Andoni Egaña, Berria 2011/10/15
Brian eta gu
Irri egin genuen laurogeiko hamarraldiaren hasieran La vida de Brian filmarekin. Beharrik! Bagenuen premia irri egiteko. Ez ginen konturatzen geu ere zenbateraino ginen irrigarri. Pertsonoi zoo batean sartzean gertatzen zaigunaren antzekoa gertatzen zitzaigun: bestelako animaliak ez, tximinoak zaizkigu irrigarri eta tximinoak baino ez. Badakizue zergatik? Tximinoak giza-emakumeon imintzioak egiten dituztelako inongo lotsarik gabe. Barre egiten diegu, ohartu gabe, geu garelako barregarri ari garela barrez.
Frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren lehen haietan badugu guk ere pasarteren bat euskal Brianen bizitza-n txertatzeko modukoa. 1976.eko hasiera hor nonbait izango zen. Hamalau-hamabost urteko gizon-ustekoak gu. Zarautzen sortu eta erne zen Amnistiaren kanta hura gerora Euskal Herria alderik alde zeharkatuko zuena eztarri askotan eta urte luzeegiz. «Kalera, kalera, borrokalari kalera!» ezagunaz ari naiz. Zarauzko musika-eskolan genbiltzan gu, musika ikasten ez gainerako saltsa guztietan. Eta abestia ikasi eta jendarteratzeko garaia heldu zen. Presaka eta txistuka ikasi behar izan genuen pare bat dozena lagunek biharamunean Zinema frontoian jaialdi mitiko haietako batean estrainaldia eskaini ahal izateko.
Barneratu genuen melodia. Hitzak ere buruz genekizkien gutxi-gehiago. Baina azken orduko xextra sortu zen. «Bultza ta bultza euskal langile, euskal herri sufritua» zioen kantaren pasarte batek. Orduko txikikeriak handi ziren ordea. Eta eztabaida sortu zen ea ez ote zen hobe «euskal populu sufritua» esatea, «euskal herri sufritua» bere horretan kantaturik burges-txiki kutsukoa zelako. Herriaren eta populuaren arteko borroka, mila sigla eta alderditako saltsa hartan. Orain, atzera begira, irri-murritxa egiten dugu. Zooan tximinoei begira jartzean egiten dugun antzera. Ez dirudi ia haiek ere gu garenik. (...)
Dakidan bakarra da Currin jaunaren izena Brian izateak on baino ez digula egingo. Behar da begiratuan halako malizia xano bat eta hatsean umorea gure hau aurrera ateratzeko ahaleginean.
Duela gutxi, ez dut gogoan nork, politika edo kargua uzterakoan ¯zenbaitentzat gauza bera direnik ezin ukatu¯ adierazpen batzuk egin zituen esanaz oso dibertigarria gertatu zitzaiola Euskal Herriko saltsa-maltsa hauetan parte hartu izana. Dibertigarria bada eta izan da. Baina betiere gogoan izanez gero La vida de Ryan izeneko film batean ere izan genuela zerikusirik edota Amnistiaren kantak tamalez oraindik gaurkotasunik ez duela galdu.