GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Udazkenak biluztu artean

Euskal gatazkaren konponbidearen bideak euskal gizartearen begirada norabidez aldatu du. Krisi ekonomikoak duen pisuari garrantzia kendu gabe, itxaropenari atxikita irekitako ildoak norbanakoaren burua krisira eta bihotza konponbidera bideratu ditu. Pentsamendu arrazionalenak sentimenduen pare daude egun, eta batak bestea eramangarriago egiten lagun dezake, akaso.

Konponbide egarriz eta gosez da Euskal Herria. Hori argi dago. Egoera politikoak kutsatu gaitu guztiok. Irribarre hobengabea darie gure ezpainei, eta itxaropenaren printzen berotara begira jarri gaituzte denok (ezkertiar, eskuindar, espainol edo euskal herritar), neguko egun hotzetan eguzki leunari begiratzen diogun bezala. Berotasunak baretzen gaitu.

Astelehenean nazioarteko adituek euskal gatazkaren inguruko konferentzia egingo dute Donostian. Larunbatera arte ez omen dute parte hartzaileen izenik jakitera emango (ezbaia mantentzeko maniobratzat har daiteke agian). Egia dena da euskal gizartearen ur berberetik edan nahi dutela haiek ere, eta gure egarria ahalik eta gehien apalduko duen ondorioak bilatzera etorriko direla Donostiara. Hala bedi.

Gatazkak, ordea, baditu mila aurpegi eta eragile bakoitzak berearen isla izan nahi du, logikak hala aginduta «Terrorismoaren biktimek» badute aurpegi bat; euskal preso politikoek beste bat, «Estatu terrorismoarenek» bestea; senideek, hurrengoa... Mapa aniztuna da ezbairik gabe, eta denontzat irteera argia eta garbia izango duen konponbidea bilatzea izango da etorkizuneko gakoa.

Helburu hori lortu aurretik, baina, badira oraindik etorkizunari begira baina aldaketatik urrun bizi direnak. Ibon Iparragirre erietxean (gaixo eta espetxean); Joseba Sarrionandia Euskadi sariaren diru-saririk gabe, eta 26 urtez erbestean; preso politikoen senide eta lagunak astero errepidean -haien bidaietan penintsulako argazkia airetik ateraz gero, inurriak lirateke inurritegian gora eta behera-... Eta hamaika gehiago, eguzki printzen esperoan. Neguko beroak ez baititu oraindik aurpegi guztiak argitu, ez udazkenak zuhaitz guztiak biluzten dituen artean behintzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo