Assangeren estradizioaren inguruko susmoak
Londresko Auzitegi Gorenak Julian Assange Wikileakseko sortzaileetako bat Suediara estraditatzeko baimena eman izana auzi judizial bateko ohiko prozedura baino ez litzateke horren inguruan hainbat elementu susmagarri pilatuko ez balira. Hasteko, ordea, komenigarria litzateke Assangeren aldeko zein kontrako jarrerarekin ez nahastea. Jakina, sexu erasoen salaketak, guzti-guztiak, ikertu egin behar dira. Hala ere, antzeko auziak ikusita, ez dago zalantzan jartzerik akusatuaren izena erabakigarria suertatzen dela. Oraingoan ere bai, baina Assangeren jardunak AEBetako eta beste zenbait herrialdetako gobernuak kaltetu dituelako, ez legez kanpoko erasoak eginez, baizik eta egia zabalduz, informazio eskubidea erabiliz. Kasualitate hutsa ote da sexu erasoak egiteagatik jaso dituen akusazioak dokumentuak argitaratu eta berehala agertu izana? Kasualitatea ote da Wikileaksek bere jarduna eten behar izana zenbait finantza konpainiak ezarritako blokeoa dela-eta? Zaila da, hortaz, auzi honetan informazio askatasuna mugatu nahi duen asmo politikoa eta mendeku gosea ez sumatzea. Assangek oraindik helegitea aurkezteko aukera du, baina Suediara estraditatu eta han zigortu egingo balute ere, ez litzateke hori guztia ezabatuko, ezta AEBak eta beste hainbat herrialde munduaren aurrean nabarmen utzi dituzten dokumentuak ere. Horien egiatasuna ez dago epaileen ebazpenaren menpe.