Anartz BILBAO Musikazalea
Sarri sari, sari Sarri...
Hitzontzia omen da «chatty» hitzaren esanahia ingelesez, eta salataria izendatzeko erabiltzen ei dute. Esangura horrekin sortu zuen Toots Hibbertek «Chatty chatty» kantua, eta «Just like That» lanean ezagutzera eman 1980an.
Handik gutxira Sarri eta Pikabea bozgorailuan zarratu ziren Martutenetik atera gosez, eta jamaikar doinuak baliatuz balentria kantu sonatu bihurtu zuen Kortatuk (ez da Muguruza anaiek Toots & the Maytals taldearen musikarekin egindako bertsio bakarra).
Hortik aurrerako kontua ezaguna eta erromerietako dantzaldietara mugatua zegoen, harik eta poetak «Moroak gara behelaino artean» saiakera eman, Euskadi saria merezi eta Lakuak kalapita sukaldatu eta dirusaria bahitu duen arte. Blanca Urgell andreak ez dio alferrik eman orain gutxi (urriko zenbakian), «Bilbao» periodiko propagandistikoari, «Las subvenciones crean dependencias muy perversas» titularra, diru laguntzak ezabatu nahi dituzten seinale. Kultura sailburuak esatea ere... tumatxa hi!
Zaharragoa da, 2009ko otsailekoa, «Rolling Stone» aldizkariak «Rock'N'Roll Lehendakari» izendatu zuen erreportajea. Patxi Lopez musikazalea, saxoa jotzen ageri zen bertan, besteak beste, jotzen ez dakiela aitortzen zuen arren. Eta beste zenbait aitortzen artean... «cuando el Rock Radical Vasco, Kortatu me volvían loco» dio.
Euskadi sarietara bueltatuta, hilabete bukaeran ospatuko omen da sari banaketa... eta ikusten nago dagoeneko: aretotzarra agintariz betea, sarituak oholtza gainean; eta Urgell mikrofonora hurbiltzean... estalkia kenduta bizarzuri bat bozgorailutik atera da, Lopezek ulertzeko moduko eta karibetar doinuz zipriztindutako gaztelera ederrean «¿qué hay de lo mio?» herabe galdetuz.