«Babesik beroena» eskaini diete auzipetuta dauden hamabost gazte donostiarri
Berrehun lagun inguru batu ziren atzo Donostiako Trinitate plazan, «Segiko kide izatea» leporatuta auzipetuta dauden hiriko hamabost gazteri eta euren senide eta lagunei «besarkadarik handiena» eskaintzeko.
Ana ABARIZKETA | DONOSTIA
Berrehun bat herritar, senide eta lagunak tarteko, batu ziren atzo eguerdian, Donostiako Trinitate plazan, hiriko hamabost gazteri «babesik beroena» eskaintzeko; izan ere, Madrileko Auzitegi Nazionalak ezarri zien sei urteko espetxe zigorraren gaineko erabakia emango du aurki Auzitegi Gorenak. «Segiko kide izatea» egotzita zigortu zituzten, eta Gorenak epai hori berresten badu, berriro espetxera eraman ditzaketela ohartarazi zuten gazte horien senide eta lagunek.
Auzitegi Nazional espainolak «herri honen alde lan politiko eta soziala egiteagatik» eta «herri honekin konprometitutako gazteak izateagatik» zigortu zituela salatu zuten, «zigor politikoa» dela nabarmendu zuten. Atzo gogora ekarri zutenez, gazteak atxilotu, inkomunikatu eta torturatu egin zituzten, eta jarraian kartzelara sartu. Urte eta erdi eta bi urteko espetxealdia igaro ondoren baldintzapean aske atera ziren, baina horretarako «izugarrizko fidantzak» ordaindu behar izan zituzten.
«Oztopo bat gehiago»
Euskal Herria une honetan dagoen egoeran, halako «zigor politikoak» aurrera eramatea «ulergaitza» zaiela adierazi zuten. «Epaiketak, sententziak, demokraziaren oinarrizko arau eta eskakizunen aurkako eraso larriak» direla esan zuten, «oztopo bat gehiago» dela.
Gogorarazi zutenez, hamabost gazte hauez gain, Donostian hogei lagunetik gora daude epai baten zain. Aste honetan bertan, Mikel Vargas gaztea bi urterako kartzelatu dutela salatu zuten, «polizia muntaia baten ondorioz».
Plazan batutako jendetza «herri baten adierazpen handia» dela iritzi zioten. Lagun, senide, ikaskide, bizilagun eta lankide batek pairatzen duen «errepresio zentzugabea» onartzen ez duen herriarena.