Julen MURGOITIO
Lupak begiz aldatu
Imajinatzen nago eszena. Amazonaseko oihan handian, barru-barruko barrualde batean, eguzki izpiak sartu ere egiten ez diren txoko ilun busti beroan, eguzkirik gabe erlojuak markatzen du eguerdia. Eta hantxe Groenlandiako unibertsitate bateko entomologoak lanean, groenlandiera hutsean, intsektuak intsektu, argazki-kamerako botoiari etenik gabe sakatzen, GPS esku batean, eskuko ordenagailua belaunen gainean, begi-bistako ezaugarriak grabagailuari kontatzen... eta marmarti, oso, begitik kanpo ezkutatzen direnak ezin zehaztuan. Hau kolpea! Espediziora denetarik eraman bai, funtsezko gauza bat izan ezik: lupa. Ez, ez zuten bulegoan ahaztu, hori baino errazagoa da kontua: ezin izan zuten inon eskuratu luparik, merkatu zabaleko on linean ere ez. Ezin. Azken urte bietan agortu egin dira lupak, txinatarren Groenlandiako auzo-dendetan bertan ere agortu, gure beheko Estatuak planetako guztiak erosiak baitzeuzkan, bere Segurtasun Indarren ikerketarako mesedean, antza. Baina gauzak zelakoak izan eta kolpe batez dena aldatu! Iragarria zitzaien haize ufada batek eguraldi mapa aldrebestu die, atzeraezinean. Orain lupa guztiak begiz aldatu eta Europan dira, Pirinioetatik gorako Europan izan ere, hamaika begiraleren begietan. Berauek dira orain lupatik begira, eta beheko Estatu hura luparen bestaldean begiratua, bere ezaugarri ñimiñoenak berak ere agerian, beharrez. Groenlandiatik ere begira.
Gaia aldatuta, bihar Kantauriko bazter honetan Konferentzia da. Dirudienez, hitzaldia baino askoz gehiago izango da hori. Batzuen ustez bake-konferentzia da, antolatzaileek beste izena jarri badiote ere. Izana gehiago izena baino. Konponbideko diplomazia blokeoaren diplodokoei gailendu zitzaienekoa. Hau kolpea! Parte guztiak izango dira han, Konferentzian edo haren itzalean, baina egongo dira, joango ez direnek ez jakin arren. Hortaz, bai arrasto luzeak krisi ofizialak uzten dituenak! Mezulari-zerbitzuen egoera kezkagarriari erreparatzea baino ez dago. Zenbat denbora behar ote gonbidapena Ajuria Enera ailegatzeko! Ama, ama! ez ote dute inoiz zabaltzen postontzia? Tira, Lupaldia nagusi bihar Kantauriko bazterrean. Inor ez da hotz geratuko, Groenlandian ere ez. Behin batean gurean konferentzia zan, nazioartekoak Donostian plazan, aditu arituak konponbideen dantzan, hantxe zen politika, politika bazan!