GARA > Idatzia > Kultura

Modernitatearen indarra erakutsi zuen Suediako abesbatzak

Svenska Kammarkör abesbatza izan zen garaile atzo Tolosan, Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusiaren 23. edizioan. Aretoa erabat bete zen, adin guztietako jarraitzaileez gainera, eta horietako asko txapelketan parte hartzen zuen euskal abesbatza bakarreko, Kup Taldeko, kideen familiakideak ziren. Suediarrek ikuskizun alaia eskaini zuten, abesti garaikideak kantatuz eta eszenatokiaren erabilera ezberdina eginez.

p052_f01_200x096.jpg

M. LARRINAGA | TOLOSA

Guztira, bost talde ziren atzo Tolosan ospatutako Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusian, eta laugarrengoa izan zen agertokira irteten Suediako abesbatza. 2010ean Italian egindako txapelketa irabazi zuen talde honek. Abesti motelak hautatu zituzten suediarrek, ahotsaren bolumenarekin jolasten daukaten abilezia erakusteko aproposak. Saioaren une batean ikusleei begira kokatu ziren, zuzendaria aurrean izan gabe eta aurrez aurre publikoa zutela, abesbatzen ohiko portaeratik erabat aldenduz.

«Money» abestia, adibidez, musikale gisara hasi zen. Jakak kentzen hasi ziren banan-banan alkandora arrosak agerian utziz. Eszenatoki osoa erabili zuten, tarteka jendeari bizkarra emanez, abestian zehar tokiz mugituz... Ikusleen txaloek irabazletzat eman zituztela suma zitekeen, txalo zaparrada itzela eskaini baitzioten koruari.

Gauari hasiera eman zion taldea, aldiz, Bulgariako txapelketan irabazle atera zen Italiako Coro Citta Di Roma izan zen. Soineko beltzez jantzita agertu ziren kide guztiak, baita zuzendaria ere. «Cantate Domino» izan zen lehen abestia, italieraz abestua. Ahotsak baxu eta ozen ederki nahastu zituzten, amaiera goxo bat emanez. Gainerako abestiak modu indartsuan interpretatu zituzten. Hala, zati goxo eta motelak azkarrekin nahastu zituzten. Gainera, azken abestia txalo eta oin hotsekin bete zuten, ahots ezberdin ugari batera kantatuaz. Ikusleek txalo sorta ederra eskaini zieten amaieran.

Bigarrenik, Kup euskal taldea agertu zen oholtzan. Ikusleek txalo eta txistu ugari eskaini zizkioten taldeari eszenatokian kokatzen ziren bitartean. Ikuskizuna hasi aurreko animo adierazpen indartsuek, beraiengan itxaropen handia zela erakusten zuten. Abesti laburrez betetako errepertorioa eskaini zuten euskaldunek. Emanaldia «Elisabheta Vero Impletum Est Tempus» abestiarekin hasi zuten, motel eta ahots goxoekin abestua. Toki aldaketen ondoren, pianoarekin lagundutako kantua eskaini zuten. Aurrekoen aldean, gorputz mugimendu gehiago izan zuten euskaldunek, ikuskizunari bizitasuna emanez. Orokorrean abesti azkarragoak interpretatu zituzten eta ikusleek asko eskertu zuten emanaldia txistu eta txalo zaparrada luzeaz. «Gora!» oihukatu zuenik ere izan zen. Aurrekoek baino programa ederragoa eskaini zutela ere entzun zen.

Ahotsa erabiliz

Alemaniako Consono Chamber abesbatzak ere makina bat txalo jaso zituen taularatu zirenean aretoan zeuden herrikideengandik. Partaide guztiak beltzez jantzita agertu ziren, uniforme zehatzik gabe, egunerokotasun itxura emanez.

Ahotsa abesteko baino gehiagorako erabili zuten alemaniarrek, abestiari atmosfera bat ematea ere lortu baitzuten egindako soinu ezberdinekin. Aldi berean, abestu gabeko hitzak ere sartu zituzten aretoa hotsez betez. Kantuetako bat amaitzeko, nota oso altu baten ondoren, murmurio batekin amaitu zuten kide guztiek batera ikusleak harrituz. Abesti azkarrago eta dibertigarriagoen aldeko apustua egin zuten. «Mieliteko» abestiaren amaierak barreak eragin zituen ikusleen artean, bat-batean amaitu baitzuten aurpegi komikoak ipiniz. Azken abestia azkarra izan zen eta abeslariak ere lasaiago egon ziren gorputza askeago edukiz eta aurpegia ere instrumentu gisa erabiliz, kantuari espresioa emanez.

Azken taldea haur abesbatza izan zen, Hungariako Cantemus Children's Choir taldea. Hungariako jantzi tipikoak zeramatzaten korua osatzen zuten neskek. Guztiak neskatoak izanik, gizonezkoen ahots baxuaren falta nabari zen, baina maila bikaina erakutsi zuten abestutako kantu guztietan. Emanaldia atsegina osatu zuten neskatxen ahots goxoek. Azken abestia denetan biziena izan zen eta oin eta txaloak erabili zituzten hori lortzeko. Eskarmentu txikiagoa izan arren, Tolosan bildutakoen onespena jaso zuten amaieran.

EMANALDI ALAIA

Ikuskizun alaia eskaini zuten Suediako abesbatzako kideek, eta horrek garaipena eman zien. Mugimenduaz, dantzaz eta antzerki ukituaz jantzi zituzten interpretatu zituzten abestiak.

NAZIOARTEAN

Guztira, bost abesbatza izan ziren atzoko Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusiko parte hartzaileak. Euskal Herriko talde bakarraz gain, Italiatik, Alemaniatik, Suediatik eta Hungariatik etorritakoak izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo