Na Hong-jin-en thrillerra eta krisiari buruzko «Trabalhar cansa» txalotu dituzte Sitgesen
Sitgeseko zinema jaialdiko publikoak txaloka hartu zituen atzo Marco Dutra eta Juliana Rojas brasildarren lehenbiziko film luzea, «Trabalhar cansa», eta Na Hong-jin korearraren «The Yellow Sea» ikusgarria.
GARA | SITGES
Ikusleak kontent ziren atzo Sitgesen; bi pelikula behintzat -«Trabalhar cansa» eta «The Yellow Sea»- gogoz txalotu zituzten. Lehenbizikoa Marco Dutra eta Juliana Rojas brasildarren lehenbiziko film luzea da eta umorez hornitua bada ere, krisia eta beldurra ditu ardatz.
Jarraitzaile eta kazetariekin izandako elkarrizketa batean, Dutrak gogora ekarri zuen Rojasek eta biek elkarrekin ikasi zutela Sao Pauloko Zinema Unibertsitatean. 2004an, graduatu zirenean, filmaren sinopsia sortzen hasi ziren. Lan merkatuan sartzeko alaba txikiarentzat zaintzaile bat bilatu behar duen etxekoandre baten egoera da filmaren abiapuntua. Haritik tiraka hasi eta Helenaren istorioa eraiki zuten. Honek janari denda bat irekitzeko ametsa betetzen du, justu senarra, exekutiboa, lanik gabe gelditzen den unean.
«Planteamendua hagitz erraza zen, baina garatzen gindoazen heinean ezinezko ikusten genuen elementu beldurgarririk ez sartzea, gaur egun lan merkatua eta lanpostu bat topatzeko aukerak nola dauden ikusita», adierazi zuen zuzendariak. Gaineratu zuenez, Brasilen hiru ikuspuntutatik ulertu du jendeak filma: gizarte ikuspegitik, izuarenetik eta komediarenetik. Izan ere, pertsonaia batzuek solas egiteko duten moduak irri algara handiak eragin ditu aretoetan eta anitz identifikatuta sentitu dira.
Ekintza eta karga soziala
Na Hong-jin zuzendari korearra ekintzaz eta karga sozialez betetako thriller batekin itzuli da Sitgeseko lehiara. «The Yellow Sea» eszena ikusgarriko filmak Gu-nam taxilariaren istorioa kontatzen du. Koreakoa da, baina Txinara emigratu behar izan du. Zorrez lepo, hilabete batzuetatik hona ez daki ezer emazteari buruz eta trantze gogorrean dago, Seulen gizon bat hiltzeko enkargua onartu ala ez.
Orain dela hiru urte «The Chaser» lanarekin arrakasta itzela lortu zuen zinegileak azaldu zuenez, «The Yellow Sea» hagitz txikia zen hasieran eta bere emozioetatik abiatu zen; denbora gutxira, ordea, ikerketa handi bat hasi zuen txinatar-korear deitutakoak nola bizi ziren eta zer sentitzen zuten jakiteko.
Ikusi zuenez, gero eta gehiago diren arren, dituzten arazo sozialak ez dira komunikabideetan agertzen, zerbait berezia gertatzen ez baldin bada behintzat. Jende anitzi aditzen saiatu zen pelikula grabatzeko, eta bizimodu hagitz berezia zutela ohartu zen. Agertu zuenez, gehienek diru bila zeharkatzen dute muga.
«Trabalhar cansa» eta «The Yellow Sea» lanek kritika hagitz onak jaso zituzten Canneseko jaialdian ere. Azken hau hogei bat herrialdetan erakutsiko dute aurki.