Kronika | «Kartzelako poemak»
Joseba Sarrionandiaren egia puskak, bihotzari edertasun urragarriz emanak
Mikel Etxaburu, Oier Guillan, Joxemari Iturralde, Jon Benito eta Jose Luis Otamendiren ahotsek Sarrirenganaino eraman zituzten atzo iluntzean Doka bete zuten lagunak. Poeta handiak 1980 eta 1985 artean espetxean idatzitako poemez edo egia puskez osatutako «Kartzelako poemak» liburu klasikoak «guztizko gaurkotasuna du, pixka baterako biharkotasuna ere bai», eta Susak, idazleari lehendik ere osoa zen lana are gehiago osatzeko eta gaurkotzeko eskatu, eta edizio berria atera du.
Maider IANTZI
«Behin munduan, asko legez, mutil bat/ harrapatu/ eta gaztelu handiko ziegarik ilunenean/ giltzapetu zuten./ Argi erreinu mehe bat sartzen zen bakarrik,/ leiho estutik, batzuetan./ Ez didazue sinetsiko, baina iluna ilunen eta/ errainua nabarmen zegoen batean/ mutila argi errainuaren gainean paratu eta/ korrika abiatu zen/ kanporantz, eta alde egin zuen desiratzeak/ balio duen lurraldera./ Hura bere errainuarekin ondo bizi izan bazen,/ guk ere bila dezagun geurea». Jose Luis Otamendik errezitaldiari amaiera emateko irakurri zuen «Ipuina» poema honek ongi borobildu eta laburbildu zuen ekitaldia, gehien aipatu zuten gauzetako bat izan baitzen esperantza eta argi errainuari heltzea.
Liburuaren hitzaurrea egin duen Otamendik nabarmendu zuenez, Joseba Sarrionandiak gurean inork ez bezala adierazi zuen kartzelako esperientzia poesiaren bidez. Berarentzat poesia libre izaten ahalegintzeko modu bat ere bazen, norbere mugak gainditzeko eta munduari mezu bat helarazteko bitartekoa. «Hunkitzen gaituzten eta ulertzen ditugun egoerak aukeratzen daki. Munduari egindako opariak dira poemak, nonahiko eta noiznahiko balio dute».
Baieztatu zuenez, banaezinak dira Sarriren obra eta garaia, eta horregatik, belaunaldi baten erretratua ere bada lan hau. «Kartzelaren muina erakusten du eta jendartera iritsi da oihartzuna. Iruditeria kolektiboaren parte da». Gorka Arrese editoreak erran zuen bezala, hagitz irakurria eta kantatua izan da; bertzeak bertze, Ruper Ordorikak, Mikel Laboak, Berri Txarrak-ek eta Ken Zazpik abestu dituzte poema hauek. Hemeretzi urte dira liburuaren lehendabiziko edizioa kaleratu zutenetik, eta bi urteotan ahiturik egon da dendetan.
Hitzaurregileak esandakoaren arabera, lan honen ezaugarrietako bat biltzen dituen neurri, tonu eta koloreen aniztasuna da, islatzen dituen askotariko unibertso aberatsak, egiten dituen konbinazio zeharo originalak. Eta ezin da irakurri, Donostiako kafe antzokian atzoko saioan bezala, galdera edo zalantzaren baten zimikoa sentitu gabe, tarteka apur bat barrua astindu gabe.