GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETAri elkarrizketa

«Soilik herriak berma dezake prozesuaren garapena, berea da protagonismoa»

p002_f01.jpg

Iñaki SOTO

ETAren adierazpena une historiko baten azken berria izan da eta, aldi berean eta ezinbestez, berri gehiagoren iturburu. ETA bera da une honen protagonista nagusietako bat, aktore politiko garrantzitsua. Nazioarteko Konferentziaren iradokizunei jarraituz, espainiar eta frantziar gobernuei gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketak abiatzeko deia egin die. Horregatik guztiagatik, erakunde iraultzailearen hitza eta iritzia bereziki interesgarriak dira uneotan.

Euskal jendarteak pozez hartu du bere jarduera armatuaren etetea azaltzen zuen adierazpena, zalantzarik gabe, baina aurrera begira zabaltzen den agertokia ziurtasun ezak markatuta dator. Alegia, gehiengo batek itxaropenez ikusten du etorkizuna, baina etorriko denari buruzko kezka logikoa da. ETAk une hau zergatik den «historikoa» azaldu nahi du. Aldi berean, euskal gizartearen sektore handi batentzat erreferentzia den heinean, une honetan dauden bizipen eta sentimenduei buruz ere hausnartu nahi du.

Euskadi Ta Askatasuna Euskal Herriko historia garaikidearen ardatzetako bat da. Era batean edo bestean, bere adierazpenak aro baten amaiera dakar. Baina zein zentzutan irekitzen da aro berria? Zein norabide hartuko du orain euskal gatazkak? Une historikoa abiapuntutzat hartuta, atzera nahiz aurrera begiratzeko une aproposa da euskal eragile guztientzat. Baita ETArentzat ere, jakina. Bere iritziak garrantzi berezia du.

ETAren adierazpena historikoa izan da. 50 urte eta gero, nola iritsi da erakundea erabaki hau hartzera?

Erabakia askapen prozesuaren une historikoarekin dago lotuta. Eta orain gauzatu den arren, hausnarketaren abiapuntua gutxienez hamarkada bat atzerago koka daiteke, Euskal Herrian aldaketa gauzatzeko baldintzak zeudela hausnartzen hasi ginenean. Ordutik begiratuta, hala ere, ez da prozesu egituratu eta lineala izan. Gogoeta sakon baten ontze prozesua izan dela esan genezake.

Hausnarketa horren erdigunean galdera bat agertzen zen: asimilazio saioa indargabetu baldin badugu eta aldaketarako baldintzak baldin badaude, zer egin behar dugu baldintza horiek aldaketarako aldagai erabakigarria izan daitezen?

Horrekin batera errealitate berri bat agertu zitzaigun. Lizarra-Garaziko esperientziak erakutsi zuen ahalmenak Estatuan alarma guztiak piztu zituen eta bere estrategian urrats kualitatibo bat ematea erabaki zuen: legez kanporatzearen bidez ezker abertzalea agertoki politikotik kanpo uztea. Azken helburua, oinarri sozialik gabe, erreferente politiko eta instituzionalik gabe, eraikuntza nazionalean sakontzeko aukerak indargabetuta, ezker abertzalearen ekimena borroka armatu hutsera murriztea zen, errepresio polizialak hala edo nola neutralizatuko zuela sinetsita.

Honek guztiak askapen prozesuan geldiune bat ekarri zuen, blokeoa. Eta kaltegarriagoa zena, sortutako baldintzak galtzeko arrisku bizian jarri zituen. Ezker abertzaleak iniziatiba hartu behar zuen, zepo horretatik ateratzeko eta aldaketa gauzatzea helburu zuen ziklo politiko berriaren oinarriak jartzeko. Hori, gainera, ezin zen edozein moduan egin. Ibilbideari sinesgarritasuna eman behar zitzaion eta zikloa bere osotasunean zabaltzeko bultzada erabakigarria behar zen. Ziklo bat itxi behar zen berria guztiz zabaltzeko. Eta horrek borroka armatuari bete-betean eragiten zion.

Orduan, askapen prozesuaren une historikoaz gain, borroka armatuaren inguruko eztabaida zehatza ere egin behar zen...

Bai, halaxe da. Eta ez da eztabaida erraza izan. Baina kezka nagusia zera zen: Euskal Herriak oraindik zapalduta eta bere eskubideek ukatuta jarraitzen badute, nola egingo dugu estatuek eraiki duten harresia erauzteko? Gure ustez, 50 urte hauetan borroka armatuak gauden unera iristeko eta dauden baldintzak sortzeko ekarpena egin du. Ekarpen handia.

Baina hemendik aurrera prozesua azkartzeko eta baldintza hobeak eskuratzeko agortze zantzuak ere erakutsi ditu. Gauden unean, gure proiektuarekiko atxikimendu gehiago biltzea, estatuekiko konfrontazioa herri gisa burutzeko indarrak metatzea eta aldaketaren alde dagoen gehiengo sozial horren aktibazioa izango dira harresia erauzteko gakoak. Horregatik hartu du ETAk bere erabaki historikoa. Urte hauetako borrokak utzi duen uzta jaso eta estrategia horren mesedetan jartzeko.

Agintari espainiarrek, ordea, erabakia porrotaren ondorio dela diote. Zer erantzungo zeniekete?

Porrotaren diskurtsoa estatuen estrategiaren parte da, ezker abertzalean etsipena sortzeko eta erabakiak une politiko honetan zabaltzen dituen aukerak indargabetzeko asmoarekin. Baina errealitatea bestelakoa da eta urduritasun handia dago orain arteko egoerarekin eroso zeudenen artean.

Aipatu dugun bezala, espainiar Estatuak ezker abertzalea akabatzeko zepoa prestatu zuen, baina alde egin diegu eta konfrontazioa agertoki berri batera eraman dugu, estatuen kontroletik kanpo.

Ezker abertzaleak, gainera, ez ditu bere helburu politikoak aldatu, ezker abertzaleak ez dio borrokatzeari utzi. Aldiz, babesa eta helburu horiek berak erdiesteko aukerak handitu egin dira, eta ibilbidearen sinesgarritasunak gora egin du. Independentismoa sendo egituratuta eta baliabide berriz hornituta dago. Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza euskal jendartearen gehiengoaren eskakizuna da. Estatuen zapalkuntza eta jarrera itxia geroz eta higatuago dago Euskal Herrian. Gatazka agerian dago eta konponbidearen beharra eztabaida politikoaren erdigunean kokatuta dago. Eta Espainiak eta Frantziak badakite geroz eta zailtasun gehiago izango dutela eztabaida saihesteko. Oraindik bide puska luzea dugu askatasuna eskuratu arte eta ez da erraza izango, baina horretara goaz. Erabakitasun osoz.

Badakit ez dela zuen ohiko erregistroa, baina, zer sentitzen duzue erabakia hartu ondoren?

Ez da erraza barruan duguna azaltzea. Sentimendu asko pilatzen dira. Horrelako erabaki historiko batek erakunde honen parte diren eta izan diren burkide guztiak ekartzen dizkizu gogora. Borrokak betiko eraman dizkigun kideak. Oraindik preso daudenak. Euskal Herriko lurralde osoan ETA lagundu duten herritarrak. Ezker abertzaleko kideak. Gogora ekartzen dizkigu borrokaren une latzak, une zailak, sufrimendua. Eta baita kideekin bizi izandako une ederrak ere. Borrokak eman dizkigun pozak eta sortu dizkigun etsipenak.

Ardura sentimendu handia dago. Kide horiengatik, Euskal Herriagatik, askapen borrokagatik. Baita poza eta harrotasuna ere, erakunde honek bere txikitasunetik orain arte egin duen guztiarengatik. Konbentzimendua eta ilusioa, askapen borrokari zabaldu zaion agertoki berriarengatik. Gure seme-alabei askatasunezko etorkizuna eskaini ahal izateko itxaropena.

Eta zergatik ukatu, bada zerbait galdu dugun sentimendua, Euskal Herrian jende askok izan duen berdina. ETA ez delako soilik ETA osatzen dugun kideok. ETA, batez ere, herriarena da. Orain arteko bideak gu guztion bizitza markatu du. Izaera bat eman digu, nortasun bat. Euskal Herriari eman dio. Eta askapen borrokari bultzada emateko erabakia dela jakin arren, zaila da pilatutako sentimenduen barne korapilo hori ekiditea.

Nola baloratzen dituzue adierazpenaren ondoren izan diren erreakzioak?

Kasu gehienetan, adierazpenaren ondoren izandako erreakzioek aurretik idatzitako gidoiari erantzuten diotela esan daiteke. Hala ere, azpimarratu behar da den-denak erabaki historikoaren garrantziaz ohartu direla. Denek dakite ziklo berri bat zabaldu dela, eta ziklo horri begira posizioa finkatu nahi izan dute.

Bestela, oro har, euskal jendartean eta euskal eragileen artean erantzun positibo asko jaso ditu. Erabakiak konponbide osoaren aldeko aldarria indartu du, eta Madrili eta Parisi urrats zehatzak eskatzen zaizkie. Bi gobernuok ez dute neurria eman. Nola plantea daiteke ez dela ezer egin behar euskal jendarteak eta nazioarteko eragile garrantzitsuek zuzenean estatuak interpelatzen dituztenean? Gasteizko Gobernua ere galdu antzera ibili da, Euskal Herriko errealitatetik urrun. Ongi dago eragileekin elkarrizketa erronda bat zabaltzea. Baina nahiko lotsagarria da urgentziaz abiatutako errondak urgentziarik ez dagoela esatea helburu izatea.

Dena den, oraingo erreakzioak baino, etorkizunari begira bakoitzak hartuko duen jarrera da garrantzitsua. Eta ez soilik Frantzia eta Espainiako gobernuen aldetik. Euskal Herrian batzuk ETAren jarduera armatua jarri dute aitzakiatzat. Hori amaitu da. Eta orain zer? Zer egingo du ELAk? Zer egingo du PNVk Euskal Herriaren alde? Zer erabakitzeko eskubidea eskuratzeko? Zer egingo dute PSOEk, PPk eta UPNk euskal jendartearen gehiengoaren eskakizunen aurrean?

Zenbaitek Rajoyren «zuhurtasuna» azpimarratu du. Ados al zaudete?

Egia da erreakzioak orain arteko diskurtso ezkor, erasokor eta zentzugabearekin apurtzen duela. Une historiko honen aurrean, Espainiako presidente izateko aukera handiak dituenak gutxieneko arduraz jokatu behar du, eta pentsatzekoa da Rajoyk horrela ulertu duela.

Adierazpena Nazioarteko Konferentziari eman diozuen erantzuna da, baina urrunago doa, ezta?

Bai. Nazioarteko Konferentziak marraztu duen ibilbide orrian kokatzen den arren, erabakiak ikuspegi estrategikoa du eta askapen prozesuan zabaldu den zikloari erantzuten dio.

Hala ere, Konferentzia mugarria izan da. Nazioarteko eragileekin harremanik (zuzenean edo zeharka) izan al du ETAk?

Bai. Irailaren bukaerako agirian aipatu genuen bezala, denbora luzea daramagu konponbide prozesua sustatzeko lanean eta horretarako nazioarteko komunitatearen parte hartzea areagotzea garrantzitsua zen oso. Horregatik, harremanak izateaz gain, nazioarteko komunitatearen aurrean konpromisoak ere hartu ditugu.

Eta Gobernu espainiarrarekin?

ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko zuzeneko bilkurarik ez da egin. Hala ere, azken hilabeteotan elkarren berri izan dugula esan daiteke eta, guk dakigula, PP jakinaren gainean dago.

Konferentziaren ekarpenetako bat Gobernu frantsesari ere zuzentzea izan da. Nola erantzun beharko luke?

Erantzun positiboa eman beharko luke. Frantzia gatazkaren parte da eta konponbidean parte hartze zuzena izan behar du. Gainera, Frantzian bertan geroz eta ahots gehiago altxatzen ari da Gobernuari urratsak eskatuz. Ezin du bere erantzukizuna gehiago saihestu, Espainiaren arazo hutsa izango bailitzan.

Izan al da inolako gutxieneko akordiorik, oinarri adosturik edo dena delakorik?

Lehenik argitu behar da oraingo prozesua ezberdina dela orain arte ezagutu ditugunekin alderatuta. Estatuen itxikeriaren aurrean ezker abertzaleak prozesua bere iniziatibatik abiatzeko erabakia hartu zuen, estatuen borondatearen esperoan gelditu gabe. Horregatik, bere ekimena eta konpromisoak Euskal Herriari eta nazioarteari zuzendu dizkie, gatazkaren konponbide justu eta demokratikoaren alde geroz eta indar gehiago aktibatzeko, pixkanaka estatuen estrategia pitzatu arte.

Erabaki ausarta izan zen eta emankorra izaten ari dela deritzogu. Estatuek bereari eutsi diote baina geroz eta zailtasun gehiagorekin, geroz eta higadura sakonagoarekin.

Zure galderara bueltatuz, gatazkaren konponbidea ekarriko lukeen akordio zehatzik edo akordio erresolutiborik ez dago. Baina konponbideak jarraitu behar dituen urratsen sekuentzia marrazten ari da, nolabaiteko ibilbide orri bat osatuz.

Alde anitzek eman behar dituzten urratsak finkatuta daude eta horietan aurrera egin beharra dago.

Estatu espainoleko hauteskunde nagusiak hortxe dira, eta segurutzat jotzen da Gobernua aldatuko dela. Zer ondorio izan dezake horrek, PPk oso jarrera bortitzak izan dituela kontuan hartuta?

Gure ustez Espainiako Gobernua zein alderdik kudeatzen duen ez da aldagai erabakigarria. Gainera, PPren posizioarekin alderatuz, ezin daiteke esan PSOEko Gobernuak gatazkaren konponbide demokratikoari heltzeko aparteko borondaterik erakutsi duenik.

Azaroaren 20tik aurrera osatuko den Espainiako Gobernuak edozein kolore duela ere, Euskal Herriarekin duen gatazka izango du mahai gainean. Eta Nazioarteko Konferentziak eta ETAk berak egin dioten dei zehatza. Baita ere euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko, ilegalizazioaren estrategia amaitzeko edota Euskal Herriaren eskubideak aitortzeko euskal jendartearen sektore zabalen aldarrikapenak. Gure ustez, espekulazioetan sartzea baino, aldarrikapen horien inguruan herritar gehiago atxikitzea eta presioa areagotzea da gakoa.

ATZERAKO BEGIRADA

Oso erabaki garrantzitsua da, une historikotzat hitz egin daiteke. Atzetik aurrera begiratuta, zein izan dira ETAren historian oraingoarekin aldera daitezkeen uneak? Beste une historikoren batekin konpara daiteke?

Bost hamarkada luze hauetako igarobide politikoan unean uneko erabaki garrantzitsu asko egon dira. Baina hiru dira ETAk bere historian hartu dituen erabaki garrantzitsuenak, Euskal Herriaren historia hurbila markatu eta markatuko dutenak. Lehena, frankismoaren erdialdean, Espainiako Estatuari aurre egiteko eta Euskal Herria askatzeko ETA eratu zenekoa. Bigarrena, erreforma espainiarrak Euskal Herriaren eskabideei erantzun ez zienean eta indar abertzaleen baitan zatiketa eman zenean, ETAk borroka armatuarekin jarraitzeko hautua egin zuenekoa. Eta hirugarrena, oraingo hau, borroka armatuaren amaieraren iragarpena.

Nolanahi ere, argi utzi behar da ETA ez dela sekula izan izaera politikoa duen talde armatu huts bat, baizik eta une historiko batean borroka armatua erabiltzea hautatu zuen erakunde politikoa.

Hala ere, EAJk dio ETA jaiotzetik dela akatsa, edo gutxienez orain hartu dena duela 30-35 urte hartu beharreko erabakia zela. Frankismoaren erreforman bertan egin zenutela huts dio, bai ETAk, bai ezker abertzaleak, oro har.

Euskal Herrian inork gutxik ikusten du akatsik ETAren jaiotzan. Nola zegoen Euskal Herria? Eta zer eskaintzen zuen PNVk horren aurrean? ETAren sorrerak ordura arteko egoera errotik aldatu eta ondorio sakonak utzi ditu luzera. Zapalkuntza itogarriak eragiten zuen etsipenaren aurrean askatasunaren aldeko borroka-eskaintza hedatu zuen. Eta horrekin batera Euskal Herriaren suspertze politiko, sozial eta kulturalari bultzada handia eman zion.

Egia da duela 34 urte borroka armatuaren amaieraren aukera mahai gainean egon zela. Xibertan izan zen hura eta PNVren hautuak zapuztu zuen, Espainiak inposatutako marko zatikatzailea onartu eta horren kudeaketan murgiltzea hobetsi zuenean.

Hautu horren ondorioz PNVk botere eremuak irabazi zituen, Espainiaren aldeko indarrekin batera independentismoa neutralizatzeko saiakeran bete-betean aritzearen truke. Zein da hautu horren balantzea Euskal Herriaren etorkizunari dagokionez? Urte luzez indar hegemonikoa izanik eta instituzio nagusiak kudeaturik, zer egin du PNVk Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aitortua izan zedin? Zeintzuk dira egungo markoak Euskal Herriaren askatasunari eskaintzen dizkion aukerak? PNVren estrategiak egin du huts. Eta ez du ETAk soilik esaten, euskal jendartearen geroz eta sektore zabalagoek baizik. Horregatik darabil PNVk hain diskurtso erasokorra ezker abertzalearen aurka.

Ezker abertzaleak ez zuen amua irentsi eta erreformaren ondorengo aldian ere Euskal Herriaren eskubideen defentsari ekin zion, euskal nazioa eraikitzeko lanean buru-belarri jarduteaz batera. Garai hartan, Euskal Herriaren desagertzea bilatzen zuen amaraun juridiko-politikoaren aurrean ETAk erabaki garrantzitsua hartu zuen: borroka armatuarekin jarraitzea. Eta borroka armatuaren bidez, besteren artean, erreformaren zapalkuntza ereduak ez du inoiz errotzerik izan Euskal Herrian. Borroka armatuaren bidez, besteren artean, heldu da Euskal Herria askatasunaren ateak zabalik izatera.

Nazio eraikuntza haiek egin dutela esaten dute...

Zorionez, euskal nazioa eraikitzeko zereginean jende ugari aritu da. Baita PNVko zenbait militante ere. Nazio eraikuntza herriak egin du. Euskalgintzan, kulturan, irakaskuntzan, amalurraren defentsan, langileen eskubideen aldeko borrokan...

Auzolanak ordezkatu du instituzioen konpromiso eza. Eta ez hori bakarrik. Herritarren konpromisoak PNVk kudeatzen zituen instituzioetatik bideratutako erasoei aurre egin behar izan die. Beraiek sostengatu duten eredu neoliberalak herritarrei egin dien kaltea ikusi besterik ez dago. Euskal Herriak herritarren eta herri mugimenduaren bultzadaz egin du aurrera eta horrela izango da etorkizunean ere.

Historia ez da, ordea, biribil-biribila. Urte horietan guztietan egindakoaz autokritikarentzat ba al da lekurik?

Guk ez dugu gure historiaren irakurketa linealik egiten. Badakigu akatsak egin ditugula, ez dugula beti asmatu. Akats horietatik ikasten eta ahal den neurrian zuzentzen ahalegintzen gara. Erakunde iraultzaile gisa, autokritika iraunkorrean aritzen gara eta horren ondorio ere badira estrategia aldaketak eta estrategia egokipenak.

Hala ere, ezker abertzaleak badu, beste indarrekin konparatuta, sinesgarritasun gehiago ematen dion ezaugarri bat: Euskal Herriaren interesak beste ezeren gainetik jarri dituela beti eta horien defentsan ausart eta eskuzabal jokatu duela.

Xiberta, Aljer, Lizarra-Garazi eta azken negoziazio prozesua porrotak izan al ziren?

Inolaz ere ez. Une historiko horiek ez gaituzte guztiz asetzen, burura eramateko aukerarik egon ez zen neurrian. Baina den-denek utzi dituzte gauza positiboak, den-denek utzi dituzte irakaspenak.

Xiberta da agian etsigarriena. Euskal Herriaren ukazioari herri gisa erantzuteko lehenengo saioa izan zen eta ez zuen aurrera egiterik izan. Haustura sakona izan zen, hiru hamarkada luze igarota ere oraindik itxi ez den zauria. Eta Xibertako zauritik ere elikatu da gatazka. Aljerren, Estatua negoziazio mahaian eserraraztea lortu genuen. Hori gatazkaren onarpena eta askatasunaren alde borrokatzen zuen erakundearen aitortza zehatza izan zen, eta egindako hautuari sinesgarritasuna eman zion. Lizarra-Garazik agertoki politikoa errotik eta iraunkorki aldatu zuen. Ajuria Eneko itunak, ezker abertzalea isolatzeko asmoz, bortxazale eta demokraten arteko jendartearen sailkapena asmatu bazuen, aurrerantzean, alde batean Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gatazkaren konponketaren giltzarria zela zioten abertzale, ezkertiar eta demokratak jarri ziren; eta bestean, Espainiako Konstituzioaren aldekoak. Egun sarritan aipatzen ditugun baldintzak orduko haziak erein zituen. Eta azken prozesuan gatazka konpontzeko metodoa eta edukiaren gakoak ezarrita gelditu ziren.

Askapen prozesua dinamikoa da eta esperientzia ezberdinen metaketatik eraikitzen da. Horregatik, seguruenik fase horietatik igaro beharra zegoen gauden unera iristeko. Esan daiteke, egun, horien guztien garapenean gaudela, indarrak bilduz eta negoziazio prozesu berri bat egituratuz. Eta orduko haietan ikasitakoaren esperientzia dugu.

Hala ere, sortutako aukerak ez ziren nahikoa sakondu. Zergatik?

Une historiko bakoitzak irakurketa espezifikoa eskatuko luke eta seguruenik ez litzateke azalpen bakar eta biribilik egongo. Horrelakoetan, alde bakoitzak egin zezakeen guztia egin ote zuen galdetu beharko lioke bere buruari.

Honek ez du esan nahi alde guztiek erantzukizun bera dutenik. Ezker abertzalea prozesu bakoitzean bururaino eramateko asmoarekin abiatu da, erantzukizunez, konponbide justu eta demokratikoa eskuratzeko helburuarekin. ETAk akordio guztiak bete ditu eta prozesuak formalki hautsi direnean ere ildo berari eutsi dio. Espainiako Estatuak, aldiz, jokabide maltzurra izan du. Ez zuen bakea eta konponbidea bilatzen, askapen borroka indargabetzea baizik. Prozesua hasi eta berehala beronen haustura bilatzen zuen, hausturaren kaltea ezker abertzaleak ordainduko zuelakoan. PNVren jokabidea ere aipatu beharra dago. Alderdi interesei begira aritu da, prozesuan aurrera egiteak sor zezakeen egoera berriaren beldur. Aljerren, bere jarrera erabakigarria izan zen prozesuaren hausturan eta azken prozesuan Estatuarekin lerrokatu zen. Lizarra-Garazin ere, prozesuak independentziarainoko bidea egiteko zuen potentzialitatea ikusi zuenean balazta jarri zuen.

Alde bakoitzaren jarreraz gain, ezker abertzaleak prozesu guztien balantzeetan ondorio komun bat atera du: ez genuela herriaren aktibazioan behar beste sakondu. Herriak izan behar du protagonismoa. Soilik herriak berma dezake prozesuaren garapena.

Eta zergatik izango da oraingoa ezberdina ?

Ez dago jakiterik oraingoa nolakoa izango den. Amaiera idatzi gabe dago. Euskal herritarrek, eta ezker abertzaleko kideek bereziki, oso presente izan behar dute. Dena lotuta dagoela pentsatzeko joera egon daiteke, ez dakigu zein mahaitan konponduko den. Ez. Herritarrek egin behar dute prozesua eta ezker abertzaleko militanteek erantzukizun handia dute. Inork ez digu ezer emango, guk irabazi behar dugu, eguneroko lan eta borrokarekin.

Ezker abertzalea erabakitasunarekin sartu da. ETAk hartu duen erabakiak, gainera, erabakitasun hori indartzen du. Gero prozesua denboran luza daiteke, estatuen jarreraren eta indar politikoen heldutasunaren arabera. Baina ez dago prozesua ez den beste aukerarik. Herriak elikatu behar du prozesua bururaino eraman arte.

Bistan da une historiko honetara iristeko zer ikusi handia izan dutela orain dela bizpahiru urte ezker abertzaleak egindako hausnarketak, eztabaidak eta erabakiek. 2010eko hasieran onartu zen «Zutik Euskal Herria» ebazpena. Gaurtik ikusita, zer balorazio egiten du ETAk prozesu hartaz guztiaz?

Lehenik aipamen bat egin nahi dugu. Askotan lotzen da une hau duela bizpahiru urteko eztabaidarekin. Eta badu garrantzia, estrategia aldaketaren eztabaida burutu zen neurrian. Baina, gure ustez, nolabait esateko, ez gaude apustu politikoaren bigarren edo hirugarren urtean, 52. urtean baizik. Atzerago ere joan gintezkeen seguruenik. Ikuspegi hau funtsezkoa da ezker abertzalearen hausnarketan, nondik gatozen eta nora goazen oroitarazteko.

Edonola ere, ezker abertzaleak bere hausnarketan bete-betean asmatu zuen. Askapen prozesuaren une historikoaren eta estatuen estrategiaren irakurketa egokia egin zuen. Urteetako borrokak sortu dituen baldintzen gainean, askapen prozesuaren geldiunea gainditzeko eta fase erabakigarrian sartzeko estrategia eraginkorra finkatu zuen. Estrategiaren egokitasuna luzera neurtu beharko den arren, duela bi urteko egoerarekin alderatuta, non geunden eta non gauden ikusita, bere hutsune guztiekin, irekitako bidearen emankortasuna eta prozesuaren bideragarritasuna erakutsi du orain arteko ibilbideak.

Nolanahi ere, prozesu honetan une politikoari buruzko irakurketan erabateko adostasunik ez dela izan nabarmena da, edo behintzat irudi hori islatu da.

Bai, egia da. Irakurketa ezberdinak egon ziren eta horrek estrategiaren atal guztien eztabaidari eragin zion: prozesua zabaltzeko uneari, prozesuaren ezaugarritzeari edota borroka armatuaren beraren funtzioari. Beste batzuetan, estrategiarekin bat egin arren desadostasunak zehaztapenetan egon ziren. Eta irakurketaz haratago ere beste arazo batzuk egon ziren, eztabaida prozesua zabaltzeko eta garatzeko moduaren inguruan batez ere. Eztabaida emankorra izan arren, zauriak eta kezkak utzi zituen. ETAk, bere ardurari dagokionez, autokritika egin du, une horretan ezker abertzaleari begira zegokion funtzioa ez zuelako behar bezala bete.

Egoera horretan Espainiako Estatuak ahalegin handia egin zuen ezker abertzalearen zatiketa bultzatzeko. Baina ez zuen lortu, ezker abertzaleak heldutasun eta ardura handia erakutsi duelako.

Kontraesanak kudeatzeko eta ikuspegiak bateratzeko bitartekoak jarri ziren. Onartuta, beti ere, ikuspegi ezberdinak egon daitezkeela eta zilegi dela. Eta egun harrotasunez esan dezakegu barne kohesio handia dagoela ezker abertzalean, beste indar askotan ez bezala.

Zenbait arduradun eta ordezkari politikok gatazkaren «kontakizuna»ri sekulako garrantzia eman dio. ETA dela arazoaren iturburu nagusia argi geratu behar omen du. Zer diozue?

Gatazkaren errelatoa gatazka beraren konponbidea bideratzean egin beharko da. Guk Euskal Herriak bakea eta askatasuna eskuratu zitueneko kontakizuna izatea nahi dugu, noizbait ikasiko den euskal estatuaren sorreraren historia izan dadin. Eta zeregin kolektiboa izatea nahiko genuke, bakoitzak dagokion atala idatzita. Errelatoa orain idatzi nahi dutenek, ordea, Euskal Herria egungo inposizio egoeran utzi nahi dute betiko. Horregatik kokatu nahi dute ETA arazoaren iturburu, logika guztien kontra. Gatazka ez zen hasi ETAren sorrerarekin eta gatazka ez da bukatu ETAk bere jarduera armatuaren amaiera iragarrita, euskal jendartearen konponbidearen aldeko aldarriak aski argi azaltzen duenez.

Gatazkaren ondorioei heltzeko eta horiei aterabidea emateko mahai baten inguruan aritzeko prest zaudete. Gai nagusietako bat presoena da. ETAren aburuz, nola, zer terminotan, erantzun behar zaio gaiari? Non dago gutxienekoa gai honetan?

Lehenik, gaiari termino politiko eta orokorretan erantzun behar zaio. Ziklo bat ixteaz ari garelarik, konponbideak kolektiboa behar du izan. Bigarrenik, prozesuak euskal preso guztien etxeratzea ekarri behar du. Gainerako aukerak mendeku asmotik plantea daitezke edota interes politiko zehatzengatik, baina ez konponbide sendo eta iraunkorra eraiki nahi bada. Inork irudika lezake bakea Espainia eta Frantziako espetxeak euskal preso politikoz beteta daudenean? Beste kontu bat da, garrantzitsua hau ere, hori nola gauzatzen den. Hori da elkarrizketa mahaian hitz egin eta adostu behar dena.

Denborak ere badu garrantzia. Ikuspegi politikotik eta humanotik, ahalik eta azkarren konpondu beharko litzateke. Horrek sendotasun eta sinesgarritasun handia emango liokeelako prozesuari.

Eta iheslariak? Egoera arras ezberdinak egon daitezke kolektibo horretan.

Egoera ezberdinak daude, bai, eta horietako batzuen konponbidea ez litzateke gehiegi luzatu beharko. Aurretik ere Iheslarien Kolektiboak berak hartu izan du iniziatiba, ekimen politiko moduan. Bestela, preso politikoei buruz esandakoak balio du. Euskal iheslari guztiak etxean egon behar dira.

ETAk horiek guztiak ordezkatzeko asmoa al du, edo kolektibo horiek ahots propioa izan behar dutela uste duzue?

Kolektibo horiek ahots propioa dute eta izan behar dute, zalantzarik gabe. Eragile politiko diren neurrian, prozesuan parte hartzeko eskubidea dute. Bake eta askatasun agertoki bat eraikitzeko Euskal Herriak duen aktibo nagusienetakoa da, eta prozesua bultzatu eta sendotzeko funtzio garrantzitsua dagokiela uste dugu.

Negoziazio esparruan, gatazkaren ondorioak bere osotasunean gainditu behar direnez, ETAk bere gain hartzen du eremu horien kudeaketa. Ez luke egingo bi kolektiboen baimena izango ez balu. Gainera, negoziazioei begira konpromiso zehatza hartu du ETAk: ez du euskal preso eta iheslariei eragiten dien erabakirik hartuko beraien oniritzirik gabe.

Biktimen gaiak sortuko du jakin-mina eta, beharbada, baita zalaparta ere. Zein izango da ETAren posizioa?

Gai honetan erabilpen politiko eta desitxuratze itzela dago. Gatazkaren biktima nagusia Euskal Herria da, desagerrarazi nahi izan den eta etengabe erasotua izan den herria. Bere etorkizuna askatasunez egiterik izan ez duen herria. Biktima nagusiak euskal gizon eta emakumeak dira. Ez dago bakea eta askatasuna ezagutu duen belaunaldirik. Nork neurtzen du horrek eragin duen kaltea, horrek eragin duen sufrimendua? Azken 43 urteetako sufrimendua aipatzen da, baina nork jartzen du muga? Atzerago ere joan gintezkeen. Aipa genitzakeen azken mendean Euskal Herriak pairatu dituen sarraskiak. Edo ez al da egungo konfrontazio armatua Gernikako bonbardaketak utzi zituen txingarretatik piztu?

Azken hamarkadetako konfrontazio armatuak sufrimendu ugari eragin du, zalantzarik gabe. Baita ETAren ekintzek ere. Gu ez gara insensibleak.

Sufrimendua gure larruan ezagutu dugu. Badakigu ongi zer den burkideak galtzea, zer den mina, zer den maite ditugunak ondoan ez izatea. Baina ezin dugu bat egin gatazkaren gakoak ahaztu nahi dituen irakurketarekin. Ezin dugu bat egin askatasunaren aldeko borroka gaitzestea bilatzen duten asmoekin. Ezin dugu bat egin aurkeztu nahi zaigun errealitate bakarrarekin, ez eta azken urteotan Espainian elikatzen ari den jokabide faxista eta mendeku gosearekin ere.

ETAk erabateko konpromisoa du konponbide prozesuarekin. Gatazka behin betiko konpondu behar da, bere osotasunean, indarkeria oro gaindituz eta gatazkaren erroei helduz. Hori da egiazko bake egoera iraunkorra sortzeko eta gatazkak sufrimendu gehiago eragingo ez duela bermatzeko bide bakarra.

Horrekin batera, memoria historikoa landu beharra dago. Sarritan hitz egiten da sufrimenduaren eta biktimen aitortzaz. Garrantzitsua da. Eta estatuen indarkeriak eragindako biktima eta sufrimendu ugari aitortu gabe dago: estatu terrorismoa, tortura, ETAko militanteen erailtzeak, indar polizialek eragindakoa... Gehienetan gertatu denik ere ukatu egiten da.

Euskal Herria indar polizialez beteta dago. Prozesu honek inolako ondoriorik izan behar du egoera horretan?

Zalantzarik gabe, Euskal Herriaren desmilitarizazioa ekarri behar du prozesuak. Ezin da ulertu konfrontazio armatuaren amaiera Euskal Herria indar armatuz beteta baldin badago. Zein helburu lukete horiek euskal herritarren borondatea bortxatzeko mehatxu egitea ez baldin bada? Zein zeregin lukete independentismoaren jarduera politikoaren jazarpena ez bada? Konponbidea demokratikoa izango bada, ezin da indar armatuen mehatxupean egon.

Gainera, gatazkak utzi dituen zauriak sendatzeko ere ezinbesteko urratsa da. Indar armatu ezberdinek kalte handia eragin diote herri honi. Aipatu errelato horren orrialderik beltzenak Guardia Zibilak idatzi ditu. Euskal herritarren sentipen kolektiboan garrantzia handiko urratsa litzateke.

Armak desegiteaz hitz egiteko prest al zaudete? Horretaz hitz egin al duzue, adibidez, Egiaztatze Batzordearekin?

Armen auzia ETA eta estatuen arteko negoziazio agendan dagoen gaietako bat da eta prest gaude horretaz hitz egiteko eta konpromisoak hartzeko, gatazkaren ondorio guztien konponbidearen logikan.

Bigarren galderari dagokionez, ez, ez dugu Egiaztatze Batzordearekin horretaz hitz egin. Seguru aski funtzio bat bete ahalko luke, baina urratsez urrats joan behar da.

Nolako eredu negoziatzaile aurreikusten duzue? Non, nola, nork, noren aurrean...?

Negoziazio eredu sendo eta eraginkorra egituratu behar da. Horretarako, ETAren eta Frantzia eta Espainiako estatuen arteko aurrez aurreko elkarrizketak abiatu behar dira, prozesua lagunduko duen nazioarteko eragileren baten dinamizazioarekin. Nazioarteko behatzaileen parte hartzeari ere funtsezkoa deritzogu, eskuratuko diren akordioen garapenaren jarraipena egiteko eta, beraz, akordioak betetzeko berme gisa.

Negoziazio agendari dagokionez, gure ustez hiru gai nagusi daude: euskal preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea, ETAren armen desegitea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa. Horiek gauzatzeko formulak adostu behar dira negoziazio mahaian eta aholkularien laguntzaren beharra aurreikus daiteke.

Eredua aurreko prozesuen esperientziatik nahiko finkatuta dago. Eta ETA prest dago. Beraz, elkarrizketa prozesua bihar bertan has daiteke gobernuek erantzun positiboa ematen badute.

Eta estatuek urrats esanguratsurik egin nahi ez badute?

Gerta daiteke horretan ahalegintzea, errail hau blokeatuta prozesu politikoa geldiaraziko dutelakoan. Edo, besterik gabe, inolako konponbiderik ez dutelako nahi. Aurreko esperientziak ikusita, ez dago estatuen borondatean konfiantzarik izateko arrazoirik.

Horrek egoera zaila sortuko luke, prozesuak estatuen parte hartzea behar duen neurrian. Nola aurre egin dakiokeen? Erronkari eutsiz. Pazientziarekin jokatu behar da, etsi gabe, eguneroko borroka eta lanarekin jarraituz, indar berriak bilduz, ditugun indarrak eraginkorrago bilakatuz...

Prozesua ez da soilik negoziazio mahaian emango. Herri aldarrikapenak eta herri presioak funtzio erabakigarria daukate. Gainera, ETAren erabakiak herritar guztiei, eta ezker abertzalearen oinarri sozialari batez ere, erantzukizun erantsia eman die. Konpromiso garaia da. Eta funtsezkoa da horretaz jabetzea.

Gatazka politikoak konponbide politikoa behar duela uste zabaldua da Euskal Herrian. Azkenaldian, gainera, egitura juridiko-politiko berri baten aldeko ahotsak ugaritu egin dira. Erabakitzeko eskubidea ere erreferentzia da. Nola ikusten du ETAk konponbide politikoaren eremuaren garapena?

Konponbide politikoak gatazkaren gakoei erantzun behar die Euskal Herrian egiazko egoera demokratikoa ezartzeko. Lehenengo urratsa euskal eragile politiko eta sozialen artean garatu behar den elkarrizketa prozesua da. Noski, prozesu hau inolako indarkeriarik gabe eta inolako esku-hartzerik gabe gauzatu beharko litzateke. Negoziazioen helburua Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazio adostua jasoko lukeen akordio demokratikoa eskuratzea litzateke. Horrela, proiektu politiko guztiak ahalezkoak izango lirateke, independentzia barne.

Akordio demokratikoak euskal herritarren babesaren zilegitasuna jaso beharko luke, herri kontsultan berretsita. Hortik aurrera, estatuen eta Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen ordezkaritzaren artean negoziazio prozesua zabaldu beharko litzateke. Ez akordioaren edukiaren inguruan, hori soilik euskal eragileei eta euskal herritarrei dagokielako; negoziazio hauen helburua akordio demokratikoa ezartzea litzateke.

Zuen iritzi horien atzean konponbide politikoa tutelatzeko gogoa egon al daiteke? Horixe da beti ETAri egin zaion akusazioetako bat.

ETA ez da inoiz prozesu horrekiko mehatxu izango, dagoeneko aski argi gelditu denez. Inoiz ez da izan. ETAk bere iritzia du eta bere hausnarketak egiten ditu. Horiek dira mahairatzen ari garenak. Baina ETA ez da konponbide politikoaren mahaian eserita egongo. Ezker abertzalearen erreferentzia politiko nagusia den herritar batasunak ordezkatuko du ezker abertzale osoa mahai horretan. Espainia eta Frantziaren aldeko indarrek Euskal Herrian dituzten ordezkarien bidez parte hartu beharko lukete. Beharrezkoa da. Baina hortik haratago, prozesuak ezin du inolako kanpo mehatxu eta esku-hartzerik izan. Ez estatuena, ez beste inorena. Euskal herritarren borondate eta nahiaren araberako prozesua izan behar da. Euskal herritarren hitza eta erabakiaren araberakoa.

Herritarren borondatea dela oinarria eta erreferentzia esan duzue beste batzuetan ere, baina hori gauzatu ahal izateko nahikoa aurreratu dela uste al duzue?

Aurreratu da euskal herritarren kontzientziari eta heldutasun politikoari dagokionez. Euskal herritarrek hitza hartu nahi dute, bai prozesu demokratikoan bai eguneroko bizitza politiko eta sozialean.

Espainia eta Frantziaren aldeko indarrek, aldiz, ariketa demokratikoa egiteke dute oraindik. Indar politiko hauei ez zaie herritarren nahia axola euren proiektua indarrez inposatzerik badute. Gasteizko Gobernuaren harrokeria ikusi besterik ez dago, inolako zilegitasun demokratikorik ez duela jakinda. Dena dela, ez dute erraza izango herritarren eskaerei bizkarra ematea.

Gatazkaren muinari erantzungo liokeen akordio politikoa erdiesteko behar besteko heldutasunik izango al dute indar politikoek?

Euskal jendarteak ez luke besterik onartuko. Tamalez, sektore batzuetan oraindik ez da heldutasun nahikorik antzematen. Euskal Herriaren zatiketak eta inposizioak eman dien posizio pribilegiatua galtzeko beldur dira. Horregatik, prozesua mehatxutzat hartzen dute, guztiontzako aukera beharko lukeenean.

Gure ustez oker dabiltza, Euskal Herriak inposizioan oinarritzen den eskaintza politikorik ez duelako gehiago onartzen. Beraiek ere hausnarketa hori egiten ari dira. Indar horiek badakite Euskal Herrian zabaldu den egoeran euren posizioa egokitu beharko dutela euskal jendartetik gehiegi urrundu nahi ez badute. Hausnarketa horren emaitzak prozesu demokratikoan murgiltzera eramango ote dituen, aldiz, ikusteko dago. Horregatik, giltza euskal jendarteak dauka. Herriaren exijentzitik eta aktibaziotik azkartuko da prozesua.

Lurraldetasunaren auzia nola konpondu, horrek ere zalantza franko sortzen ditu.

Lurraldetasunaren auzia prozesuaren gakoetako bat da. Espainiak eta Frantziak lurralde zatiketan eraiki dute euren lehenengo lubakia. Eta urtetan zehar inposaturiko egoeran zulo sakona aitzurtu dute. Baina gatazka politikoaren konponbideak Euskal Herri osoari eragin behar dio. Euskal eragile politiko eta sozialen arteko elkarrizketetan Euskal Herriko errealitate nazionalaren aitortzari formulazio zehatza bilatu beharko zaio, egungo errealitate instituzionala kontuan hartuz, baina zuloaren sakonera arazo gaindiezina bilakatu gabe.

Erritmo ezberdinak izango direla argi dago. Ipar Euskal Herrian ere aldaketa esanguratsuak izateko aukerarik ikusten al duzue?

Argi dago bi estatuekiko konfrontazioak bilakaera ezberdina izan duela eta jendartearen pertzepzioa eta abertzaletasunaren garapena ere ez dela berdina. Hori kontuan hartu behar da, eta erritmoetan eta moldeetan eragin dezake.

Edukietan, aldiz, gatazka politiko bera izanik, gakoak ere bertsuak dira: aitortza eta erabakitzeko eskubidea. Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan kontzientzia handia dago horren inguruan, eta oso sektore zabaletatik Euskal Herriaren aitortza jasoko duen eta Euskal Herriaren beharrei erantzuteko beharrezko baliabidez hornituko duen instituzio propioa aldarrikatzen da.

Prozesu hori egituratzea da erronka, akordio demokratikoa eskuratzeko helburuarekin. Eta prozesu osoaren garapenak eta Nazioarteko Konferentziak bultzada eman diezaiokete.

Euskal Herrian ireki den prozesuaren lehen helmuga zein izan daiteke? Historikoki, ezker abertzaleak marko demokratikorako proposamen zehatzak egin ditu. Maila horretara iritsi al daiteke? Prozesu honek ez du aldez aurretik halakorik bermatzen, ezta?

Gatazkaren ondorioak gainditzearekin batera, gatazka politikoa konponbidean jarriko duen akordio demokratikoa behar da. Akordio horrek lursoro demokratikoa ezarriko du. Hori izango da prozesuaren lehen helmuga: Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza. Mugarri hori finkatuta, indar politiko bakoitzak bere proposamen zehatza aurkezteko aukera zabalduko da. Une horretan ezker abertzaleak berea aurkeztu beharko du. Zuk diozun bezala, ez dago aurrera aterako den bermerik. Proposamen bakoitzak biltzen duen atxikimenduaren araberakoa izango da.

Euskal Estatu independientea izan duzue, beti, azken helburutzat. Egin duzuen urrats historiko hau eta gero, nola ikusten duzue helburu horretaraino egin beharreko bidea?

Independentziarainoko bidea egiten ari gara. Independentismoa egituratzen ari gara, Euskal Herriko bizitza politikoan izan behar duen erreferentzia eta protagonismoa har dezan. Urrats garrantzitsuak eman ditugu eta herritar askoren babesa jaso dugu. Baina zabaldu dugun ziklo honetan ezker abertzalea bidea bururaino ibiltzeko prestatu behar da. Ikusmira luzearekin, aliantzak sendotzeko eta herritarren gehiengoaren atxikimendua biltzeko helburuarekin. Eta ez hori bakarrik: estatua izatera iristeko tresnak sortu behar ditugu. Herritarren zerbitzura egongo den eta justizia soziala bermatuko duen estatua.

Nazio eraikuntza estrategia independentistaren oinarrizko zutabea izan behar da. Eta horrek antolakuntzan jauzi handia ematea eskatzen du, independentista eta sozialista izango den ezker abertzalearen erreferentzia politiko nagusia indartzea.

Prozesu honek aurrera egin ahala, gainera, estrategia independentistarako energia berriak askatu beharko dira, orain arte gatazkari lotutako beste zereginetan egon direnak. Erronka handia du ezker abertzaleak, erronka zail bezain ederra.

Faseen ikuspegitik, prozesu luze eta mailakatua aurreikusten dugu, independentziarako jauzia emateko beharrezko baldintzak sortu bitartean. Lehenengo bataila nagusia Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza eskuratzea izango da. Ondoren, autodeterminazio eskubidea aitortzen denetik aplikatzen den arte, trantsizio fase bat zabalduko dela aurreikus daiteke. Trantsizio fase horretarako ezker abertzaleak bere proposamen taktikoa egin beharko du, lurralde batasuna eskuratzeko eta nazio eraikuntzan sakontzeko baliabide berriak izate-ko helburuarekin. Fase hori zenbat luzatuko den ez dago jakiterik. Sortuko ditugun baldintzen eta egitasmo independentistak jasotzen duen atxikimenduaren arabera egongo da.

Krisi ekonomikoak eredu osoa jarri du zalantzan. Ezker abertzaleak, aldaketa politikoaz gain, aldaketa soziala ere behar dela aldarrikatzen du. Prozesu honek zerbait ekar al dezake alor honetan?

Ekarri behar du, zalantzarik gabe. Prozesua integrala da eta aldagai asko ukitzen ditu. Tartean eredu sozial eta ekonomikoarena. Euskal Herriak egungo egoerari erantzuteko tresnak behar ditu, euskal herritarren beharrak asetzeko bitartekoak. Eta hori oso lotuta dago Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortzarekin. Are gehiago ikuspegi ekonomikotik Espainia eta Frantziarekiko menpekotasuna zama bilakatzen ari den honetan.

Estatuek ba al dute eskaintza politikorik euskal herritarrentzat? Adibidez, Estatu espainolak oso krisi sakona bizi du. Zer ekar dezake horrek guztiak?

Estatuek ez dute Euskal Herriarentzako eskaintza politikorik. Inposatzen duten ereduak ez ditu euskal herritarren nahiak asetzen. Eta ez du erantzunik Euskal Herriaren eskakizunentzako.

Espainiako Estatuaren krisia aipatu duzu, eta halaxe da. Krisi ekonomikoaz gain, krisi politiko eta instituzional sakona bizi du. Erreforma politikoarekin eratu zuten eredu autonomikoa kolokan dago. Eta estatu botereen arteko liskarrak etengabeak dira. Horri gehitu behar zaio alderdien arteko lehia modu erasokorrean eta neurririk gabe gauzatzeko Espainian garatu den kultura politikoa. Emaitza, egiturazko ezegonkortasuna da.

Eskaintza politikorik gabe eta bizi duen egiturazko krisiarekin, Espainiak badaki Euskal Herriko prozesuari begira ahultasun estrategikoa duela eta egoera horretan prozesua konponbide demokratikotik haratago doala eta dimentsio estrategikoa hartzen duela. Prozesuan ez da soilik Euskal Herriaren eskubideen aitortza ebazten, hurrengo urratsetan etor daitezkeen agertokiak baizik. Proiektuen arteko konfrontazioa da.

Horregatik, Espainiako Estatuak, bere ahultasun estrategikoaz jabeturik, prozesu politikoa zangotrabatzeko eta lokazteko ahalegin guztiak egingo dituela aurreikus daiteke. Estatua ez da solaskide fidagarria izango. Ez da inoiz izan, baina are gutxiago orain. Horren ondorioz, gerta daiteke prozesua blokeatzea. Eta aldebakarreko ekimenekin erantzun beharko da, aldebakarreko burujabetza aldarrikape- nekin. Inoiz baino gehiago etorkizuna herriarena da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo