Biarritzen proiektu handiak abian dira; horien artean, Kleber auzo berria
Hurrengo hauteskundeetako «gorabehera mediatikoetatik» aldendu nahian, Biarritzek dituen erronkez eta proiektu handien egoeraz mintzatu zen Borotra auzapeza. Horien artean, Kleber auzoa, azoka berria eta Halle d'Iraty eremurako egitasmoa izan zituen hizpide.
Arantxa MANTEROLA | BIARRITZ
«Kleber izeneko eremua Biarrizko egiazko auzo berri bat bilakatuko da laster», adierazi zuen atzo Didier Borotra auzapezak, Michel Veunac bere taldeko zinegotziarekin Herriko Etxean egindako agerraldian.
Aspaldiko proiektu honetan (hamar urte behar izan ditu Udalak abian jartzeko) dagoeneko obra batzuk eta lur-mugimenduak hasiak dira, baina etxebizitza berrien lanak 2012tik goiti hasiko dituzte.
Hain zuzen, 220 alokairuko etxebizitza sozial, beste 110 jabetzakoak, 90 etxebizitza pribatu eta ikasleentzako 80 apartamentu txiki eraikiko dituzte eremu horretan. Ikasleen egoitza hori Biarritzen kokatuko den argazkigintza ikasketa zentroarekin eta, beharbada, Paueko Merkataritza Eskolak kokatuko duen adarrarenarekin lotuta dago. Osasun zerbitzuetako eta edadetuentzako gune bat ere izango da auzo berrian.
Borotrak nabarmendu zuenez, aparkaleku eta garraio publikoen arazoa ere kontuan hartu dituzte.
Azoka eraberritu
Bada beste proiektu bat herriguneko bihotzean bete-betean eragingo duena; azokaren eraberritzea, alegia.
Aspaldiko eraikin enblematikoa egungo lege-arauetara moldatzeak zailtasun handiak zituenez, dena eraberritzea erabaki zuten. Jatorrizko itxura berreskuratuko dute, lur-azpiko aparkalekuak egingo dituzte alboko eremuetan eta inguruko karrika gehienak oinezkoentzako bilakatuko dituzte. 4.700.000 euroko aurrekontua izango duten lan horiek 2012ko irailean hasi eta 2013ko maiatzerako bukatuta beharko lukete. Bitartean, azoka lekuz aldatuko dute.
Aireportu inguruan dagoen Halle d'Iraty eremuan ere proiektu handiak aurreikusita dituzte.
«Funtzio askotariko eremua» bihurtu nahi dute eta bere kokapen aproposa aprobetxatu, zerbitzuetako eraikinak, skate parkea, kartinga eta 20.000 metro koadro hartuko dituzten merkataritzako bi eraikin jartzeko. Hipermerkatu bat ireki berri dute eta Osteopatia Eskola eraikitzen ari dira dagoeneko aipatu eremuan. «Proiektu gehienak pribatuak dira, baina ziur naiz Biarritzentzat oso garrantzitsuak izango direla», esan zuen Borotrak.
Biarritz Ocean
Bestalde, uztail hasieran inauguratu zuten Itsas Museoak 250.000 bisitari izan dituela jakinarazi zuen. Bisitak opor sasoiarekin lotuta dauden jakitun, urteko 400.000 edo 500.000 bisitari izango dituela espero dute eta Itsas Hirian horietarik %30 inguru. «Oreka finantzarioa bermatuko da, beraz», esan zuen auzapezak.
Borotrak gogorarazi zuen Biarritzen lurzoru gutxi dagoela eraikitzeko. Aireportua duenez eta itsasbazterrean dagoenez, herriko eremu asko ezin dira erabili etxebizitza egiteko.
Egun, 25.000 etxebizitza daude Biarritzen, horietatik 10.000 bigarren etxebizitzak dira. Biztanleria finkoa 30.000 bizilagunek osatzen dute, baina uda sasoian, hirukoiztu egiten da.
Halle d'Iraty eremuan Osteopatia Eskola eraikitzen ari dira. Lau urteko ikasketak eskainiko dira bertan eta 250 ikasle jasoko ditu. Horri begira, ikasleentzako egoitza egingo dute Kleberren.
Didier Borotrak aspaldi iragarri zuen ez zuela hurrengo udal-bozetara aurkezteko asmorik. Hogei urtetan Biarritzen gidaritza lanean jardun den zentristaren eserlekuari ez zaio, haatik, «oinordeko-gairik» faltako, 2014ko hauteskundeak urruti diren arren.
Duela egun batzuk Max Brisson UMPko zinegotziak, egun Borotraren gobernu-taldean dagoenak, bere burua alkatetzara aurkezteko asmoa azaldu zuen, eta horrekin batera baita zurrumurruak berpiztu ere.
Izan ere, bere alderdiko Michele Alliot-Marie diputatu eta ministro-ohiak telebista batean egindako adierazpenek ez dute batere argi utzi bera ere ez ote den aurkeztuko. Alliot-Marieren aita Biarritzeko auzapeza izan zen urte askoan, Borotrak kargua kendu zion arte, eta euren arteko harremanak ez dira onak izan geroztik. Borotrak, jarrera hori egiaztatuko balitz, «hogei urte atzera itzultzea absurdoa» litzatekeela adierazi zuen atzo, unea iristen delarik, berak zein hautagai babestuko duen jakinaraziko duela aginduta. Bitartean, bere zeregina legealdi honetako lanei ekitea dela nabarmendu zuen. A.M.