Krisi garaia zeharkatzeko poesia proposatzen du Berzaitzek
Gandiagak, Itxaro Bordak, Xabier Letek, Joxean Artzek eta Pier Paul Berzaitzek berak idatzitako poema kantatuak bilduak dira kantari zuberotarrak kaleratu berri duen «Hemen» diskoan. «Hemengo» toki ederretan bidaiatzeko aukera eman nahi izan du Berzaitzek abesti horiekin.Ainize BUTRON | BAIONA
Bitoriano Gandiagaren «Hemen» olerkiaren izenburua daraman disko berria kaleratu du Pier Paul Berzaitzek. Egun bizi dugun krisi garaiak dakarren «perpaus ezkorren» parean, diskoak biltzen dituen hamahiru olerki-kantaren bidez mezu baikorra zabaldu nahi du artistak. «Melankolikoa izanik ere, poesia beti positiboa da. Poesia eta kantuak garai hau gauza ederrekin zeharkatzeko parada ematen dut», argitu zuen.
«Hemen» diskoak, kantariak idatzitako poemekin batera, Euskal Herriko hainbat kantari eta olerkariren lanak biltzen ditu. «Atharratzeko jauna» eta gisako abesti zaharrak eta egungo abesti berriak batu dira bertan. Kantu berrien artean, Jean Pitrau Atharratzeko sindikalistaren alde Berzaitzek idatzitako «Ene lurra» olerkia aurki daiteke. Abesti horrekin abiatzen da, hain zuzen, diskoa. «Iragana eta oraina elkartzen dira lan honetan», azpimarratu zuen Anjel Valdes Elkar argitaletxeko ordezkariak. «Hemen» diskoa, Valdesen esanetan, «biziari buruz» mintzo da. Diskoan agertzen den Gandiagaren «Hemen» olerkia zuen bereziki aipatu Berzaitzek: «Olerki hau aukeratu dut, nire ustean, gaur egungo programa politiko onena delako». Horrekin, Gandiagaren olerkiei zien atxikimendua nabarmendu nahi izan zuen. «Nahi nuen Gandiagaren obrarekin ikuskizun oso bat egin, baina diskoarekin hasi naiz», argitu zuen. Idazle bizkaitarraren poema izan da, beraz, diskoaren motorea.
Hemen bizi
Harekin bere bizitzan eta kantagintzan garrantzia duten kantari eta idazleak agertzen dira: Beñat Sarasola, Xabier Lete, Mikel Laboa, Joxean Artze eta, bereziki, Itxaro Borda. Azken horri dagokionez, Berzaitzek harekiko duen lotura azaldu zuen: «Beti kantatu ditut Itxaro Bordaren olerkiak, eta ez dut ikusten disko bat bera barne izan gabe», zehaztu zuen atzo Berzaitzek.
Diskoarekin «hemen» bizi behar dugula adierazi nahi izan duela jakinarazi zuen. «Hemengo toki ederrak zein diren erakutsi eta horietan bidaiatzeko aukera eman nahi izan dut kantuaren bidez». Esku artean dituen egitasmoen berri ere eman zuen ere Berzaitzek. Amaiurren eta Maulen «Nafarroako erresistentzia egunaren» urteurrenaren karietara azalduko den ikusgarria eta Jean Pitrauri buruzko pastoralaren idazkera aipatu zituen.