GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ekonomiaren eguraldia

Ez dakit zertan geratuko diren aurrerantzean ETBko informazio-zerbitzuen emanaldiak, behin artaziak sartzen hasi eta gero. Ekonomiaren artaziez nago, ideologiarenak aspaldi sartuak baitituzte, hain sartuak non goizero zorroztu behar duten aurreko gauean kamustua. Emanaldiok murriztuta ere, esperokoa da eguraldi-tartea sikiera mantentzea, kirolen ostean beti ere, noski! Gutxienez, iragarpenak iragarpen, tsunami politikoren bat ez badator. Tira, harira. Aurreikuspenak dira tarte horietan zabaltzen dena, modelo klimatikoek datozen egunetarako gure inguruetan aurreikusi egiten duten eguraldi hori. Eta aitortu behar da, salbuespenak salbuespen, aurrez ikusia etorri ohi dela, epe motzekoa behinik behin. Hortaz, ez dakidana da zeinek egiten dituen publikotik ekonomiaren aurreikuspenak; ez dit ardura Greziarako izan edota gure Foru Diputazioetarako izan. Haxe bai kolpea! eguraldian zaila da aste batzuetarako aurreikuspenetan asmatzea, baina ekonomialdian ezinezkoa da biharamuneko burtsetakora hurbiltzea ere; atera kontuak hurrengo urteko hemengo zerga-bilketara edota bost urte barruko periferiako arrisku-primara! Ama, ama! Gero esan egiten digute ekonomia adituen menpe behar dela, bai zera! Adituak dira ekonomia oraingo portura ekarri dutenak! Igerian jakin gabe ekarri ere! Profesionalak omen dira adituok, Lakuako Barne-soilburuaren tropak gaztetxeak husten bezain profesionalak edo.

Eguraldi kontuan modelo dinamikoak erabiltzen dituzte, sarrera modura atmosferako datuak sartu eta irteera modura iragarpenak atereaz; hortaz, klima lurraren gaineko goiko zeru horretatik ezarria datorkigu, berez, momentuz behintzat. Oso bestelakoak dira ekonomia kontuan erabiltzen dituzten modelo estatikoak, ekonomiaren kontuetan batez ere. Lehendabizi, irteerako iragarpenak sartzen dituzte modeloan, horrela eginda, modeloak zer neurri publiko sartu behar diren atera dezan. Ekonomia ere goitik dator ezarrita, lurrean zementatua den halako etxe-orratz altu bateko goiko solairuren batetik etorri ere; oso goitik, oso urrutitik. Eguraldian aurreikuspenak erabiltzen dira; ekonomian atzeikuspenak. Hortaz, gobernuenak ez dira aurrekontuak, atzekontuak baino. Ekonomian arazoa ez da modeloa, eredua baizik. Eredua da aldatu behar dena, adituak eta guzti aldatu ere, ekonomian bestelako klima iragarri eta gozatu dezagun, lurrean bezala zeruan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo