lortzeko kaltegarri bihurtzen denean, gizartearen babesa galtzen denean, bereak egin du indarkeriak. Hori gertatu zaio ETAri. Bizi izan duguna ez da onen eta txarren arteko kontua izan. Eta ez delako izan, ETAk armak alde batera uztea erabaki duelako saritu du gizarteak ezker abertzalearen bakearen aldeko apustua. Ahaleginak egiten ari da Lopez sari hori ezker abertzalearen zakura joan ez dadin. Alferrik. Horretarako, presoen birgizarteratze planak edo Sorturen legeztatzea baino zerbait sinesgarriagoa aurkeztu beharko du. Hori bai litzatekeela garai berria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo