GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Reacciones | impulso al proceso de resolución del conflicto

Galtzailerik gabeko bakea aldarrikatu du Gernikako Akordioak

GARA | BILBO

Euskal Herriak galtzailerik gabeko bakea behar duela nabarmendu du Gernikako Akordioaren sinatzaileek, datorren larunbaterako Bilbon deitu duten manifestazioaren karietara. Beren hitzetan, irabazlea bakarra izan behar da, hots, euskal gizartea.

Era berean, bakeak «integrala» izan behar duela berretsi dute, modu horretan, gatazka politikoaren «ezaugarri guztiak kontuan hartu eta horiei erantzuna» ematen dielako.

Azkenik, «demokratikoa» eta pertsona guztien eskubideak errespetatuko dituena» izan behar duela adierazi dute.

Premisa horietatik abiatuta, hiru helburu nagusi finkatu ditu Gernikako taldeak; hots, indarkeria guztien behin betiko desaktibazioa eta biktima guztien errekonozimendua, euskal preso politikoen egoeraren hobetzea eta aukera politiko guztien legeztatzea.

Egungo egoera politikoak duen garrantziaren jakitun, Bilbon «Euskal Herriak konponbidea nahi du» lemapean egingo den mobilizazioan parte hartzea behar-beharrezkoa dela berretsi zuten Ainhoa Aznarezek eta Endika Guarrotxenak. Bertan, Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileetako zenbait ordezkari eta dozenaka herritar izan ziren; horien artean, Jose Maria Arrate, Ramon Labayen, Ramon Zallo, Ainhoa Etxaide, Belen Arrondo, Iñaki Lasa, Iñaki Murua, Maribi Ugarteburu, Iñaki Zabaleta, Paul Bilbao, Joseba Gezuraga, Josu Murgia, Kontxi Bilbao, Mario Zubiaga, Miren Amuriza, Oskar Matute, Periko Solabarria, Unai Iturriaga, Fredi Paya, Xabier Amuriza eta Iñako Goioaga.

Arestian esan bezala, gizarte osoa, «kolore politiko eta identitarioetatik harago», Bilbora joatera deitu zuten, bakea «herritarren gehiengoaren irria» delako. «Herritar gisa, gure herrira bakea eta normalizazioa ekarriko duen prozesuan gure parte hartzea aldarrikatzen dugu. Ezin diogu parte hartzeko dugun eskubide eta betebeharrari muzin egin», helarazi zuten.

Gizarteak orain arte itxita egon diren «ateak irekiko dituen giltza» izan behar duela gaineratu zuten. Beren hitzetan, «guztion ahaleginarekin, bakearen, normalizazioaren eta pertsona ororen giza eskubide eta eskubide politikoen ateak zeharkatzeko» garaia da. «Jendartearen eskutik iristeko asmoa dugu orain arte iritsi ez garen esparru politiko, sozial eta sindikalera, Euskal Herriko, Estatu espainoleko eta Europar Batasuneko erakundeetan aritu ahal izateko», plazaratu zuten irakurritako agirian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo