GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lau eta erdiko txapelketa

Kartez osatutako gaztelu bat izango balira bezala erortzen hasi dira atzelariak

Imanol CARRILLO

Esku pilotaren jarraitzaile guztien artean jakina da lau eta erdikoa aurrelarientzat txapelketarik aproposena dela. Hala ere, horrek ez du esan nahi azken urte hauetan atzelariek protagonismoa galdu dutenik. Lehen eta bigarren mailei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu, besteak beste, Barriola, Patxi Ruiz eta Merino II.a pilotariek maila ederra eman dutela txapelketan.

Aurtengo edizioan, aldiz, kartez osatutako gaztelu baten gisan, atzelarien presentzia pixkanaka jausten joan da. Hala, Lehen Mailan Patxi Ruiz torneotik kanpo geratu zen iragan asteburuan. Beraz, Abel Barriola besterik ez da geratzen atzelarien arteko lehian. Gainera, Leitzakoak ez du oraindik partidarik jokatu aurtengo edizioan.

Bigarren Mailan gauzak argiago ikus daitezke. Hasieran zazpi atzelari ziren Lau eta Erdiko Txapelketan eta egun bi besterik ez dira geratzen: Argote eta Albisu. Lehenengoak beste atzelari bat, Untoria, kanporatu zuen larunbatean, eta Albisuk ez du oraindik partidarik jokatu. Hilaren 23ko asteburuan hasiko du txapelketa, final-laurdenetan, Apezetxea edo Gorkaren aurka (bi hauek igandean neurtuko dituzte indarrak Eibarren).

Gauzak horrela, Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketan horrela daude kontuak: Argote eta Tainta elkarren aurka arituko dira larunbatean, Iruñeko Labriten, final-laurdenetarako txartela lortzeko. Kanporaketa horretan daude jada Rico IV.a eta Mendizabal III.a (elkarren aurka lehiatuko dira), Ongay (Argote edo Tainta izango du aurkari) eta Albisu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo