GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lapurtutako haurren auziak ikertzea merezi du

Gauza jakina da hainbat hamarkadatan zehar, Estatu espainolean bezala Hego Euskal Herrian ere, ehunka haur beren gurasoei lapurtu eta beste batzuei eman zizkietela zenbait mediku, erizain, moja eta emaginek. Umeak hilik zeudela esan zieten orduan beren aita eta amei, eta egia orain arte ezkutuan gorde dute jukutria horren arduradunek. Uler daitekeen moduan, esperientzia horrek erabat markatu du lagun askoren bizitza, eta kasu askotan itzulezinezko ondorioak izan ditu. Horregatik, ulertzekoa da kaltetuak biltzen dituzten antolakundeek Gasteizko Legebiltzarrari auzi hau ikertzeko batzordea sor dezala eskatzea, egia jakitea zor zaien gutxienekoa delako. Izan ere, Gasteizko ganberan atzo beldurrezkoak ematen zuten testigantzak entzun ziren, eta agian ikara handiena eragiten duena ez zirela kasu bakanak izan jakitea da, baizik eta aberastea bilatzen zuen azpikeria antolatua.

Ez litzateke ulergarria izango, Parlamentuak honen gainean erabakitzeko eskuduntzarik ez duela argudiatuta, ikerketa batzordeari ezetz esatea, asko sufritu duten gizon eta emakume askoren auzia baita hau; hain zuzen, ordezkari publikoen aldetik erantzuna eskatzen duen auzia. Erabakia aste gutxiren buruan hartu beharko du Legebiltzarrak, eta egiaren mesedetan, eta kaltetuek behar dutelako, erabakiak batzordearen aldekoa izan beharko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo