Azazkalak oharkabean jaten dituen bitartean, nora bidaiatzen du haurrak?
Maider IANTZI | DONOSTIA
Haurrentzako bi liburu aurkeztu zituen atzo Elkarrek, neska-mutikoek izan ohi dituzten bi «arazoren» inguruan, azazkalak jatearen eta etxean bakarrik gelditzeko beldurraren inguruan. Ana Urkizak, «Azazkalak jaten ditut, eta zer?» lanaren idazleak ere, jaten zituen azazkalak umetan. Hatz punta irregularrei begira, sarri galdetzen omen zion bere buruari ea noiz jan ote zituen, momentuan ez baitzen ohartzen. Egileak ekintza inkontziente hori egin bitartean haurrak non egoten diren azaldu du margolari bat protagonista duen istorioan.
Eider Eibarrek sortu ditu irudiak, hagitz gustura sortu ere, berarentzat «opari bat» izan da. Eta erran zuenez, identifikatuta sentitu da neskatoarekin, ez margolaria delako, bera ere maiz egoten delako «bere munduan» baizik. «Egia esan, ni gutxitan nago», esan zuen irri artean.
Ondarroako idazlea azazkalak janez bere gogoetetan bildurik zegoela, aitak kolpea ematen omen zion, eta hala esnatu egiten zuen zegoen mundu zoragarritik. Medikuntzan gaixotasuntzat eta gizartean desegokitzat hartzen den ohitura honen ikuspegi baikorra ematen du idazleak.
Bi biki, etxean bakarrik
Txomintxo eta Perutxo anaia bikiak bakarrik esnatu dira gaur eta etxean ez dagoela bertze inor konturatu dira. Hasieran ikara hartzen dute; pasillo luzeak dituzte aitzinean, eta itzalak, eta soinu susmagarriak, eta iluntasuna, eta... Baina pixkanaka-pixkanaka argituz joanen da istorioa. «Txomintxo eta Perutxo bakarrik geratu dira etxean» liburuaren idazleak, Peru Magdalenak, adierazi zuenez, umore puntua eta freskotasuna dute bai testuak bai Iosu Mitxelenaren marrazkiek.
Oiartzungo irudigile honek marrazki bizidun eta komiki ugari egin ditu, publizitatea ere bai, baina hau izan du lehenbiziko ipuina, eta horregatik «ilusio bereziarekin» aritu da mutikoen txikitasuna eta etxearen handitasuna irudikatzen eta perspektibak exajeratzen. Adierazi zuenez, bi bikiek bizitako abenturak eta bere marrazteko estiloak hagitz ongi egin dute bat.