Pello Urzelai 2011/11/4
Ziklo aldaketa
berria
(...) Espainian, ziklo aldaketa gobernu txandakatzearekin lotuta dago (...) haiek [herritarrek] ez diote, antza, sinesgarritasunik ematen [PSOEri] gobernua gidatzen jarraitzeko. PPk baliatuko du egoera hori bere onerako, boterea berreskuratzeko, ia ezer egin gabe.
Beste ziklo aldaketa, Euskal Herrian gertatzen ari dena, askoz sakonagoa da, borroka armatuaren ziklo luzearen amaierarekin lotuta baitago. ETAren jarduera armatuaren amaiera iragarri eta hilabetera gertatuko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, erabakiaren dimentsio historikoa ongi barneratzeko denborarik gabe. Ziklo aldaketa honek erreferentziazko egun bat baldin badu (2011ko urriaren 20a), ziaboga luzekoa da, aspaldian hasitakoa eta oraindik ere denboran iraungo duena. Horregatik, oso zaila da antzematea ziklo historiko honen aldaketak nolako eragina izango duen azaroaren 20ko hauteskundeetan.
Paraleloki, borroka armatuaren amaiera egosten aritu den bitartean, indar independentisten indar metaketa eta berrantolaketa gauzatuz joan da. Horrek, bistan da, eragin zuzena izango du hauteskunde emaitzetan, mapa politikoa sinplifikatuko duelako eta garai hauetan indarrak biltzeak saria jasotzen duelako.
Aurrera begira, ikusteko dagoena beste honako hau da: ea, faktore ezberdinak uztartzearen eraginez, independentismoaren pizkundea etorriko den. Hau da, ea independentismoak hartuko duen abertzaletasunaren nagusitasuna. Baliteke Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ez izatea egokienak aldaketa edo bilakaera hori gertatzen ari den edo ez neurtzeko, baina galdekizun hori egon egongo da azaroaren 20ko bozkalekuetan. Hala ere, hauteskundeetako emaitzek, bederen, aldaketa prozesuaren heldutasunari buruzko argibideak emango dituzte. Hurrengo pausoen erritmoa markatzeko adina.