GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Hiru urtean huts egin duten neurri berberak, datorren atzeraldi ekonomikoari aurre egiteko

Europako Batzordeak atzo iragarri zuenez, Europako ekonomia atzeraldian sar liteke berriz ere. Beraz, hutsetik hasi beharko du, baina duela hiru urte baino askoz egoera kaskarragoan. Hiru urtean, euroguneko agintarien eta munduko erakunde ekonomikoen arduradunen kezka nagusia, benetako obsesioa, zor publikoa gutxitzea izan da, horretarako zenbait herrialderi murrizketa gogorrak ezarriz, eta neurri horiek, aldi berean, ekonomia suspertzea eragotzi dute. Hala ere, herrialde horietako gobernuek ekonomia suspertzeko eta langabeziari aurre egiteko neurri gisa ere aurkeztu zituzten, kontrako efektua izango zutela ziotenei jaramonik egin gabe. Hiru urteotan lan eta pentsio erreformak, soldata eta zerbitzu publikoen murrizketak eta pribatizazioak egin dituzte, baina herritar gehienentzat sakrifizio gogorra eta eskubide murrizketa izan diren horiek ez dira defizitaren krisiaren irtenbide izan eta ez dute ekonomia hazkundea eragiteko balio izan, ezta hurrik eman ere; aitzitik, gastu publikoaren murrizketak kontrako efektua eragin du.

Hala ere, eman lezake ez dagoela egoeraren erantzulerik. Inork ez du akatsik onartu, inork ez du oker jokatu duela esan. Are okerrago, hiru urtean hartutako neurri gogorrek egoerari erantzuteko ez dutela balio izan argi ikusi ondoren, sekulako krisi politikoa eragin ondoren, errezeta berberak gomendatzen dituzte berriro ere, eta egoera larriagotik abiatuta.

Bestalde, Brusela bi abiadurako eurogunearen aurka agertu zen atzo. Alemaniaren eta Estatu frantsesaren jokabidea inoiz baino nabarmenago geratu da, laburbilduta esan bailiteke beren garapena bermatzeko moduko eurogunea diseinatu zutela -bere garaian hainbat herrialde beren klubera onartuz- eta orain, beraiek ere arriskuan daudela, zenbait herrialde, eurentzako «zama» direnak, gainetik kendu nahian. Herrialde horiei hainbat baldintza ezarri zizkieten eurogunean sartzeko; oparoaldia bukatu bezain laster, bertan jarraitu ahal izateko baldintza gogorragoak eta, azkenik, «bigarren abiadurara» baztertu nahi dituzte.

Europar Batasuna, izena aldatu bazuen ere, merkatu hutsa da. Batasun politikoari uko egin zion, eta ez zen gauza izan krisi ekonomikoari denek batera erantzuteko tresnarik sortzeko. Denak sartu ziren merkatuen menpeko jokora, batzuk haien aseezintasunari eusteko gai direla eta beste batzuk haien bazka baino ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo