Abian da «Nemekitepá», Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren film berria
Aste honetan ekin diote Patxo Telleriak eta Aitor Mazok elkarrekin landutako lana filmatzeari. Telleriaren beraren gidoiarekin, «Nemekitepá» euskara hutsean landuriko komedia erromantikoa da, baina genero honen ohiko ikuspuntua hankaz gora jartzera datorrena. 2012ko udazkenean ikusiko du argia.
Julene LARRAÑAGA
Patxo Telleria eta Aitor Mazo aktoreek 2008. urtean egin zuten jauzi zinema-zuzendaritza alorrera. «La máquina de pintar nubes» izan zen elkarrekin gauzatu zuten aurreneko proiektua, eta, egia esan, gauzak ez zitzaizkien batere gaizki joan; izan ere, 14 festibaletatik igaro zen filma. Zinemaren munduak bizi duen egoera ikusita bigarren pelikula gauzatzea zinez da txalogarria. Aste honetan hasi dira «Nemekitepá» proiektu berria gorpuzten. Erandioko Quiron ospitalean aurkeztu zuten proiektua atzo, eszena batzuk filmatzen ari baitira bertan. Sei asteko filmaketa izango da eta, dena ondo bidean, datorren udazkenean izango da emaitza ikusgai.
Aurreko proeiktuan ez bezala, kasu honetan umorearen aldeko apustua egin dute zuzendariek. Mazok azaldu zuen moduan, «debut zinematografikoa komedia dramatiko batekin egin genuen, eta orain komedia erromantiko baten txanda da». Telleriaren aburuz, ostera, komedia erromantikoa baino, komedia antierromantikoa da «Nemekitepá». «Ironiarekin jolastuz, maitasuna bera zalantzan jarri nahi izan dugu. Zentzu horretan, maitasunari inguruko ikuspegi ironikoa eskaintzen dion pelikula da», adierazi zuen Telleriak. Telleriak berak ondutako gidoiak bihotzeko gaixotasun larri bat sufritzen duen Mariaren istorio kontatzen du. Ospitalean hilzorian dela, bisitan joango zaio Xabi, Bartzelonan bizi den laguna. Bidean datorrela, ordea, espero ez duen zerbait jakingo du Xabik: Maria berarekin maiteminduta dago. Neskak azken hatsa bakean eman dezan, berak ere berdina sentitzen duela adieraziko dio Xabik, baina ezustean Maria onik aterako da eta Xabik bien arteko maitasun harremanean korapilatuta ikusiko du bere burua, Bartzelonan duen neskalagunaren bizkar.
Lantalde artistikoa eskarmentu handiko euskal aktore gazteek osatzen dute: Gorka Otxoa eta Sara Cozar arituko dira protagonista nagusien larruan. Horiez gain, Barbara Goenagak, Itziar Atienzak eta Mikel Losadak ere hartu dute parte, eta pasarte batean Unax Ugalderen parte hartze berezia izango da. Otxoa, Goenaga eta Losada bera ez dira berriak pantaila handian, baina Atienzaren kasuan, esaterako, aurreneko esperientzia du zineman. «Esperientziaz gozatzen eta ikaragarri ikasten» ari dela adierazi zuen aurrez telebistan eta antzerkian aritu den Atienzak. Bestetik, azken urteotan Estatu mailan ospe handia lortu duten Goenagak eta Otxoak gidoiaren originaltasuna eta kalitatea azpimarratu zuten, Losadak eta Cozarrek bezalatsu. Zuzendarien esanetan, filma ekarpen polita izango da euskal zinemarentzat. «Askoren ustez, -esan zuen Telleriak- film bat euskaraz egiteak mugatu egiten zaitu, baina, gure ustetan, euskaraz lan egitea gainsari bat da». Hala, filma euskaraz egitea erabaki zuten eta gaztelaniazko azpitituluak izango ditu.