GARA > Idatzia > Kultura

Emil Zatopek atleta protagonista duen Jean Echenozen eleberriak «Lasterka» izenburua du euskaraz

Gerardo Markuletak Jean Echenozen eleberriaren itzulpena egin du, «Lasterka». Emil Zatopek korrikalari famatuaren bizitza hizpide hartuta, «Ravel» lehen alearekin hasitako trilogiari bigarren alea eman dio.

p045_f01_096x096.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Jean Echenoz ez da ez historialaria ez biografoa, baina benetako pertsonak hautatzen ditu bere eleberrien protagonista izateko; musikariak, kirolariak zein ingeniariak. Hala ere, fikzio bihurtzen ditu bere liburuetako orrialdeetan zehar, ez baitira eleberri gisa kontatutako biografiak, nobelak baizik.

Atzo Gerardo Markuletak aurkeztu zuen «Lasterka» lana «Ravel»-ekin hasitako trilogiaren bigarren alea da; lehena Maurice Ravel musikagileari buruzkoa zen. Honakoan, ordea, Emil Zatopek korrikalari txekoslovakiarra da protagonista, kirol arloan egindako ibilbide luzeari buruzkoa, alegia.

Sobietarrak nazien aurka borrokan Txekoslovakiara sartu ziren unea da eleberria hasteko aukeratutakoa. Amaiera ere toki berean kokatu du, testuingurua, ordea, zeharo ezberdina da. Sobietarrak Txekoslovakian sartuko dira berriz ere, baina oraingoan 1968an bertan piztutako iraultza, Pragako Udaberria, geldiarazteko asmoz.

Bi data horien artean, Emil Zatopek «Txekoslovakiako Estatuaren kirolari» bihurtu zen, lasterketak irabazi eta oraindik inork gainditu ez dituen errekorrak ezarri zituen (1952an Finlandian izandako Olinpiar Jokoetan 5.000 eta 10.000 metroetako lasterketak irabazi ostean, maratoia ere bereganatu zuen. Inork ez du marka hori bera egitea lortu oraindik).

«Umoreaz gain, lortzen duen sakontasun iradokitzailea dira nobelaren bertute handienak», azaldu zuen Markuletak. Gainera, liburuan zehar kirolak pisu nabaria duen arren, atletismoa maite ez duten irakurleei ere gomendatu nahi izan zien; «ni ez naiz kirolzalea baina, interesgarria suertatu zait», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo