GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zarrabeitia (EAJ) hautatu dute Durangoko merindadeko presidente

GARA | DURANGO

EAJko eta PSEko zinegotzien botoekin, Oscar Zarrabeitia jelkidea izendatu zuten astelehenean Durangoko merindadeko mankomunitateko presidente. Hala ere, haren izendapena tirabiratsua izan da.

Durangoko Mankomunitateko Bilduko ordezkari Arrate Elkorok ohar batean adierazi duenez, astelehenean egindako bilkuran EAJko bi zinegotzi zeuden, bertan egon behar ez zutenak. «Abadiñoko herritarren bozekin ordezkaritzarik lortu ez duten EAJko zinegotzi bi hemen onartzea Mankomunitateko estatutuen aurkakoa dela uste dugu», azaltzen du.

«Zilegitasunik gabeko» jokaera hori salatu ondoren, «lege-urratzerik egon ote den jakiteko» Bilduk egin beharreko guztia egingo duela iragartzen du Elkorok. Beraren ustez, EAJ «edozertarako gai da jarlekuak lortu edo mantentzeko».

Dena den, etorkizunera begira, Bilduko ordezkariak argi du zein den koalizioak egin behar duen bidea: «aldaketaren bidea». «Urte luzeak daramatzagu aldaketa horren alde lan egiten, eta aurrerantzean ere jarraituko dugu», azpimarratzen du. Bukatzeko, Elkorok azaltzen duenez, koalizio abertzalea prest dago etorkizunean lan egiteko eredua aldatzeko, «aldaketa politiko eta soziala posible egiten».

Durangoko Mankomunitatea zortzi udalerriko politikariek osatzen dute -Abadiño, Atxondo, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar-.