GARA > Idatzia > Euskal Herria

SuperSurreko bidesarian %35ko beherapena izango dute garraiolariek

GARA | BILBO

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak baieztatu zuen atzo. SuperSur Bilbo hegoaldeko saihesbideko bidesarian %35eko beherapena egingo dute garraiolarientzat. Gainera, hilean gutxienez hogei bidaia egiten duten garraiolariek %13ko deskontu berezi bat izango dute.

Bizkaiko garraiolarien ordezkariekin adostutako hitzarmenaren emaitza da bidesaria merkatzea. Jose Luis Bilbaoren esanetan, adostutakoa «garrantzitsua» da, «kamioiak A-8tik ateratzea» ekarriko duelako.

Hala ere, beherapena aplikatzeko gutxienez lau hilabete itxaron beharko dute garraiolariek, agintariek bidesarien dekretua aldatu, horri buruzko informazioa Europako Batzordera helarazi, eta horren oniritzia jaso bitartean.

Astelehen arratsaldean sinatu zuten hitzarmena Asetravi, Sintrabi, Egas eta Hiruko ordezkariek eta Itziar Garamendi Lan Publiko eta Garraioen diputatuak. «Akordioaren arabera, Supersurreko egungo tarifen jaitsiera lineala egingo da garraiolari guztientzat, eta beherapen handiagoa ordainlekutik hogei bider edo gehiagotan igarotzen direnentzat», azaldu zuten Hiruko ordezkariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo