Pablo Giorgelliren «Las acacias» filmak irabazi du Biarritzeko jaialdia
«Las acacias», Pablo Giorgelli argentinarraren lehenbiziko film luzea, Ruben kamioi gidari bakartiaren bidaia berezi bat kontatzen duen pelikula, izan da garaile Latinoamerikako kulturei eta zinemari eskainitako Biarritzeko jaialdian. Epaimahaiaren sari berezia, aldiz, Alejandro Landesen «Porfirio»-k jaso du, Kolonbiako gerra zibileko istorio bat oinarri duen lanak. Porfirio Ramirez aktore kolonbiarrarentzat izan da gizonezko aktore onenaren saria ere.
GARA | BIARRITZ
Atzo bukatu zen Biarritzeko Latinoamerikako zinema eta kulturaren jaialdia, eta Pablo Giorgelliren lehendabiziko film luzea, «Las acacias», gailendu zen. Ez zen aurreneko saria, lan honekin Kritikaren Astean parte hartu eta opera prima onenaren Urrezko Kamera eskuratu zuelako aurtengo Canneseko zinema-jaialdian. Bukatu berri den Donostiako Zinemaldian ere irabazle izan zen Horizontes Latinos sailean.
Zuzendari argentinar honek «El último sueño» film laburra zuzendu zuen 1993an, eta gero «Moebius», «Solo por hoy» eta bertze pelikula batzuk muntatu zituen.
Ruben kamioi-gidari bakartiaren istorioa kontatzen du «Las acacias»-en. Rubenek egurra eraman ohi du Asuncionetik Buenos Airesera, baina egun batean bidaia desberdina biziko du, Asuncionetik hurbil dagoen geltoki batean Jacinta hartuko duelako bere zortzi hilabeteko Anahi alabarekin. Rubenentzat ez da hagitz ongi hasiko abentura; zenbat eta kilometro gehiago egin, Rubenen eta Jacintaren arteko harremana sendoagoa izanen da, ordea.
Bietako inork ez du sobera solas egiten bere biziaz. Bietako inork ez du sobera galdetzen. Edozein kasutan, horrek ez du erran nahi bidaia isila izanen denik. Eta komunikatzeko arazoak ez dira oztopo izanen pixkanaka elkarren berri jakiteko. Ailegatzeko momentuan, desio bera edukiko dute biek: bidaia ez bukatzea.
German de Silva, Hebe Duarte eta Nayra Calle Mamanik ematen diete bizia protagonistei Bilboko Armónika Entertainment-ek koproduzitutako film honetan. Gidoia egiten Pablo Giorgelli eta Salvador Roselli ibili dira eskuz esku eta Diego Poleri arduratu da argazkiaz.
Jaialdiko bigarren irabazlea «Porfirio» izan zela erran daiteke, Ricardo Darin buru zuen epaimahaiaren saria eskuratzeaz gain, Porfirio Ramirez Aldana aktoreak lortu baitzuen gizonezko aktore onenari ematen zaion saria.
Bere arruntean indartsuak
Alejandro Landes zuzendaria brasildarra da, baina ama kolonbiarra du eta herrialde honetan kokatzen da, hain zuzen, «Porfirio»ren istorioa. «Kolonbiako gerra zibilaren testuinguruan gertatu zen benetako istorio bat libreki moldatuz, gertaerak xeheki aztertzen saiatzen naiz eta nire kamera hurbiltzen, atzean ezkutatzen dena erakusteko: itxuraz atseginak eta garrantzirik gabekoak diren uneak, aldi berean tragikoak eta komikoak, bere arruntean indarra hartzen dutenak eta gure biziak astintzen dituztenak», zioen Alejandro Landesek bere lanari buruz elkarrizketa batean.
Amazonia bazterreko hiri urrun batean, Porfiriok bere sakelako telefonoko minutuak saltzen ditu. Ohera eta gurpildun aulkira mugatutako mundu batean, pixoihalak erabiltzera behartuta, hegan egin dezakeela amesten du.
Alejandro Landes Sao Paulon jaiotako zinegilea ezaguna da «Cocalero» dokumentalarengatik. Hamar herrialde baino gehiagotako zinema aretoetan estreinatutako dokumental hau egin aitzinetik, ekonomia ikasi zuen Brown University-n eta egunkari eta telebista baterako lan egin zuen Ameriketako Estatu Batuetan.
Paula Galinelli neskatxoa
Jaialdiaren 20. edizio honetako emakumezko aktore onenaren saria berezia izan zen, Paula Galinelli Hertzog haurrari eman baitzioten, Paula Markovitchek zuzendutako Mexikoko «El premio» filmeko protagonistari. Sari gehiago ere jaso izan ditu film honek, Berlinen eta Guadalajaran adibidez, eta kazetariekin izandako elkarrizketetako batean hala adierazi zuen Galinelli txikiak: «Film honekin fikzioa errealitatetik bereizten ikasi dut. Fikzioa ez dela errealitatea bezalakoa erakutsi didate».
Azkenik, Ikusleen Saria «Boleto al paraiso» kubatarrak jaso zuen, Gerardo Chijonaren lanak. Istorioa 1993ko Kuban girotua dago. Eunice aitaren sexu erasoetatik ihesean dabilen nerabea da. Alejandro, aldiz, botika batean lapurtzen duen gazte rockeroa, lagunekin Habanara doana. Bien bideak elkartu eginen dira.
Carla Valenciaren «Abuelos» izan da, epaimahaiaren ustez, dokumentalik onena. Tatiana Huezoren «El lugar más pequeño»k aipamen berezia jaso du, eta publikoari Nieves Prietoren «En tren de las moscas» gustatu zaio gehien.
«Coral», Ignacio Chanetoren pelikula argentinarra, aukeratu dute film laburrik onena, eta Juan Pablo Zaramellaren «Luminaris»-i aipamen berezia egin diote, Argentinakoa hau ere. Gainera, Mauricio Leiva Cocken «Café con leche» saritu dute.