Sei hitzordu jarri ditu Katamalok, gaur Gasteizen hasi eta 18an Durangon bukatuta
GARA | GASTEIZ
2008ko azaroan Durangoko Plateruena kafe antzokian eskaini zuten azken kontzertutik sarritan zirikatu dituzte Katamalo taldea atondu zuten idazle eta musikariak kantu haiek berriz taularatu ditzaten. Katamaloko kideak beste hainbat egitasmotan buru-belarri aritu direlarik, orain arte ezin izan dute emanaldirik ganoraz prestatu. Orain, biratxo bat prestatu dute azarorako, sei dataz osatua eta gaur bertan Gasteizen abiatuko dena. Kontzertu sorta honetan orduko doinuak zein berriak, orduko berbak zein hobeto pentsatutakoak partekatuko dituzte Bihotz Bakartien Klubera hurreratzen direnekin, esker ona kantuen bidez adieraztea baino gauza ederragorik ez dagoelakoan.
Gaur Gasteizko Jimmy Jazz aretoan abiatuko den bira (20.00etatik aurrera), Bilboko Antzokira helduko da azaroaren 10ean (sarrerak agortuta daude dagoeneko), Hazparneko Ttattola gaztetxera azaroaren 12an, Donostiako Antzoki Zaharrera azaroaren 13an (hemen ere sarrerak agortuta daude), Iruñeko Gurutze plazako institutuko antzokira azaroaren 17an, eta Durangoko Plateruenara azkenik, azaroaren 18an.
Katamaloren 2011ko biran parte hartuko duten musikariak hauek dira: Alex Arregi (ahotsa eta gitarra), Aintzina Lekue (arrabita), Gorka Mugarza (eskusoinua), Gorka Urbizu (ahotsa eta gitarra), Gotzon Barandiaran (ahotsa, gitarra, cuatroa eta ukelelea), Itsaso Etxebeste( baxua), Itziar Castrillo (saxoak), Karlos Arancegui (bateria) eta Nerea Urbizu (ahotsa, teklatua eta kaxa).
Katamalo taldea Barandiaran larrabetzuar poeta gazteak Susa etxean 2007an argitaratu zuen poesia lan homonimotik sortu zen eta bi disko plazaratu zituen (zuzenekoa bata).