Hezkuntza sistema iraultzeko laia hartu dute Ikasle Abertzaleek
Murrizketen gainetik, «biharko Euskal Herria eraikiko duen eskola berria» sortzea ezinbestekotzat jo zuten atzo Ikasle Abertzaleek Villabonan, Ikasle Egunean. Horretarako, hezkuntza markoetan «benetako eraldaketa» eragin beharra dagoela gaineratu zuten. Lanean jarraitzeradei egin zuten, baita Ikoitz Arrese ikasleak ere, espetxetik bidalitako gutunaren bidez.
GARA | VILLABONA
Ez dituzte sekula gonbidatu, baina euriak eta eguraldi kaskarrak beti topatzen dute euren lekua Ikasle Abertzaleek (IA) urtero ospatzen duten Ikasle Egunean. Zoritxarrez, atzo Villabonan egindakoan ere ez zuten hutsik egin. Hala ere, hasierako zirimiria zaparrada bilakatu zen arren, jendetza bertaratu zen aurtengo edizioan parte hartzera eta giroaz gozatzera.
Goizeko eta arratsaldeko ekintzen ostean, 19.00etan ekitaldi politikoa iritsi zen. Haizea Solagurenbeskoa IAko kideak hartu zuen hitza, ordezkatzen duen taldeak aurrerantzean egin beharreko urratsen inguruan mintzatzeko eta etorkizuneko erronkak eta beharrak zeintzuk diren zehazteko.
Lehenik eta behin, gaur egungo murrizketa, errepresio eta azpikerien gainetik, «biharko Euskal Herria eraikiko duen eskola berria» sortzea ezinbestekoa dela adierazi zuen. Horretarako, «hezkuntza markoetan», unibertsitate, ikastetxe nahiz lanbide heziketako zentroetan «benetako eraldaketa» eragin behar dela azpimarratu zuen eta, hain zuzen, etorkizuneko eskola eskuratzeko bide horretan, «borrokak» garrantzia handia izango du.
Horren ondotik, mezu berbera helarazi zuen Ikoitz Arrese ikasleak, Navalcarneroko presondegitik idatzitako eskutitzaren bidez. Iazko urriaren 23an Polizia espainolak gazteen aurka egindako sarekadan atxilotu zuten Arrese eta, espetxetik, borrokari eusteko deia egin zien ikasle eta abertzaleei. Bere hitzetan, estatuek badakite «gazte mugimenduan lanean gabiltzan gazteak garela herri hau egunez egun eta arloz arlo eraikiko dugunak», eta ildo horretan kokatu ditu ikasleen borroka eta Ikasle Eguna bera ere.
Iraultza haziak
Orain arteko lorpena aurrekoek egindakoaren jarraipena direla esan zuen IAko kideak. «Borrokaren esperientzia eta konpromisoak hezi gaituen iraultzaren haziak gara. Gutariko bakoitza iraultza hazi txiki bat da».
Garai batean arbasoek laiaz lurrari bira ematen zioten legez, ikasleek sistema iraultzeko laia hori bera hartzera dei egin zien Villabonan zirenei, «ikasleria eraldaketaren subjektua» delako. «Gugandik hasi, sistema bera irauli eta herria askatuko duen Euskal Eskola Nazionala eraiki behar dugu».
«Elkartasuna eta lankidetza baliatuta, tokian tokiko lanak garrantzia handia duela nabarmendu zuen eta honako mezua helarazi zien ikasleei: «Guk guztiok barruan dugun iraultza hazi hori erein eta ikastetxez ikastetxe, fakultatez fakultate, benetako ikasle mugimendu sendo eta indartsua altxatzera jo behar dugu».
Goizean Ikasle Topaketak egin zituzten; ikas-mailaka banatuta, bakoitzaren errealitatea aztertu zuten taldeek. Parte hartze handia izan zen: eztabaida eta hausnarketen ondoren, aurrerantzean eman beharreko pausoen inguruan mintzatu ziren.
Frontoian egindako bazkari jendetsuaren ostean, bertso saioa izan zen, baina haurrek ere izan zuten gozatzeko aukera: Porrotx, Mari Kalanbre eta Largabista ere izan baitziren Villabonan.