GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ERREMONTEA Binakako Txapelketa

Oreka helburu, txapeldun asko eta ondo banatuta

Agirrezabala, Aizpurua eta Matxin III.a dira larunbatean hasiko den txapelketako berrikuntza nagusiak.

p039_f01_445x435.jpg

Jon ORMAZABAL

Oreka handia eta faborito garbirik eza izango dira larunbatean hasiko den Binakako Erremonte Txapelketako ezaugarririk nabarmenenak. Partida guztiek emozioa izatea helburu hartuta, ahalik eta bikoterik orekatuenak prestatu ditu Oriamendik, eta, hala, lehiaketan izango diren sei bikoteetan txapelketa irabazi duen pilotari bat gutxienez izango da. Hain zuzen ere, Zeberio II.a (1998, 2001, 2004, 2004, 2005 eta 2010), Ezkurra (1994, 1999 eta 2007), Urriza (2007, 2008 eta 2010), Lizaso (2007), Etxeberria III.a (2010) eta Urrutia (2005).

Horrenbestez, bi multzotan banatutako sei bikotek hartuko dute parte larunbat honetan hasi eta abenduaren 17ra bitartean luzatuko den txapelketan. A multzoan Ezkurra-Aizpurua II.a, Zeberio II.a-Ion eta Urtasun-Etxeberria III.a arituko dira, eta, B multzoan, berriz, Juaristi-Lizaso, Urriza-Agirrezabala eta Matxin III.a-Urrutia. Beraz, egungo txapeldunek, Urriza eta Etxeberria III.ak, ez dute iaz lortutako txapela elkarrekin defendatzeko aukerarik izango. Hain zuzen ere, bi baino ez dira iaztik errepikatuko duten bikoteak: Zeberio-Ion eta Juaristi-Lizaso.

Parte-hartzaileei dagokionez, hiru izango dira iazko txapelketarekin alderatuta izango diren berrikuntzak, Agirrezabala, Aizpurua III.a eta Matxin III.ak Olazar, Uterga eta min hartuta dagoen Julen San Miguelen lekua hartuko baitute. Doneztebeko atzelariaren hutsuneak Utergarengan eragin zuzena izan du, printzipioz, enpresaren nahia zazpigarren bikote bati lekua egitea baitzen. Aldiz, San Miguelek jokatzerik izango ez duenez, sei bikote izango dira azkenean eta bere herriko aurrelaria txapelketatik kanpo geratu da.

Enpresako ordezkari Francis Sistiagaren hitzetan, «berrikuntzak beti dira onak zaleentzat, eta, gainera, Agirrezabala eta Santi Aizpuruaren kasuan, azken hilabeteotan egindako lan onaren saria lortu dute. Maila handia eman dute, baita estelarretan ere, eta horrek zabaldu dizkie binaka urte guztian jokatzen den txapelketarik garrantzitsuenaren ateak».

Aizpuruaren debuta

Xanti Aizpuruaren kasua benetan nabarmentzekoa da, 36 urterekin lehen aldiz jokatuko baitu lehen mailako txapelketa tolosarrak. «Ezkurrarekin beste mota batzuetako txapelketak jokatu ditut, baina hauxe izango da nire lehen txapelketa nagusia. Egunak hurbildu ahala, jokatuko genuela esaten ziguten, baina ikusi arte ez genuen sinetsi nahi», azaldu zuen Ezkurra handiaren atzelaria izango denak.

Lehiaketa sistemari dagokionez, iazko eredu bera errepikatuko da; hala, lehen faseko ligaxkako multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak igaroko dira finalerdietara. Bertan, multzo bakoitzeko lehen bikotea beste multzoko bigarrenaren aurka neurtuko da; finalera heldu nahi duen bikoteak bi partida irabazi beharko ditu. Lehen fasean ez bezala -lehia guztiak Galarretan jokatuko dira-, finalerdietako hainbat norgehiagoka Uharteko Euskal Jai Berrin jokatuko dira. Finala partida bakarrera jokatuko da, abenduaren 17an, Hernaniko Galarreta pilotalekuan.

Horiek horrela, aurtengoan Javier Urriza iruindarrak sekula baino zailagoa izango du debutatu zuenetik ohikoa duen ohitura errepikatzea; hau da, binakako finala jokatzea. 2007 profesionaletarako jauzia eman zuenetik, urtero egon da finalean, hiru alditan txapela janztea lortu duelarik. «Pixka bat itxaron behar da bikote bakoitzak nola erantzuten duen ikusteko; orduan hasiko gara faboritoez hitz egiten. Ni oso pozik nago Igor Arrizabalagarekin jokatzearekin. Ez da hausten duen atzelaria, baina oso segurua da eta nik oso gustura jokatzen dut berarekin. Gainera, kantxatik kanpora ere oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Gozada bat izango da berarekin bikotea osatzea», azaldu zuen.

Berdintasuna

Jokoan egongo diren sei bikoteetako bakoitzean, lehiaketa honetan txapela jantzi duen pilotari bat gutxienez egongo da.

euskal jai berri

Lehen ligaxkako partida guztiak eta finala Galarretan jokatuko diren arren, finalerdietako zenbait norgehiagoka Uharteko Euskal Jai Berrin jokatuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo