GARA > Idatzia > Kultura

Euskararen Nazioarteko Egunean 44 emakume omenduko dituzte aurten

GARA | DONOSTIA

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da abenduan aurten ere. Ekimen hau 1949an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak eta, urtero, abenduaren 3an, euskararen unibertsaltasuna aldarrikatzea du xede.

Aurten, Euskal Herriko historian zeresana izan duten emakume guztiei omenaldia egin nahi izan diete antolatzaileek eta, horretarako, gure historiaren garai ezberdinetako, baita diziplina eta jarduera eremu anitzeko 44 emakume hautatu dituzte. Horiek guztiak Kukuxumusu etxeak Euskararen Egunerako diseinatutako kamisetaren ardatz nagusi izango dira.

Parte-hartzea sustatzeko, lehiaketa bat jarri dute abian: Eusko Ikaskuntzaren webgunean (www.eusko-ikaskuntza.org/ene), kamisetako lau emakumeri buruzko galderak agertzen dira. Abenduaren 2a baino lehen zuzen erantzuten duten guztien artean, elastikoak zozketatuko dituzte.

Egun berean, urtero bezala, euskararen sustapenean lan gehien egin duen kanpoko erakundea ere sarituko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo