GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Australiako aborigenak

Gogo handiak nituen behingoz zerbait pozgarria idazteko, azken boladan politika kulturalek horretarako aukera gutxi eskaini dizkidatelako agian. Esther Ferrerek bere eskuzabaltasunarekin eman zidan horretarako parada ostiralean. Artiumen bere erakusketari sarrera ematen zion performance bat egin zuen, bi oinarrizko arauetan oinarrituta: jarraian hitz egin eta ibili behar zuen. Izan ere, ibiltzearen eta hitzaren arteko harremanaz mintzatu nahi zitzaigun, baina askoz ere gauza gehiago kontatu zizkigun bere gorabeherek iraun zuten bitartean. Entzundakoaren artean nahi genuena zabaltzeko eta kontatzeko esan zigun, eta aholkuari jarraituko diot.

Istorioen artean, beraz, bat aukeratu nuen zuentzako. Dirudienez, Australiako aborigenek ohitura bat dute: haien aurrekariek bizi izandako lurrak ibiliz zeharkatzen dituzte, ibilaldi horretan leku bakoitzari bere izenaz deituz. Izen horien bidez izaera ematen diete lekuei («izena duen guztia ba omen da») eta hurrengo belaunaldietarako bizirik mantentzen dituzte; hori guztia ibiltzen doazen bitartean. Esther Ferrerek zioen horrela hiru maila desberdin markatzen zirela: lurrarena eta oinena batetik, ahotsarena bestetik, eta erdian legokeen zerumugarena bestetik. Hara hor artearen oinarrizko abstrakzio piktorikoa.

Baten batek esperoko du agian orain istorio hau beste zerbaitekin lotu eta ondorio bizkor bat aurkeztea. Ez dut egingo. Nire ondorio bakarra performance hori ikusten sentsazio berezia sortu zitzaidala da, berotasuna eragin zidala, nire esperientzia beste batzuekin banatzera bultzatu ninduena. Askorentzako ez da ondorio oso aberatsa izango. Niretzako izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo