GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ehunka lagunek eman diete babesa Donostialdeko 15 gazteei

Epaiketa politikoen amaiera eskatzeko eta, bereziki, «gazteria libre eta legala» exijitzeko, mila lagun inguru bildu ziren atzo Donostian, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak deituta. Hain zuzen, datozen egunotan, 2007an Donostialdean izandako sarekada batean atxilotutako hamabost gazteren aurkako ebazpena emango baitu Auzitegi Gorenak.

p020_f02.jpg

Oihane LARRETXEA |

Auzitegi Goren espainolaren ebazpenaren zain daude Donostialdeko hamabost gazte. Guztiei, Segi erakundekoak izatea leporatzen diete. Hain zuzen, Eleak eskubide zibil eta politikoak defendatzen dituen mugimenduak deituta, gazteei babesa agertzeko eta epaiketa politiko gehiagorik izan ez dadin eskatzeko, manifestazioa egin zuten atzo Donostian.

Eguraldia lagun, 13.00etan Bulebarretik abiatu zen martxa, «Epaiketa politikorik ez, zigorrik ez. Euskal gazteria libre eta legala» lelopean, eta lehen ilaran jarritako pankartaren atzean mila lagun inguru bildu ziren ibilbide osoa elkarrekin egiteko. Bertan izan ziren auzipetutako gazteetako bi, bai eta horien lagun eta senitartekoak. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, bere idazkari Josetxo Ibazetak eta ezker abertzaleko Joseba Alvarezek ere hartu zuten parte, besteak beste. Jasotako atxikimenduen artean, Lokarri, LAB, EHNE, Alternatiba, ezker abertzalea, Aralar, Gazte Abertzaleak eta amnistiaren aldeko mugimenduarena daude.

Askatasunaren hiribidea igaro ostean, Atotxako auzitegiak zituzten helmuga. Bertara iritsitakoan, Oihana Mujika Eleak-eko kideak hamabost gazteen egoera aipatu zuen; izan ere, Auzitegi Gorenak edozein momentutan eman dezake erabakiaren berri, auzipetutakoen urduritasuna areagotuz. «Segikoak ziren edo ez deliberatuko dute, eta horren arabera ebatzi», gaineratu zuen.

Mugimenduaren esanetan, «guztiz zilegi da Segikoa izatea»; izan ere, «gazteria libreki antolatu eta Euskal Herriaren alde jardutea ez da delitua». Bestalde, berdin edo desberdin pentsatu, pentsatzeko eta egiteko eskubidea denona berdina dela aldarrikatu zuen. Gazteek komunitatearen alde egindako lana goraipatuz, denen absoluzioa eskatu zuen Mujikak.

Bestetik, ez zigortzeko arrazoien artean, Euskal Herrian irekita dagoen prozesua aipatu zuen, une hau gakoetako bat dela iritzita. Zentzu horretan, bihar Donostiako Aieteko Jauregian izango den Nazioarteko Konferentzia izan zuen hizpide. Soluziobideetan oinarritutako norabideari muzin ez egiteko eskatu zien epaileei. «Euskal Herriak, Donostiak, aspaldi egin zuen hautua -jarraitu zuen-. Gazte hauen ondoan gaude (...). Ez eraman, ez zigortu, ez ukitu».

Gazteen aurkako sarekadak

2007an Donostialdean izandako sarekada batean hamazazpi gazte atxilotu zituzten. Iazko ekainean izan zuten epaiketa eta horietako hamabosti sei urteko kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazional espainoleko epaileak. Gazteek zigorraren aurka helegitea aurkeztea erabaki zuten. Denbora luzez itxaron ostean, aste honetan jakinaraziko du Auzitegi Gorenak erabakia, eguna zehazterik ez badago ere.

Uribe Kostako gazteena izan da sarekada batean atxilotu eta epaitu ostean, ezagutzera eman den azken sententzia. Hain zuzen, asteartean Auzitegi Nazionaleko epaileak horietatik bederatzi absolbitu zituen. Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorio algortarrei, ordea, launa urteko espetxe zigorra ezarri zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo