GARA > Idatzia > Mundua

Ehun lagun hil dira Nigeria iparraldean islamistek egindako erasoetan

Boko Haram talde islamistak bere gain hartu du ostiral gauean Damaturu Nigeriako iparraldeko herrian hasi zen erasoaldia. Gobernuaren zein Armadaren egoitzak izan dira erasotzaileen jomuga, baita eliza batzuk ere. Ehunen bat hildako zenbatu zituzten bart.

GARA | KANO

Boko Haram talde islamistak egindako erasoek eragindako hildako kopurua ehun lagunekoa izan liteke, atzo aipatutako datuen arabera. France Presse agentziak zioen, Gurutze Gorriko iturriak aipatuta, gutxienez 63 hildako eragin dituztela atentatuek, baina beste lekuko batzuek adierazi zuten gutxienez 80 hildako izan zirela, eta Efe agentzia espainolak bizia galdutakoen kopurua ehundik gorakoa izango dela zioen poliziakide baten adierazpenak jaso zituen.

Abul Qapa Boko Haram talde islamistako eledunak «Daily Trust» egunkariko kazetariei jakinarazi zienez, tankera horretako eraso gehiago egingo dituzte.

«Hemen gerra hasia zegoela zirudien -esan zien kazetariei Benard Ogbeifun Damaturuko artisauak-. Une honetan ez dago polizia bakar bat ere kalean. Erasoek elizak ere suntsitu dituzte. Erietxean makina bat zauritu ikusi dut».

Umar Gambo herritarrak Reuters agentziari esan zion berak 80 gorpu baino gehiago ikusi zituela gorputegian. «Ez dut erokeria hau ulertzen», zioen.

Elizak suntsitzeaz gain, Damaturuko base militarrari ere eraso egin zioten, Yoba estatua zaintzeko indarrak hartzen dituen egoitza nagusiari, alegia.

Eraso horietako bi, gutxienez, erasotzile suizidek egindakoak izan ziren. Suleimon Lawal Yoba estatuko poliziaburuak horietako bat ikusi zuen, bertatik bertara: «Gure eraikin baten aurkako eraso suizida bat izan zen, bonba bat leherraraziz egindakoa. Erasotzailea auto batean iritsi eta eraikinera sartu zen, eztanda eragin aurretik».

Borno estatuko hiriburu Maidugurin ere izan zen erasorik ostiralean. Bi erasotzaile hil ziren bertan, beren autoko lehergaiek eztanda egin zutenean.

Potiskum Yobako hirian ere izan zen atentaturik, baita Kadunan ere. Azken hiri horretan erasotzaileek tiro egin zieten San Jose elizara zihoazen pertsonei. Bi emakume hil zituzten eta gutxienez hamalau zauritu eraman zituzten erietxera. Azken sei hilabeteotan Kadunan egin den era horretako seigarren erasoa izan zen.

Orain egun batzuk Maidugurin, Boko Haram taldearen aurkako operazioan, Armadak milaka arma atzeman ondoren iritsi dira eraso horiek.

Aipatu talde islamistak bere gain hartu zuen abuztuaren 26an NBE Nazio Batuen Erakundeak Abuja hiriburuan duen egoitzaren aurkako erasoa: 24 hildako.

Gainera, Boko Haramek Zakaria Isa NTA telebista kate publikoko kazetaria hil zuen Maiduguri hirian urriaren 22an.

160 milioi

Nigeriak 160 milioi biztanle inguru ditu eta Afrikako herrialderik populatuena da. Berrehunen bat talde etniko ezberdin elkarrekin bizitzera behartuta daude eta era guztietako gatazkak sortzen dira

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo