Ventura Tomek preso jarraituko du, Belgikako Fiskaltzaren errekurtsoa ebatzi bitartean
GARA | BRUSELA
Bruselako Fiskaltzak errekurtsoa aurkeztu zuen atzo, epaileak Ventura Tome Estatu espainolera estraditatzeari ezezkoa eman ondoren. Apelazioak ez du oraindik datarik, baina legez hamabost egun igaro aurretik egin behar da. Ondorioz, apelazioa eman arte Tomek kartzelan jarraituko du.
Ventura Tome tafallarra Bruselan atxilotu zuten, Xabier Agirre gasteiztarrarekin batera. Efe agentziaren arabera, Tomeren defentsak, Auzitegi Nazionalak jarritako euroagindua ekiditeko, «Espainian giza eskubideak errespetatzen ez» direla argudiatu zuen.
Bestalde, Manex Castro eta Mikel Garmendia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten atzo. Hainbat herrikide joan ziren Madrilera Billabonatar biei babesa eskaintzera. Fiskalak 25 urteko espetxe zigorra eskatzen du Castrorentzat eta zortzi urtekoa, Garmendiarentzat.
Leioako Torturari Stop! taldeak hainbat ekintza egingo ditu hil honetan. 2010eko irailaren 14an, Erika Bilbao Leioako ezker abertzaleko kidea atxilotu zuen Guardia Zibilak. Bilbao bost egunez inkomunikatuta egon zen eta torturak salatu zituen. Inkomunikazioak iraun zuen bitartean, makina bat mobilizazio egin zituzten Leioan.
Leioako Torturari Stop! taldeak mozioa proposatu du orain. Bertan jasotzen denaren arabera, orduko mobilizazioetan Bilbaoren eskubideen defentsan parte hartu zuen herritar bati 3.000 euroko zigorra ezarri nahi diotela salatzen dute.
Iñigo Guridi, gose greban
Iñigo Guridik, Granadako espetxean dagoen Villabonako euskal presoak, gose grebari ekin zion astelehenean. Egun horretan berarekin ziegan zegoen presoa toalla batekin bere burua urkatzen saiatu zen eta, horren ostean, Guridi bakartu egin zuten. Ezbeharra gertatu zenean funtzionarioek izan zuten jarrera salatu nahi du protestaldiarekin Guridik.
Bestalde, Egin Dezagun Ekimenak Txus Martin presoak Basauriko espetxean pairatzen duen bakartze egoera salatzeko, auto karabana antolatu du iganderako, 12.30ean, Bilbondotik espetxera. «Bakartzeak Txusen osasuna arriskuan jartzen» duela salatu du; izan ere, gaixotasun sendaezina pairatzen du, nahasmen eskizoafektiboa, hain zuzen.