GARA > Idatzia > Mundua

«Narkotrafikoaren aurkako gerra», militarren eta poliziaren inpunitatea

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak Mexikon «narkotrafikoaren aurkako gerran» militarrek eta Poliziak egin dituzten giza eskubideen urraketak jasotzen dituen txosten bat argitaratu du. Tortura kasuak, desagertzeak eta exekuzioak bildu dituzte.

GARA | MEXIKO

Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) «narkotrafikoaren aurkako gerran» militarrak eta poliziak izaten ari diren jarrera salatu du, argitaratu berri duen txosten batean. 2006tik, Felipe Calderon agintera iritsi zenetik, jazo diren tortura kasuak, desagertzeak eta exekuzioak plazaratu dituzte bertan.

Human Rights Watch-eko Amerikako zuzendari Jose Miguel Vivancok esan zuenez, «estrategia militar horrek indarkeria gutxitu beharrean, segurtasun indarrek egindako erailketen, torturen eta bestelako neurrigabekerien areagotze lazgarria ekarri» du eta, bere hitzetan, «herrialdeko leku askotan gailentzen den nahasmen eta beldur egoera nagusitzea» soilik lortu du.

Datuak indarkeria zabalduen dagoen Mexikoko bost estatuetan -Baja California, Chihuahua, Guerrero, Nuevo Leon eta Tabasco- bildu dituzte, 200 elkarrizketa, azterketa estatistiko ofizial bat eta informazio publikoaren bitartez.

HRW erakundeak, zehazki, 170 tortura kasu, 39 desagerpen eta 24 exekuzio estrajudizial salatu ditu.

Gerra hau hasi zenetik, guztira 45.000 erailketa gertatu dira herrialdean, baina justizia federala 997 soilik ikertzen ari da.

Zigorgabetasuna

Eskubide zibilen urraketak larriki ugaritu direla, baina ikerketa eta judizializazioa ez direla areagotu azaldu du erakundeak.

Hain zuzen, «urraketa horiek egiten dituzten soldaduak jurisdikzio militarraz ikertzen eta epaitzen» dituzte, eta horren ondorioz «zigorgabetasun kasik erabatekoa» dutela salatu dute.

Ikerketa egin duten bost estatuetan, soldaduek zibilen aurka eginiko ustezko 1.615 delitu ikertzen hasi ziren, 2007tik 2011ko apirilera bitarte. Ordutik ez da soldadu bat bera ere zigortua izan. Horretaz gain, ministerioak ez du inolako oinarrizko neurririk hartu; hala nola, lekukoak elkarrizketatzea edota krimena gertatutako lekua ikuskatzea.

«Gehiegikeria hauek ez dira ia inoiz modu egokian ikertzen, baina, hala ere, ohikoa da boteredunek biktimak gaizkile gisa tratatzea eta hauek jarritako salaketak faltsutzat jotzea», agertu du Vivancok.

Gauzak horrela, «biktimek eta horien senideek euren ikerketa propioari ekitea» beste aukerarik ez dutela izaten adierazi du giza eskubideen aldeko taldeak.

Gobernuz kanpoko erakundeak justizia militarraren araudia aldatzeko gomendatu dio Gobernuari, indar armatuek eginiko delituak auzitegi zibilean epaitu ahal izan ditzaten.

HRW-ren TXostena

HRW erakundeak eginiko txostenean, Calderonek kargua hartu zuenetik, Mexikon, indarkeria zabalduen dagoen bost estatuetan, 170 tortura kasu, 39 erailketa eta 24 exekuzio izan direla salatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo