GARA > Idatzia > Kultura

Gatibu, Zea Mays, Txarrena eta Kaotiko, aurtengo Pikurocken

Irurtzungo Pikurock jaialdiak hamar urte bete ditu jadanik. Gazte jaialdiak, urteurrena ospatzeko, berrikuntzak gehitu dizkio ohiko programazioari, eta lehiaketak eta mural berezi bat prestatu ditu.
p044_f02_148x80.jpg

M. L. | IRURTZUN

Pikurock jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten eta, hori dela-eta, aurtengo jaialdia berezia izango da, berrikuntzaz betea. Urteurrena ospatzeko eguna datorren larunbata izango da, eta arratsaldeko 20.30etik aurrera hainbat kontzertu eta emanaldi izango dira Irurtzungo kiroldegian.

Urtero estilo askotako musika taldeak ekartzen saiatu izan dira antolatzaileak eta, aurten, Kerasy, Gatibu, Zea Mays, Txarrena eta Kaotiko taldeak ekarriko dituzte. Kiroldegiaren kanpoaldean ere eskaintza zabala izango da, publiko zabalari aukera ezberdinak emateko xedearekin.

Festa arratsaldeko zortzi eta erdietan hasiko da, Kerasy taldearekin. Jarraian, 21.30ean, Zea Maysen txanda izango da, eta, bata bestearen atzetik, Gatibu, Txarrena eta Kaotiko etorriko dira.

Bestetik, kanpoaldeko karpan, Goienetxe Anaiak, DJ Bull, DJ Jo Ta Txo eta Kalean Batu batukada taldea arituko dira. Txosnetan, edariaz gain, merke jateko aukera ere izango da.

Denen artean sortua

«Herriko gazteen lan eta gogotik sortu zen jaialdia, eta oraindik indartsu jarraitzen du. Herri mugimendutik dator bultzada hori; dantzariak, panpin taldea, Pikuxarreko jendea... Irurtzungo eta eskualdeko gazte mugimendua bizirik dagoen seinalea da», esan zuen antolatzaileen taldeko Oskarrek.

Bestalde, hamargarren urteurrena ospatzeko, kiroldegiko aparkalekuko hormetan mural bat margotu dute, «jaiari kolorea» emateko eta hamar urte hauetan Pikurock antolatzen ibili direnen omenez. «Nauk grafitigileak egin du murala; oso epe motzean benetan ikusgarria den murala margotu du. Espero dugu, urte luzez hor mantentzea, oroigarri bezala, eta, beharbada, denborarekin, murala handituko dugu herrian aipagarriak diren irudiekin». Horrez gain, hamar urte hauetako jaialdiko kartelak egongo dira ikusgai egunotan Pikuxar tabernan.

Hamar urte horiek eman dutena gogora ekartzeko, antolatzaileek jolas bat proposatu dute aurten, argazki lehiaketa bat, hain zuzen. Pikurock iragartzeko kartelak herrian zehar jarriko dituzte eta jendeak argazkiak atera beharko dizkie topatzen dituzten lekuan bertan. Gero, argazki horiek Pikurockeko web orrialdean edota sare sozialetan jarri beharko dituzte, eta irabazleak Pikurocken kamiseta bat lortuko du. «Ostiral gauera arte izango dugu irekia lehiaketa. Jendea parte hartzera animatu nahi dugu», gehitu zuen Oskarrek.

Kontzertuetarako sarrerak ondorengo lekuetan salgai daude dagoeneko: Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoan eta Martxuetan, Iruñeko Meson de la Nabarrerian, Altsasuko Lurrazpin, Etxarri Aranatzeko Leku Onan, Leitzako Gaztañaga tabernan, Lizarrako Katxetasen eta Txantreako Akelarren. Aurretik erosiz gero, 15 eurotan eskuratu ahal izango dira; egunean bertan erosiz gero, berriz, 20 eurotan.

Autobus zerbitzu bereziak ere antolatu dituzte; Iruñetik, Leitzatik eta Sakanatik aterako dira horiek. Itzultzeko zerbitzua ere izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo