GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ezabatu eta euskaraz bizi» ekimen berritua aurkeztu du EHEk

Euskal Herrian Euskaraz erakundeak «Ezabatu eta euskaraz bizi» ekimena aurkeztu zuen atzo Iruñeko Zabaldi-Elkartasunaren Etxean. Azken helburua, hainbat ekitaldiren bitartez, gaztelera eta frantsesa nagusi diren Euskal Herrian euskara lehen lerrora eramatea da.

p016_f01_148x108.jpg

GARA | IRUÑEA

Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) Iruñeko Zabaldi-Elkartasunaren Etxean agerraldia egin zuen atzo, Euskal Herriak bizi duen hizkuntza arazoa aztertzeko. Espainolak eta frantsesak duten nagusitasunari aurre egiteko proposamenak aurkeztu zituzten euskararen aldeko erakundeko ordezkariak.

Urtetan egindako Ezabaketa Astea berritu eta aurrerantzean «Ezabatu eta euskaraz bizi» egitasmoa izango dena aurkeztu zuten Igone Lamarainek, Unai Larreategik eta Nestor Estebanek.

EHEko kideen ustez, «egun, espainiar eta frantziar estatuek, Euskal Herria menperatzeko erabili duten asimilazio prozesuagatik dira nagusi espainiera eta frantsesa euskararen herrian». Alde horretatik, «euskarak lurralde osoan duen menpeko izaera politiko eta soziala» salatu zuten.

«Herri euskaldunarentzat benetako konponbidea bilatzeko, asimilazio prozesua gelditzea izan beharko da guztion lehentasuna», gaineratu zuten.

«Paisaia arrotza»

Euskararen egoera normalizatzea eta «asimilazio» prozesua geldiaraztea dira «Ezabatu eta euskaraz bizi» ekimenaren helburuak.

«Euskal Herriko paisaia linguistikoa erabat arrotza da oraindik, eta `Ezabatu eta euskaraz bizi' ekimena paisaia horri buelta emateko jaioa da», adierazi zuten EHEkoek.

«Ekimen berritu honen bitartez, paisaia linguistiko erdalduna iraultzeko deia zabaldu nahi dugu», azaldu zuten erakunde euskaltzaleko ordezkariek.

Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako. EHE taldea dagoen herrietan bizikleta martxa, olinpiada, kalejira eta abarretan parte hartzera eta EHE talderik ez den herrietan «ekimena norberak propio bihurtzeko eta zapalkuntzari margo eta koloreekin erantzuteko deia» egin zuten.

Bestetik, datozen hauteskundeei begira aldarrikapenak egingo dituztela jakinarazi zuten. Lehendabizikoa, «gaur bertan Madrili begira abiatuko duguna; bigarrena, aldiz, datorren maiatzean, Parisi zuzenduta egingo duguna».

Azkenik, «Ezabatu eta euskaraz bizi» ekimenak helburuak beteko dituela ziurtatu zuten, beren hitzetan, «Euskal Herri euskaldunerako bidea egiteko prest baita euskaltzale andana».

Euskaraz bizi ezinik

«Arlo guztietan euskaldunon eskubideen urraketa etengabea da. Euskarak ia ez du presentziarik lan munduan. Euskaraz bizitzeko trabak baino ez ditugu», salatu zuten EHEko ordezkariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo