GARA > Idatzia > Kultura

Alexis Jenni biologia irakaslearen lehen nobelak irabazi du Goncourt saria

«L 'Art français de la guerre» (gerraren arte frantsesa) orain arte ezezaguna zen Alexis Jenniren lanak eskuratu du aurten literatura frantseseko sari sonatuena, Goncourt izenekoa. Renaudot saria, aldiz, Emmanuel Carrere idazle ospetsuak jaso du, «Limonov» liburuarengatik.

p040_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Orain dela 48 urte Lyonen jaiotako Alexis Jenni biologia irakaslea indarrez sartu da letren munduan; kritikak definitu bezala, «maisu-kolpea emanez», Estatu frantseseko saririk entzutetsuena lortu baitu lehenbiziko nobelarekin, «L' Art français de la guerre» izenekoarekin. Gallimard argitaletxeak kaleratu du XX. mendeko kolonia gerra frantsesak, Aljeriatik Indotxinaraino, gogora ekartzen dituen lana.

Kontent eta harrituta, Michel Houellebecqen lekukoa hartu zuen atzo Jennik. Houellebecquek zeresan handia eman du bere lehendabiziko nobelatik eta iaz «La Carte et le territoire» bosgarren eleberriarengatik sari bera jaso zuenean ere hautsak harrotu zituen plagioa zela eta ez zela.

Bozen aurreneko itzulian lortu zuen Jennik lehenbiziko saria, bost aldeko bozekin, eta bigarren lekuan gelditu zen Carole Martinezen «Du Domaine des Murmures».

Lehenago Lyongo idazlea literaturan indarrez sartu dela erran dugu, baina behin baino gehiagotan zapuztu zaizkio proiektuak eta horregatik, kaleratzeko asmorik gabe idatzi omen zituen liburu honetako 630 orrialdeak. Gero, editore bakarrari bidali zizkion, Gallimardi. Atzo aitortu zuenez, nobela bat idaztean «arrakastarekin egiten da amets, baita sariarekin ere» eta Goncourt irabazi izana «aparta» izan da. 1903tik ematen dituzte sari hauek eta hasieran idazleak hamar euroko txeke soil bat jasotzen badu ere, geroago iristen zaio benetako ordaina, izugarrizko ospea eta abantaila ekonomiko handiak, egile eskubideak direla-eta. Radio France Internationalek zehaztu zuenez, batez beste 400.000 ale saltzen dituzte idazleek sariari esker.

Jennik gerren inguruan hausnartzen du bere liburuan eta azaldu zuenez, inspirazio iturri izan da berarentzat 2010ean agintari frantsesen artean sortutako identitate nazionalaren eta immigrazioaren inguruko eztabaida. Irakurlea gogoetara bultzatzea da bere nahia.

KOLONIETAKO GERRAK

Jennik ofizial erretiratu baten istorioa kontatzen du, parte hartu zuen gerra kolonialen oroitzapenak josiz, eta gogoeta egiten du identitate nazionalaz eta frantsesen identitatea markatu duten hogei urteotako gerrez.

Ficha

Lugar: Muelle de Uribitarte, frente al Ayuntamiento.

Fecha: Del 15 de mayo al 23 de agosto.

Organiza: Diputacion Foracion acion Foral de Bizkaia.

Precio de la entrada:

Gratuita.

Emmanuel Carrere, beti irakurleak astintzen

Goncourtekin batera ematen den Renaudot saria faborito argiari eman zioten, Emmanuel Carrereri (Paris, 1957). Aldeko sei bozekin lortu zuen saria «Limonov» bere liburuak; bigarrenak, Sylvain Tessonek, lau lortu zituen.

Carrerek Eduard Limonov idazle eta politikari errusiarraren erretratua egiten du nobela honetan, Alderdi Nazional Boltxebikearen sortzaile eta liderrarena. Irakurle anitzek maite duten egilea da eta bere aitzineko lanak, «La Classe de neige», «l' Adversaire» edo «D' autres vies que la mienne» adibidez, hogei bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Miren Artetxe «Zazpika»ko gure kolaboratzaileak joan den abuztuan egilearen profila egin zuenean, irakurleak astintzen dituela azaltzen zuen, ez dituela behin ere berdin uzten: «Bere obraren zatirik handiena errealitate hutsean oinarritzen da; izan ere, berak ere argitzen duen bezala, horietan materia nahikoa aurkitzen baitu bere liburuetarako. Eta irakurleari ia beti kostatzen zaio errealitatearen eta fikzioaren artean bereiztea, Carrerek ez baitu arazorik narratzaile bilakatzeko, ezta pertsonaia ere». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo