GARA > Idatzia > Kultura

Antigoaleko harribitxiak, ahal duenarentzat eskuragai

Bilboko Alondegian artearen eta antigoaleko objektuen bigarren ArteBilbao azoka dago ikusgai datorren urriaren 9ra bitartean. Hogei galeristak euren altxor preziatuenak jarri dituzte «dirudun apetatsuenen» gozamenerako. Gazteen bildumagintza ere bultzatu nahi du aurtengo edizioak, artelanak ohi baino prezio baxuagoan eskainiz.
p056_f01_115x156.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Poltsikoan zulorik ez duenak badu non eta zer aukeratua Bilboko Alondegian atzo inauguratu zen bigarren ArteBilbao arte eta antzinako objektuen azokan. Estatu espainiarreko hogei galeristak -horien artean zortzi, euskaldunak- orain arte ondo gordeta zituzten harribitxiei hautsa kendu eta salgai jarri dituzte urriaren 9ra arte iraungo duen topaketa honetan.

Koadroak, bitxiak, animalia larruarekin egindako berokiak, poltsak, liburuak, panpinak... Denetarik aurki daiteke bertan. Badira gainera bi altxor, bisitarientzat ikusgai baino ez daudenak. Esteban Murilloren «Ama Birjina Jesus haurrarekin» koadroa da bata, familia bizkaitar baten jabetzakoa izaki, aurrez sekula erakutsi gabea. Bestea, berriz, Lucio Marineo Siculok 1539an idatzitako «De las cosas memorables de España» liburua da. «Gazteleraz idatzita dago, baina bertan ageri dira lehen aldiz inprimitutako euskarazko hitzak», azaldu zuen Luis Cortes azokako zuzendariak.

Iaz 9.000 bisitari inguru izan zirela esan zuen Cortesek, eta aurten kopuru hori gainditzea espero dutela. Bezeroak «dirudun apetatsuak» direla aitortu dute saltzaileek, zerbait berezia bilatzen dutenak. Gainera, aurten, esfortzu berezia egin dute gazteak bildumagintzara hurbiltzeko. Horretarako, txoko berezi bat jarri dute, 1.500 eurotik beherako piezekin.

Izan ere, prezio guztietako produktuak topatuko ditugu. Elsa Fassbenderrek, esaterako, orain debekatuta dauden animalia larruarekin egindako poltsak 30 euro ingurutik hasita ditu salgai. 70 eta 80ko hamarkadako berokiak ere baditu, vintage estilokoak, bisoi, suge, krokodilo, musker, ozelote edo swakara -jaio gabeko bildotsa- larruarekin eginak, 500 euro ingurukoak. «Zenbait arroparekin antigoalekoa dela egiaztatzen duen ziurtagiria eraman behar duzu, orain debekaturik baitago», azaldu zuen.

Denetariko artelanak

Valentin Kovatchev bulgariarra da eta Malagan bizi da. Iazko esperientzia ona errepikatzeko asmoz etorri da aurten ere Bilbora, eta bere pintura lanen artean, Guggenheimi buruzko hamasei bariazio egin ditu. «500 eurotan jarri ditugu, normalean tamaina honetako lanak 1.000 eurotik gora balio dute», esan zuen. Grabatuak ere ekarri ditu artista honek, Begoñako birjinarena horietako bat.

Bilboko Eurolibro dendak ere zenbait altxor jarri ditu salgai. Eberhard Schlotterrek 160 akuafortez jantzitako «Quixote» bat, horien artean, 15.000 eurotan salgai duena. Urduz idatzitako «Kamasutra» ere ikus daiteke. Agortuta dagoen «Divina Comedia»ren ale bat ere lortu du, Daliren ehun ilustrazio biltzen dituena, 6.000-7.000 eurotan.

«Azoka batek ez zaitu denda batek bezainbeste konprometitzen, bezeroarentzat errazagoa da ikusi eta galdetzea», azaldu zuen Jose Antonio Valladares dendako arduradunak. «Prezioak ere hobeak izan ohi dira horrelakoetan eta tratua ere egin daiteke».

XIX. mende bukaerako marfil eta koralez egindako figurak, garai bereko egongela errusiarra osatzen duten berde koloreko altzari ikusgarriak, Zumeta, Chillida, Matta, Arteta, Baroja eta Regoyosen margoak, bitxiak, txanponak, irrati eta musika aparailuak... Guztia ikusteko aukera dago egunotan 4 euroko sarreraren truke. «Hau ez da masa fenomeno bat. Honetarako sentsibilitatea duen jendearentzat da. Horregatik jartzen dugu sarrera», argitu zuen Cortesek.

Azoka dela-eta, hainbat ekintza antolatu dituzte datozen egunetarako. Datorren ostegunean, arratsaldeko zortzietan hasita, «Kovatchev, entre la pintura y el grabado» hitzaldia eskainiko du Alfonso Carlos Saiz Valdivielsok. Gainera, 25 minutuko «Valentín Kovatchev y el arte del grabado» ikus-entzunezkoa proiektatuko da egunero, 13.30ean eta 19.30ean.

BERTAKOAK

Zortzi dira euskal erakusketariak: Agurcho Iruretagoyena (Iruñea), De tiempos de antaño-Alfonso Marina Gonzalez (Bilbo), Distribuciones de Andrés (Bilbo), Doble Folio-Pedro Ugalde anticuario (Algorta), Eurolibro (Bilbo), Galería Anticuaria CGC (Bilbo), Galeria Glamart DKS (Gasteiz) eta Soto Joyas-Miguel Soto Valle (Bilbo).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo