GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Denboraren luze motzak

Kapritxosoa da denbora, kapritxoso egiten dugu, luze-labur eta azkar mantsoan. Distantzia berean itzuli bat azkar eta beste bat mantso korri egiteko eskatu zigun orain gutxi kiroldegiko monitoreak. Nire begie- tara azkar osatu beharrekoa zen luze; mantsoa, berriz, motz. Bat noiz bukatuko, bestea denboran luza zedin zain. Denbora neurtzeko tramankuluez inguratuta egonda ere, egiten dugun edo gertatzen zaigun horrek ematen dio gehienetan luze laburra.

Moda-modako erlojuak zenbaiten eskumuturretan, mugikorrak bilakatu dira gehienontzat denboraren azkar mantsoari buru pixka bat jartzeko bitartekoak. Baina horiek ere kapritsoso. Segundo bakarrean gelditu nahiko genituzke batzuetan; gurpilari eragin eta eragin eta segundoen joan-etorria azkartu besteetan. Segundoak minutu eta minutuak segundo bilakatzen diren momentuetan erreparatu dut. Itolarriak jota gaudenean denboraren geldoak eragiten duen itolarrian, edo denboraren azkarrak irristakor egiten dituen momentuetan. Atzera begiratu eta batzuez eta besteez akordatzen gara. Hain luze ziruditen batzuk ez ziren hain luzeak izan; une motz askok arrasto luzea utzi zuten. Denborak zentzua galtzen duen lekuak ere etorri zaizkit burura. Zenbaitetan mugak hain urruti jarriak daude eta hain dira mugikorrak, non pentsatzen jartze hutsak geldiarazten baitu denbora; kasu horietan segundoen irristakortasunean baino ezin dela burua jarri uste dut; baina hori egitea hain da zaila batzuetan.

Makina bat alditan entzuna dut zahartzea baino gauza okerragorik ez dela; apurka-apurka bagoaz aurrera, baina horretan jarri gabea dut burua oraindik ere. Hala ere, zahartzea, denborak aurpegi-gorputzetan arrastoak uzten dituela ikustea edota behin betiko muga gertutasunarekin sumatzea baino, ikusleen gisara norberaren denbora aurretik nola igaro den begira aritu izanaren sentsazioa dela okerragoa entzun nion bati. Hori eta denbora igarotzen ez zela zirudien une latzetan burua katramilatzea denbora joanda ere. Aukeran irristakorrak diruditen une txiki baina polit horietan gelditzea zela hobe zioen, horrela baino ez baita une horiek denboran luzatzea lortzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo