GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Otaegi eta Zaldua aizkoran eta korrika neurtuko dira Azpeitian

Ikusmin handia sortu du igandean Azpeitiko zezen-plazan jokatuko den apustuak. Joseba Otaegi eta Xabier Zaldua neurtuko dira, eta ez da edonolako neurketa izango, aizkoran eta korrika aritu beharko dute. Garai batean egiten ziren apustu handi horietakoa izango da.

p040_f02-141x85.jpg

Jon LEUNDA

Iristear dago eguna. Etzi, eguerdian, 12.00etatik aurrera, Joseba Otaegi eta Xabier Zaldua nor baino nor arituko dira Azpeitiko zezen-plazan. Bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu beharko ditu aizkoraz, eta jarraian zortzi kilometro egin beharko dituzte korrika zezen-plazan. 5.000na euro izango dituzte jokoan.

«Egin beharrekoa eginda dago; hemendik aurrera atseden hartu, eta ez dadila ezer gertatu», esan du Joseba Otaegik. Zaldua ere gustura dago, nahiz eta katarro apur bat baduen. «Egin beharreko entrenamendu guztiak eginda daude; hemendik aurrera ez dago beste ezer egiterik. Orain, zaindu, katarroak gehiagora egin ez dezan, eta igandean pentsatu, gauzak ahalik eta ongien egiteko», esan du Zumarragakoak.

Biek ere lan handia dute egiteko. Zaleen ustez, aizkoran Otaegik alde handia atera beharra dauka Zalduari irabazteko, azken hau korrika gehiago omen delako. «Jendeak horrela dio, baina une honetan ez dakigu berak aizkoran zenbat egiten duen. Ni saiatuko naiz aldea ateratzen», esan du Otaegik. Hori bai, korrika askoz ere gusturago dabilela onartu zuen: «Azkenekoz korrika Txikonen aurka neurtu nintzen, eta ordutik gauzak asko hobetu direla ikusten dut. Nire burua askoz ere hobeto dago eta korrika hobetu egin dudalakoan nago. Hala ere, aurretik beste lan ezberdin eta luze bat egindakoan, ez dakizu gorputzak nola erantzungo dizun», aitortu du Zizurkilgo aizkolariak.

Zumarragakoak ere garbi dauka aizkoran eutsi behar diola Otaegiri: «Ez da inori merituak kentzeagatik, baina une honetan Otaegi Euskal Herriko bost aizkolari onenetakoen artean dagoela esango nuke. Bera aizkoran saiatuko da niri aldeak kentzen, eta nik eusten saiatu behar dut. Korrika alde handiak daudela dio jendeak, baina nik badakit berak asko hobetu duela. Garbi dago apustua irabazi nahi duenak lan handia eta ona egin beharko duela», dio Zalduak.

Bi aizkolariak bina apustu jokatuta helduko dira etziko neurketara. Otaegik lehenengoa Aizpururi irabazi zion aizkoran, eta bigarrena Txikoni, baina honen aurka harri-jasotzen, aizkoran, eta korrika neurtu zen, hiru lanetara. Orain artekoan ongi ibili da Zizurkilgoa. «Egia esan, biak ongi atera zaizkit. Lehenengoa uste baino errazago irabazi nuen, eta bigarrengoa asko gustatu zitzaidan. Hiru lanetara ongi moldatu nintzela uste dut. Ea hirugarrena ere bide beretik joaten den eta garaipena lortzeko modua egiten dudan», adierazi zuen Josebak.

Zumarragakoak, berriz, lehen apustua Ander Erasunen aurka jokatu zuen aizkoran eta korrika, eta bigarrena, berriz, Kastroren aurka, aizkoran bakarrik. Honek ere biak bereganatu zituen: «Biak irabazita gustura geratzen zara, baina lehenengoa nahiko tristea izan zen. Erasun ez zen ongi etorri apustura, ez zuen bere lana egin, eta azkenean utzi egin behar izan zuen. Horrela irabaztea ez da polita izaten. Bigarrena, bai, hura oso ona izan zen. Igandean ere irabazi nahiko nuke, baina hori lortzen ez badut, etxean egiten dudan lana plazan ere egin nahiko nuke. Hori eginda galtzen badut, bestea hobea izan delako da, eta kito», azaldu du Xabierrek.

Biak aizkolariak izanda, pentsatzekoa da korrika dela lanik handiena eman diena, eta, are gehiago, zezen-plaza batean aritu behar dutela jakinda. «Aritu naiz zezen-plazan entrenatzen. Ez da erraza han aritzea, beti hanka bat gehiago behartzen duzu, baina dezente aritu gara, eta nahiko gustura geratu naiz egindakoarekin», esan du Otaegik.

«Gustatzen zait zezen-plaza korrikarako. Egia da hanka bat beti gehiago behartzen dela, baina gustura aritu naiz. Zezen-plazan aritzeko kontzentrazio handia behar da. Burua han izan behar duzu. Itzuli asko dira, eta apur bat nahasten bazara, edo zenbat itzuli falta zaizkizun zenbatzen eta pentsatzen hasten bazara, akabo, orduan galdu egiten zara. Uste dut gakoetako bat hori dela», baieztatu du Xabier Zaldua zumarragarrak.

Kana-erdikoak Zalduak eramango ditu plazara, eta 60 ontzakoak, Otaegik. «Niri beti gustatu izan zaizkit 60 ontzakoak. Kana-erdikoekin ere gustura aritzen naiz, baina 60 ontzakoak ebakitzen eroso aritzen naiz», dio Otaegik. Zalduak, berriz, honela esan du: «Egia esan, niri berdin zait. Urtean zehar egur klase eta tamaina guztietakoekin aritzen naiz. Egia da tamainaz kana-erdikoak, txikiagoak izanik, errazago mozten direla, baina niri bat edo beste berdin zait».

Biak kirol ezberdinak gustuko dituzte. Otaegik aurreko apustua aizkoran, korrikan eta harri-jasotzen egin zuen. «Ni saltsero xamarra naiz, eta hiru lanetakoa asko gustatu zitzaidan. Nolanahi ere, egokiena, aizkoran bakarrik egitea da», esan du Josebak. «Herri kiroletan denetik gustatzen zait. Aizkora, eta korrika oso gustuko ditut. Gizon-proban ere aritu izan naiz, eta etxean idiak betidanik ezagutu ditudanez, idi-probetan ere aritu naiz, hori ere gustukoa dut», aitortu du Zalduak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo