GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Justizia kontutik harago

Benetako demokrazia «justizia» kontua izatetik baino askoz harago doa. Sistema politiko bakoitza sistema ekonomiko eta sozial zehatz baten lagungarria da

Grezian balizko erreferendum baten iragarpen hutsak bazterrak nahastu ditu benetan. Ez dakigu azkenean egingo den, hainbat urgentziazko batzar eta batzuen zein besteen aldetik oso gardenak ez diren helburuak tarteko, baina merkatuak harrotu eta burtsa aztoratu bezain pronto, agintari europarren jokaera horrelakoxea izango zela ez zegoen zalantza handirik.

«Demokratek» eskuak burura eroan dituzte eta «herriaren gobernuaren» ariketa sinpleenak, hau da, herriari hitza emateak -formulatzen den modu bakan eta narrasean formulaturik ere- ematen dien beldurra agerian utzi dute. Porrot ekonomikoaren mehatxuak han-hemenka zabaldu dira: kontuz, lehenengoz Grezia izango da, eta gero, inguruko herrialdeak. Espainiako «adituak» laster batean hasi dira euren estatuaren zoria greziar burubakoen esku uzteak dakartzan arriskuez ohartarazten, eta batzuk zera esatera heldu dira: greziarren bizitzaz eta etorkizunaz, norbaitek erabaki behar izanez gero, europar guztiok erabaki beharko genukeela (beste batzuen erabakietan eskua sartzen benetan daude tematuta espainolak...).

Alde batetik, goitik, Europatik, merkatuen morroi, datozen aginduak. Bestetik, behetik, herritik datozen protestak. Alde batetik, zulo are beltzago batean sartu nahi dituztenen (gaituztenen) errezetak. Bestetik, herriak aukeratu lezakeena. Eta normala da goikoen beldur hori, krisialdi honetan zehar hartzen ari diren erabakiak hartzea eta herriari galdetzea bateraezinak baitira. Euren errezetak nahi duten moduan saltzen ahalegindu ahal dira, baina jakin badakite ezartzeko modu eraginkorra ez dela herriaren gobernua, inposaketa baizik. Erabakiguneak hurbiltzeak eta nahi bezain tontoak ez diren herritarrei parte hartzeko aukera emateak ez die funtzionatzen.

Baina ez da parte hartzea galarazten eta jazartzen den bakarra. Inposaketen aurrean herriak gutxienez protesta egiteko premia sentitzen duenean, hori ere bide guztietatik ekidin, moztu eta eten behar da. Protesta «erosoak» baino ez daude baimendurik: pankarta atzean eta markatutako ibilbideaz. Oihuak bai, baina gorbatadunen belarrietara ailegatzen ez diren bitartean, ez daitezela kanapeak kontrako samatik joan. Eskerrak, lantzean behin, kanapea ez, baina tarta oso batek baten bati sama osoa bete eta bere harropuzkeria irentsarazten dion.

Grezia demokrazia zaharraren sorleku eta iturburutzat jotzen irakatsi ziguten eskolan. Gerora, demokrazia liberalaren dohainak saldu zizkiguten, sistema kapitalistaren euskarri politikoa zen bitartean. Sistema bere burua birmoldatzen ari den honetan egia da oraindik ezkutatzen direla lau urtean behin, estatuen alternantzia politikoaren legearen arabera, simaur edo satsaren arteko aukeraketan. Baina neofeudalismora hurbiltzen ari garen honetan, egon ziur horrekin ez dutela nahiko izango.

Erabakietan parte hartzea aldarrikatzen dugunean, argi izan beharko genuke hori. Benetako demokrazia «justizia» kontua izatetik baino askoz harago doa. Sistema politiko bakoitza sistema ekonomiko eta sozial zehatz baten lagungarria da, praktikan ipintzeko behar den ezinbesteko tresna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo