GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Otegi, Jabi Estebanez, Arritxu Iribar, Edu Lorza (*) EITBko LABeko ordezkariak

EITB, ezintasuna eta utzikeria, estrategia... ala denak nahastuta?

Azken helburua ez ote da EITB minimotan utzi, bakarrik kudeatzailez osaturik, gainerako lan guztiak azpikontratatuz?

Ostegunean, Gasteizko Parlamentuan, Kultura (?) sailburuak EITBko zuzendari nagusiak lagunduta bi datu oso esanguratsu plazaratu zituen, biak EITBren apustu estrategikoarekin lotura zutenak. Lehenak Jaurlaritzari EITBk dion axolaren neurria zehaztu egin zuen: iaz baino %8,4 gutxiago. Bigarrena, berriz, programa kontratu berririk ez duela egingo, hain zuzen ere, komunikabide publikoari eta sektoreari hiruzpalau urterako egonkortasuna bermatu zezakeena.

Beste atal batean ere, plantillaren murrizketarako asmoa berretsi zuen, 140 inguru aurre-erretiroen bitartez.

Aspalditxo genuen kezka izugarri puztu du albisteak, eta tamainako erantzuna eta jarrera eskatuko digu (bertan) urte mordoa lanean dihardugun langileoi, euskal komunikabide publikoa defendatzen jarraitzeko. Halere, eta gai hau eta errotzen ari diren beste asko behar diren foroetan aztertu aurretik (sail sindikalak, batzarrak, langile batzordeak...), dagoeneko hiru gogoeta luzatu nahi ditu EITBko LABek:

Mugimendu hauek inprobisazioa edota ezintasunaren ondorio dira? Beste era batera galdetuta, programa kontratua edukita ere, zuzendaritza hau gai izango ote zen aurrera eramateko, diru kontuak aparte utzita? Bestela, aurretik diseinatutako estrategia bati erantzuten al diote? Hau da, azken helburua ez ote da EITB minimotan utzi, bakarrik kudeatzaileez osaturik, gainerako lan guztiak azpikontratatuz? Mugimendu inprobisatuak zein estrategikoak izanda ere, EITBren egoerari erantzuten al diote soilik, ala zerbitzu publiko guztiei egiten zaien eraso baten barruan kokatzen al dira hauek ere? Hau da, krisialdiaren aitzakia erabiltzen da administrazio publiko guztiak husteko eta kudeaketa pribatua bultzatzeko?

Galderak ez dira inozenteak, eta, akaso, ez dute erantzun bakarra izango. Izan ere, ez dakigu nork duen lema, ez EITBn, ez Jaurlaritzan ezta Estatuko Gobernuan ere, inprobisazioaz edo estrategiaz hitz egiten ari garen jakiteko. (Horietako edozein eszena, halere, ukatzeko modukoa).

Amaitzeko, beste galdera bat bota genezake, hau da, hainbeste kostatu zaigun plantilla estrukturala zehaztea eta defendatzea, besterik gabe husten utzi behar al diegu? Zuzendaritzak proposamena «kontsentsuatu» nahi duela esan omen du, eta hain zuzen ere, pasa den astean, aspaldi adostuta zegoen ETBko lan poltsa ez sinatzeko nahiko kontsentsurik ez zegoen (sindikatuen %93 «soilik») aitzakia jarri zuen. Hala bada, plantilla husteko ere ez du kontsentsurik edukiko, LABek ez baitu onartuko.

(*) Artikulua sinatzen dute baita honakoek ere: Andoni Basabe, Rafa Ramos, Joxe Mari Apaolaza, Segis Gonzalez, Juantxo Arozena, Joxe Mari Isasti, Jasone Agirre, Urko Artano, Rafa Noya, Txema Ibarburu, Luis Mari Alonso eta Iñaki Otegi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo