GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Leteren eta Lurdes Iriondoren omenez kantatuko dute, ezkondu ziren egun berean

p043_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Apiriletik dabiltza artista ugari Xabier Leteren oroimenez Euskal Herri osoan barna kontzertuak ematen, baina gaur gaueko hitzordua berezia izanen da, Oiartzungo poetarekin batera Lurdes Iriondo ere omenduko dutelako, non eta bere herrian, Urnietan, eta ezkondu ziren egun berean. 22.00etan hasiko da emanaldia kiroldegian eta oraindik sarrerak gelditzen dira joan nahi dutenentzat.

Antolaketa lanetan ari den Joxe Anjel Arbelaitz Leteren lagunak eta managerrak jende guztia animatzen du: «Ziur oso pozik ikusiko dutela denek lehengo eta oraingo kantarien nahasketa hau eta askok ezustea hartuko dutela Leteren kantu bat, adibidez, gitarra elektrikoarekin entzutean». Sarrerak kiroldegian bertan eros daitezke kontzertuaren aitzinetik, baita Kutxaneten eta hainbat herritako denda eta ostatuetan ere: Oiartzunen, Errenterian, Donostiako Hontza liburu-dendan...

Hiru kantu berri

Pier Paul Berzaitz, Arantxa Irazusta, Antton Valverde, Petti, Amets Arzallus eta Eñaut Elorrieta arituko dira, bertzeak bertze, kantuan. Ken Zazpiko abeslariak hiru kantu estreinatuko ditu, gainera, «Ni naiz», «Izarren hautsa» eta «Nik ez dut amets handirik». Azaldu digunez, Oiartzungo artistaren bertsio originaletatik tira egin eta euren lurraldera ekartzen saiatu dira Beñat gitarra-jotzailea eta biak.

Hurrengo kontzertua urriaren 29an eginen dute Donibane Garazin; abenduaren 2an Gasteizko Principalen izanen dira eta 4an, Xabier Lete hil zen egun berean, Donostiako Kursaalen eginen dute omenaldi berezi bat. Heldu den urtean ere segituko dute hain maitea den poeta honen kantagintza gaurko abeslarien ahotik zabaltzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo