GARA > Idatzia > Euskal Herria

EUSKAL HERRIA JAIETAN

Iruñerriko azken jaiei eman zieten hasiera atzo Atarrabian

Udazkenarekin batean iristen dira Atarrabiako jaiak, Iruñerriko azkenak. Atzo bota zuten txupinazoa, baina datorren larunbatera arte jai giroa izanen da nagusi azken txanpa gustuko duten guztientzat.

p023_f02_250x132.jpg

GARA | ATARRABIA

Apirilean Iruñerrian hasi zen jai zikloa amaitzear dago, baina oraindik badute non gozatu eskualde honetako bestazaleek. Udazkena bada ere, festa giroak ez du etenik eta, azken txanpan izanda, askok ez dute parranda makala egingo Atarrabian.

Atzo, eguerdian puntu-puntuan bota zuten suziria udaletxetik, azpian ehunka atarrabiar eta bisitari festen hasieraren zain zeudelarik. Caritas elkarte katolikoko ordezkariak hartu zuten atzo suziria pizteko ardura. Hala erabaki zuten herriko talde eta elkarteek. Bildu, NaBai eta NEBk sinaturiko oharrak azaltzen zuenez, modu honetan «lehentasuna eman nahi diogu herriari eta ez politikari».

Alabaina, Bilduk gobernaturiko Nafarroako beste herri batzuetan bezala, Leitza edo Altsasu kasu, urte osoan komunikabideek tarte eskasa eskaintzen dieten herriak izanik ere, festen hasierek horien arreta pizten dute, bazterrak nahastea helburu. Atzo ere horrela gertatu zen, txupinazoa jaurti eta gutxira berri agentziek Atarrabian presoen aldeko ikurrak erakutsi zituztela zabaldu baitzuten. Udako komeriak udazkenera ere hedatu dira, hortaz.

Ikurrinaren inguruan izan zen aipatzekorik atzo Atarrabian. Herri honetan 1977an egin zuten galdeketa batean ikurrina udaletxean paratzea erabaki zuten herritarrek. Halere, Nafarroako Gobernuak Euskal Herriko ikurraren aurka darabilen oldarra dela-eta, ikurrina jartzeak isuna ekar liezaioke Udalari.

Gauzak horrela, jaiek irauten duten bitartean udaletxean inolako banderarik ez ipintzea erabaki dute. Modu honetan, Atarrabiako herritarrek hartutako erabakiaren aurkako trikimailu politikoak eta erabaki judizialak deitoratu nahi dituzte.

Oztopoak oztopo, atzoko berri nagusia Atarrabian besta lehertu zela da, eta horrela jarraituko du hilaren 8a arte, heldu den larunbata arte.

Lerro hauek paperean agertzerako asko eta asko izanen dira larunbateko gaupasa luzatzeko saiakeretan. Kontuz ibili beharko dute dianekin ez topatzeko, 9.00etan abiatuko baitira herriko karriketan zehar Pilategiko Dultzaineroekin batera. Are eta kontu handiagorekin ibiliko beharko dute prozesioarekin bat ez egiteko. Arrosarioko Andra Mariren omenez egiten dute eta erraldoien eta kilikien konpartsak, San Andres abesbatzak, gaitariak eta Burlatako bandak lagundurik ibiliko dira.

Emakumeak, asteazkenean

Emakumearen eguna egunero bada ere, asteazkena berezia izanen da Atarrabiako emakumeentzat. Atarrabiako Feministak taldeak jakitera eman zuenez, ekitaldi ugari antolatu dituzte egun horretarako; besteak beste, 20.30ean batukada izanen da eta horren ondoren popurri artistiko feminista txosnetan.

Heldu den larunbaterako ere ekitaldi bereziak prestatu dituzte, «Emakumeoak plazara» kasu. Txosnetan egingo den herri bazkariarekin hasiko dira eta 17.00ak aldera kalejira kulturalari ekinen diote. Ekimen horretan parte hartzeko mozorroa ez ahazteko abisua eman dute.

Eraso sexisten aurkako protokoloa ere jarri dute martxan Udalarekin, Irati elkartearekin eta jai batzordearekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo