GARA > Idatzia > Kultura

«Maddi pirata» da Zirtaka umeentzako antzerki talde berriaren aurreneko lana

GARA | BILBO

Bilbon umeen antzerkia jorratzeko asmoz sortu da Zirtaka antzerki talde berria, Zenbat Garak bere baitan biltzen duen Kurkuluxetan kultur elkartearen eskutik eta aurretik Ane Monna, Oskola eta Karramarroi txotxongilo taldeak jaso duen eskarmentua baliatuta.

Zirtakak «Maddi pirata» antzezlana du aurkezgai, taularatuko duten lehena. Taldekideen hitzetan, «haurren fantasiatik hurbil» dagoen lana dugu honakoa, «bai gaia bera umeentzat oso aproposa delako bai gure protagonistak publikoaren begikotasuna eta atxikimendua lortuko dituelako, besteak beste, Maddi piratari jazotzen zaizkion gertaerak edozein umeri ere gerta dakizkioke-eta».

Antzezlanak Maddi kostaldeko neska alai bat aurkezten digu, familiarekin pozik bizi dena, harik eta egun batean Miss Cauliflower erregina zitalak gaiztakeriak egin eta Txerriface kapitainaren laguntzarekin dirua lapurtu eta bizitza izorratzen dien arte. «Asko da jokoan dagoena, Maddiren ametsak, bere ohiturak eta... azken finean, bere herriaren askatasuna». Beraz, neskatoak erabaki sakon bat hartu eta pirata bihurtuko da!

Zirtaka antzerki taldeko arduradunen esanetan, «piratak, sorginak eta enparauak askotan gaizkiletzat aurkeztu dizkigute, baina ez da beti horrela izan». Ez bederen Maddi neskatoaren kasuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo