GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga | Filosofian lizentziatua

Pazifismo biolentoa

Azkenaldian, diskurtso pazifista jakin bat nagusitzen ari da Euskal Herrian, pazifista delako mozorropean, barrutik forma absolutista eta eduki katoliko-apostolikoa duena. Pazifismo hori biolentoa da, bere morala nahi duelako besteoi inposatu. Esaten du derrigorrezkoa dela gaur egun, Euskal Herrian, normalizazio politikoak aurrera egin dezan, guztiok absolutuki onartu behar dugula ezerk ez duela biolentziaren erabilpena justifikatzen, giza duintasuna guztiaren gainetik dagoen printzipioa delako. Zentzu horretan, moral absolutu bat predikatzen du, oinarrian giza duintasun abstraktu bat eta giza eskubideen irakurketa absolutista bat daramana. Hori guztia ordena moral eta politikoaren gaineko miresmen itsu batekin nahasten da.

Leninek ondo azpimarratzen zuen, pazifismo bakarra baino, pazifismo mota asko dagoela, eta bata bestearengatik ongi bereizi behar direla. Gerrari eta bakeari buruzko «Pazifismo burgesa eta pazifismo sozialista» idatzian, adibidez, frantziar pazifismoa chauvinista hutsa zela salatzen zuen, eta pazifismo burgesa pazifismo sozialistatik bereizten zuen. Hortaz, pazifismo burgesa dagoen bezala, kontuan hartu behar da pazifismo inperialista dagoela (Libiara goaz bakea ezartzera...), baita pazifismo iraultzailea ere (desobedientzia zibila praktikatzen duena, Ghandi esaterako). Marxismoaren kritikatzat har daiteke, halaber, injustiziaren gaineko kritika egin gabe pazifismoa predikatzen bada, boterearen diskurtso legitimatzaile bihurtzen dela. Horregatik, Desmond Tutu hegoafrikar apezpiku anglikanoak berak jada ohartarazten zigunez, «neutrala baldin bazara injustizia egoeretan, dagoeneko aukeratu duzu zapaltzailearen aldea».

Gure herriko pazifismo biolentoak, berradiskidetzea baino, garaipen morala eskuratu nahi duela dirudi. Nola? Biblian, Moises Jainkoaren manamendu berrien taularekin Sinai menditik herrira jaitsi zen bezala, Jonan Fernandez Baketik-eko bozeramailea Arantzazutik jaitsi zaigu, pazifismoaren taula sakratu berriarekin. Hau da ebanjelioa: «Todo lo que pasó, la violencia y la vulneración de derechos humanos, fue posible porque en el razonamiento de algunas personas y grupos se impuso el valor de su causa, objetivo y visión particular, al valor de la dignidad humana. Para el futuro hay que aprender que ninguna causa, objetivo, razón de Estado o defensa de un derecho, nada de nada, está por encima de la dignidad humana». Zaila izango da, diskurtso metafisiko eta katolikoagorik aurkitzea hain lerro gutxitan.

Izan ere, zertan datza giza duintasunaren balio absolutua, inongo Estatuk eta Nazio Batuk eman ezin didana? Fedean oinarritzen da. Baina politikoki, giza duintasuna estatuen kudeaketapean geratu da, eta kudeaketa horren bermea, Nazio Batuen erakundean, zeina aipatu estatuez osatuta dagoen. Sugeak buztana jaten du, hortaz. Dena den, zerbaiten alde biolentzia erabiltzea giza duintasuna zanpatzea dela, sinplekeria galanta izateaz gain, gezur biribila ere bada, historia guztiaren kontrako printzipio metafisiko bat. Izan ere, giza duintasuna zerbaitetan oinarritu badaiteke, gizabanakoek eta kolektiboek duten askatasun eta eskubideen mailan izango da, ez abstrakzio batean. Hain zuzen, giza duintasun konkretu horren alde erabili izan dute biolentzia kolektibo zapalduek historian (beltzek, esklaboek, euskaldunek...); hau da, giza duintasunaren alde erabili dute herriek biolentzia, eskubideak zanpatzen zituzten estatuen kontra. Problema da, hortaz, pazifismo horrek eskubide edo askatasun konkretuei lotua baino, duintasuna modu abstraktu batean ulertzen duela.

Zein da doktrina horren oinarri filosofikoa? Justifikatu gabeko puntu bat (giza duintasun abstraktua) printzipio goren bezala jartzen duenez, oinarri dogmatikoa dauka. Giza duintasuna printzipiotzat hartuz gero, ezinbestean eratortzen den doktrina bezala planteatzen digute pazifismoa. Problema da, hain zuzen, biolentzia erabiltzen duen herri batek ere, oinarritzat giza duintasuna daukala. Izan ere, printzipio berdinetik ondorio eta jardun desberdinetara hel daiteke, eta ez horregatik ondorio bat bestea baino legitimoagoa edo moralki zuzenagoa izan. Pazifismo hori, aldiz, berea doktrina posible bakartzat ulertzen duenez, absolutista eta biolento bihurtzen da, moraltasun tipo diferenteak ez baititu onartzen. Halaber, ordena moral koadratuaz eta gizarte perfektuaz amesten du, ahaztuz gizakiak animalia bat izateari inoiz ez diola utzi.

Belarrira goxo heltzen diren esloganetan oinarrituta dago: «amodioa egin eta ez gerra»; «biolentziak biolentzia besterik ez dakar»; «ezerk ez du biolentzia justifikatzen»... eguneroko errealitatetik aldenduak dauden esaldi horien inguruan eraikitzen da hizpide dudan pazifismoa. Espainiako gerra zibilean George Orwell pazifista POUM alderdi troskistarekin miliziano gisa ibili zen, 1936-37an, eta urte batzuk geroago, Espainiako gerra zibilaz idaztean ederki kritikatzen zuen: «Nos hemos vuelto demasiado civilizados para ver lo evidente. Porque la verdad es muy sencilla: para sobrevivir, a menudo hay que luchar; y para luchar, hay que mancharse las manos. La guerra es mala y es, con frecuencia, el mal menor. Los que tomen la espada, perecerán por la espada; y los que no la tomen, perecerán de enfermedades malolientes. El hecho de que valga la pena recordar aquí este lugar común revela lo que han producido en nosotros estos años de capitalismo de rentistas». (George Orwell. «Recuerdos de la guerra civil española». II. kapitulua).

Edozein modutan, zer bilatzen du diskurtso pazifista horrek? Garaipen morala nahi du, eta, hortaz, gerra. Espainiar diskurtsoaren pazifismo instituzionalaren gerra diskurtsoarekin bat egiten du: errua, barkamena, damua... teologia laikoa. Noski, barkamena eskatzeko erruduna behar. Nor da erruduna? Jonan Fernandezek ez du erreparorik izan erruduntzat ezker abertzalearen ideologia eta praxia jotzeko. Fernandezen posizio pazifista argi dago zein den, espainiar inperioaren eskemak inplizituki onartzen baititu.

Azkenaldian entzun izan dugu bakea irabazteko pentsamendu baketsua behar dela. Hori oso ondo dago. Baina Kukutzan zer egin behar zuten, beste masaila ipini eta eserita itxaron atxilotu eta jipoitu arte? Zer egin behar du saharar herriak, kanpamenduetan eserita jarraitu eta pazifismoa predikatu? Eta Palestinak? Diskurtso pazifista horrek ez du inongo eskubiderik instantzia metafisiko batetik (bortxa oro gaizki dago) abiatuta, testuinguru guztietan eta edonoiz dogma hori besteoi posible, baliagarri eta zuzenki moral bakartzat inposatzeko. Zeren izenean? Bakea irabazteko onartu behar dena da, biolentzia, beste aterabiderik ezean, historian zehar herri eta kolektibo askoren bide bakarra izan dela, eta etorkizunerako ezkerrak ezin diola inoiz tresna horri muzin egin. Bide pazifikoak guztiz errespetagarriak diren bezala, beste hautu batzuk ere errespetatzen jakin behar da.

Hortaz, instantzia metafisiko batetik biolentzia deslegitimatu baino, badirudi bakea posible izateko baldintza kultural, sozial eta politikoen alde egitea izan beharko litzatekeela bakezalearen beharra. Izan ere: ba al daude baldintza politikoak gure herrian bakea lortzeko, gazteak inpunitate osoz torturatu, bortxatu eta nahi izan dieten guztia egin, eta oraindik hori onartu ere egiten ez duen estatu batean? Hobe luke pazifista sutsu horrek, ezker abertzaleak egin omen duen biolentziaren justifikazio horri begiratu baino, 50 urtez (eta gehiagoz) herri honek sufritu duen estatu terrorismo ezkutu eta onartu gabeko horri erreparatuko balio, horrela, ziur aski, guztiontzako bakea hurbilago egongo litzateke eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo