GARA > Idatzia > Euskal Herria

Armada espainola herrian maniobrak egiten aritu dela salatu du Leitzako Udalak

Armada espainola Leitzan maniobrak egiten aritu dela salatu zuen atzo Nafarroako herri horretako Udalak, inork ere ez diela horren berri eman gaineratuta. Zuberoan ere maniobratan jardun dira Armada frantseseko soldaduak, Afganistanen egin beharrekoak prestatzen.

GARA | LEITZA

Armada espainolaren presentzia eta herriaren inguruetan egindako maniobra militarrak arbuiatu ditu Leitzako Udalak ohar baten bidez.

«Udalari deus jakinarazi gabe, inongo baimenik gabe eta herritarrak arriskuan jarriz», azken egunotan Leitzako lurretan militarrak maniobratan aritu direla zehaztu zuten.

Azaldu zutenaren arabera, «soldaduen presentzia izugarria» izan da. «Oinez ongi armatuta» ibili diren soldaduez gain, anbulantziak, kamioiak eta bestelako ibilgailuak ere baliatu ditu Armada espainolak bere ariketetan.

Gainera, Oier Eizmendi alkateak zehaztu zuenez, «Udalak kasualitatez eta hainbat herritarrek egindako deiei eta salaketei esker izan du horren berri».

Hori dela-eta, «Leitzatik eta Euskal Herritik joateko exijitu nahi diogu Espainiako Armadari. Hemen ez dute tokirik euren gerra-jolasek», gaineratu zuen Eizmendik.

Udalaren esanetan, «egun Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko itxaropentsuan, ez dago inondik inora justifikatua presentzia militar hori».

«`Bearnistan' operazioa»

Armada frantsesa ere maniobrak egiten aritu da egunotan Euskal Herrian. Kazeta.info web orriak azaldu zuenez, 80 biztanle dituen Zuberoako Lexantzü-Zunharre herrian elitezko soldaduen bisita izan zuten joan den asteazkenean.

Afganistanen Armada frantsesak dituen tropak prestatzeko egiten ari dira maniobra horiek. Izan ere, Armadaren Atharratze kantonamenduko herrixkak -eta Bearno inguruko beste batzuek- Afganistanekin «antzekotasun handia du» eta entrenamenduetarako erabiliko dute. Militarren foroetan «Bearnistan operazioa» izena eman diete maniobra horiei.

armistizioa

I. Mundu Gerraren Armistizioaren urteurrena da gaur, eta data berezi horren atarian aritu dira, hain zuzen, militarrak Zuberoan eta Bearnon maniobratan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo